Txapela buruan eta ezin ibili munduan

2015eko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Euskal herritarron berezitasuna izan daiteke, akaso, gure nortasunaren eta lurraldetasunaren defentsa irmoarekin batera atzerrirako joera antzinatik datorkigula. Txapela buruan eta ibili munduan esaerak beste edozerk ez bezala islatu dezake joera hori. Beste kontinente batzuetaraino euskal herritarron migrazio uhinak askotarikoak izan dira historian zehar, askotarikoak diren moduan kanporatzeko izan ditugun arrazoiak.

Esan daiteke, gainera, batez ere herri gisa harro sentiarazten gaituzten arrazoiei erreparatzeko joera daukagula. Era horretan, berehala datozkigu burura XVII. mendean arrantzaleek Ternuan harrapatutako baleak, XIX. mendean artzainen esfortzuaz AEBetan eragindako aberastasuna edo XXI. mendean euskal enpresek atzerrian duten ezarpena; baita komunikabideetara, dokumentaletara eta euskal herritarron ahotara ere. Batik bat, geure izaera abenturazale, apustuzale edo gaur egun puri-purian dagoen ekintzailetasuna goraipatu nahi dugunean. Irudikari kolektiboan, halaber, ezinbestean gizonezkoen errepresentazioak ditugu errotuta horri buruz pentsatzerakoan. Migrazioa zuzenki inplikatzen ez badu ere, ezin diot eutsi esateari izaera eta irudikapen horren goreneko lekua hartu duela azkeneko urteotan Patagoniara muturreko biziraupena jolas moduan praktikatzeko gustu tematiak, euskal testosterona esportatuz sobera dugun lehengaia izango balitz bezala, eta ikurrina erabiliz espainiarrek Flandesen pikak jartzen zituzten moduan.

Aldiz, gutxiagotan aipatzen ditugu euskal herritarron erantzukizuna Amerikako genozidio eta dirauen espoliazio historikoan, miseriak bultzatuta emigratu eta haien egunak miserian amaitu dituzten gutarikoen istorioak, errepresioak derrigortuta ihes egin eta hamarkadetan errefuxiatu bizi direnen gorabeherak, edo historian zehar euskal emakume immigranteen bizirik irauteko eguneroko muturreko borroka, besteak beste. Lehenengo kasuan, menderatzaile, eta ondorengoetan, ahul; ahaztu edota periferiko agertzeak gure buruaz dugun irudi goraipatuan zalantza zipriztina utziko digun beldur, agian.

Aurrekoarekin batera, hainbestetan oroitzen eta aztertzen ez dugun kontua da nazioarteko elkartasuna izan dela munduan zehar ibiltzeko geure beste modu bat; zehazki, ikuspegi internazionalista eta feminista batetik aritzen dena. Emakumeon eskubideen aldeko nazioarteko elkartasunaren oihartzunak irudi epikoak eta heroikoak islatzen ez baditu ere, nabarmentzeko eta harro sentiarazteko adibide franko dauzkagu. Horietako bat Saharar Emakumeen Batasun Nazionala (SEBN) laguntzeko euskal sarea dugu, zeinetan Mendebaldeko Sahararen alde lan egiten duten elkarte feministek, zenbait udaletxetako berdintasun sailek eta hainbat lankidetza erakundek parte hartzen baituten. Sare horren abentura, apustu edota enpresa tinkoa emakume saharar eta euskal herritarron arteko elkarkidetza da.

Saharar Emakumeen Batasun Nazionala laguntzeko euskal sareak urteetako bidea egin du oztopoak gainditzen eta emaitzak lortzen. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, saharar emakumeekin batera abian jarritako Emakumeen Etxeak Tindufeko errefuxiatuen kanpamentuetako lau wilayetan (Aaiun, Auserd, Dajla eta Smara), eta horietan emakumeon eskubideen inguruan formazioan aritzeko emaniko laguntza. Hain ezaguna ez den elkartasun horrek Ignacio Ellakuria Saria merezi izan zuen 2012an Eusko Jaurlaritzaren partetik.

Etengabeko berritze eta birpentsatze prozesuan, indarrak eta estrategiak ezinbestekoak egin zitzaizkien saharar emakumeei eta Saharar Emakumeen Batasun Nazionala laguntzeko euskal sareari, haien lana errefuxiatu kanpamentuetan egin bezala Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetara zabaltzeko. Izan ere, euskal jendartean badaukagu kanpamentuetako egoerari buruzko informazio eta kontzientzia, baina oso gutxi dakigu Marokoren kontrolpean dauden zonaldeetan gertatzen denaz. Ez da kasualitatea kontrol horren ardatzetako bat izatea harresi informatiboa eraiki eta sostengatzea, zeinaren bidez Marokoko agintaritzaren giza eskubideen urraketa sistematikoaren politikak zigorgabetasun osoz jarraitu ahal baituen.

2013. urtetik aurrera, Saharar Emakumeen Batasun Nazionalak lurralde okupatuetan lan egiteko dituen zailtasunei aurre eginez, zenbait ordezkaritzak El Aaiunera bidaiatu izan dute hango emakumeekin topo egiteko eta haien giza eskubideen egoeraren berri izateko. Han, ez dugu aurkitu saharar emakumerik urteetako derrigorrezko desagerpenik, atxiloketa arbitrariorik, kartzelarik, torturarik, jazarpenik edota hezkuntzan eta merkatu laboralean diskriminaziorik pairatu izan ez duenik; berdin adinekoak eta gazteak.

Sarearen lana bera ere ezin izaten da normal egin lurralde okupatuetan, poliziaren eskutik konstantea delako jazarpena eta larderia. Edonola ere, iragan uztailaren 31n sareko hiru lagunek bidaia egin genuen El Aaiunera, ikusmira internazionalista eta feminista duen giza eskubideen aldeko lan horri jarraipena emateko helburuz. Egun horretan, baina, Marokoko agintariek, persona non grata ginela adierazi, eta kanporatu egin gintuzten, bestelako azalpenik eman gabe. Hobeki esanda, kanporatze horrekin, Marokorentzat saharar emakumeen eskubideak non grata direla azaldu ziguten zakarki. Baita euskal herritarrok, txapela edo zapia buruan izanda ere, ezin garela munduan ibili ere, segun eta nortzuk garen eta zertan aritzen garen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.