Sustrai Erakuntza fundazioko kideak

Tuterako lohiak, egin behar ez denaren adibide garbia

Nerea Martiarena Vallero eta Martin Zelaia Garcia
2024ko irailaren 17a
05:00
Entzun

Abuztua oporraldi garaia izan ohi da pertsona askorentzat, gobernatzen dutenentzat barne. Eta, hala ere, ohikoa izaten da abuztua aprobetxatzea gai batzuk zarata handirik gabe jorratzeko, nahiz eta garrantzi handikoak izan.

Horixe gertatu da Nafarroako araztegiko lohien kudeaketa zentralizatzeko proiektuarekin. Opor egunetan jendaurrean jarritako proiektu horrek azaleratu du Nafarroako Gobernuaren asmoa, Nafarroa osoko araztegietako hondakinak bi puntutan bakarrik kudea daitezen: Tuterako araztegia, Nafarroan sortutako hondakin horien %40 hartuko lituzkeena, eta Aratzurikoa, Iruñetik gertu, gainerako %60a hartuko lukeena.

Proiektua oharkabean pasa zitekeen, Tuterako araztegian egin nahi denaren zati txiki bat besterik ez baita. Hala ere, proiektu osoak lohi horietatik biogasa atera nahi du, eta, antza denez, gero, Erriberako soroetan ustezko ongarri bat barreiatu. Eta dirudienez esaten dugu, oraindik ez baita ezagutzen proiektuaren azken fase horren xehetasunik. Ingurumen-ebaluazioari buruzko legeria argi eta garbi urratuz, proiektua artifizialki zatitu da hiru fasetan. Horrela, ezinezkoa da proiektu globalak ingurumenean izan dezakeen eragina behar bezala aztertzea. Kontuan izan behar da azken fasean zehaztuko dela zer egin hondakinekin, eta horiek izan daitezkeela kutsatzaileak soroetarako.

Gainera, proiektuak aurreikusten du lohi horiek Nafarroako bi tokitan bakarrik modu zentralizatuan kudeatzea, eta hori Nafarroako Gobernuak berak egin zuen plangintzaren aurkakoa da. 2019-2030 Nafarroako Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzaileak ezarri zuen lohiak hiru puntutan tratatu beharko liratekeela: Tuteran, Aratzurin eta hirugarren bat Lizarraldean, bere eremuan sortutakoak tratatzeko. Alta, proiektu honekin erabat aldatzen da egindako plangintza, eta delako aldaketa hori egin da egungo egoera aztertu gabe eta iritzi publikoa beste behin baztertua.

Horrela, ikusten dugu Nafarroako hondakinen kudeaketa osoa zentralizatzen ari dela, bai hiri hondakin solidoak, bai likidoak, Tuteran eta Iruñerrian. Ez da ahaztu behar Nafarroako sailkatu gabeko hiri-hondakin gehienak Tuterako El Culebrete zabortegian dauden instalazioetan tratatzen direla oraindik ere, non iristen diren hondakinen kopuru txiki bat bakarrik birziklatzen den. Beraz, hiri-hondakinen kudeaketa zentralizatuaren eredu bera, erabateko porrota gertatzen ari dena, hedatu nahi da ere kutsagarriak izan daitezkeen lohi horien kudeaketara. Bestearen atzetik, iruzur berri bat.

Dagoeneko Nafarroan ingurumen-inpaktu handiak dituzten proiektu ugari jasaten ari gara, betiere, Nafarroako herritarrei bizkarra emanda. Eta haietako asko Erribera aldean, lur zigortua. Araztegiarekin batera, hor dugu abiadura handiko trena (AHT). Orain, Tuterako tren-geltokia hiriaren erdigunetik atera nahi dute, jendearen beharretatik espazialki ere urrunduz. Orain, Tuterako pertsonak oinez joan badaitezke trena hartzera, AHTaren aitzakiarekin, bi eta lau kilometro bitartean erdigunetik urrun egon daitekeen geltoki batera iristeko, ibilgailuak erabili beharko dituzte, ahaztu gabe azpiegitura berri honek murriztu egin ditzakeela trenaren eskualdeko eta tokiko zerbitzuak.

Horrela, proiektu suntsitzaile handiekin tematuta jarraitzen duten Nafarroako instituzioekin egiten dugu topo, bereziki Tuteran eta Nafarroako Erriberan. Eskala txikian egin beharko litzatezke proiektuak, lurralde osoan banatuta eta tokiko biztanleen beharretan oinarrituta. Eta ez klase politikoa bultzatzen ari den proiektu handiak, itxurazko onura bakarra eraikuntzako enpresa handien poltsikoak are gehiago betetzea helburua dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.