Urriaren 5etik aurrera Donostian egingo da berriz Munduko Turismo Erakundearen Turismo Gastronomikoaren Mundu Foroa. Urriaren 23tik aurrera, Espainia mailan turistifikazioa gidatzen duten erakunde publiko eta pribatuak bilduko dira Turespaña Konbentzioan, Donostian. Bi ekitaldi hauek gure hirian egitea ez da kasualitatea. Azken urteetan turismoaren jardueraren bidez negozioak egiteko gune bezala nabarmendu da Donostia estatu mailan eta nazioarte mailan. Turistifikazioari barra libre eman zaion garai honetan, gure hiriak denetariko inbertsiogile, multinazional, espekulatzaile, esplotatzaile, oportunista eta putreak erakarri ditu. Donostiarrak kokoteraino gaude eta ez dira ongi etorriak.
Izan ere, azken urteetan ikusi dugu Donostiako kaleak nola bete diren, nola eraldatu den hiri-espazioa turismo-negozioen mesedetan, garestitu direla kontsumo prezioak bertako biztanleen gaitasun ekonomikotik urrunduz, auzo batzuk bizitoki bezala zailtzen doazela eta bisitaleku soil bihurtzen, etxebizitzaren prezioak garesti izatetik ordainezin izatera pasa direla, naturaguneak atrakzio bihurtzeko proiektuak aurrera doazela, turistak erakartzeko ekitaldiek markatzen dutela hiriko agenda, merkataritza txikia hilzorian dagoela eta ehunka donostiar, beren bizi proiektua beren hirian gauzatu ezinik, kanporatuak izan direla. Hiriak turistifikazio bortitza bizi du, eta hori ez da zerutik erori; erakunde publikoak turismoaren negozioarekin aberasten direnen esanetara daude.
Turismoaren hazkundeak eragindako kalteak ukatzen zituzten, hasieran. Donostiarrak erabat kezkatuta eta gogaituta daudela ikusi dutenean, ordea, antzerkiari ekin diote. Aspertu arte errepikatzen dituzte turismo jasangarria eta hiri-adimentsua bezalako marketin etiketak. Neurriak hartzen ari direlako errelatoa egin beharra sentitzen dute orain. Ez da sinesgarria. Pisu turistikoen eta hotelen irekiera erregulatu dute, gehiago ireki daitezen ateak zabalik utziz. Tasa turistikoaren inguruan bueltaka jarraitzen dute, ezkutatuz zertarako baliatu nahi duten bildutako dirua eta aitortu gabe ez lukeela turisten etorrera gutxituko. Desestazionalizazioa eta deszentralizazioa saldu nahi dizkigute formula magiko bezala; baina denok dakigu neguko turista kopurua handitzeak ez duela udako kopurua txikitzen, eta Loiolan ostatu hartzen duten turistek ere Parte Zaharra eta Kontxa bisitatzen dituztela. Hipokrisia eta faltsukeria ariketa etengabea bizi dugu donostiarron haserrearen aurkako operazio gisa, baina benetako neurri eraginkorrak ez hartzeko estrategiari erantzuten diona.
Turismo jarduerak Donostian gehiegizko bolumena eta pisua hartu duela ukaezina da. Desazkunde turistikorantz bideratu ezean, sortzen dituen kalteek handitzen, iraunkortzen eta atzeraezin bihurtzen jarraituko dute. Promozio turistikoa zerora murriztu behar da; etxebizitzaren alokairuen prezioak mugatu; pisu turistiko eta hotel gehiago irekitzeko aukerak ezabatu eta gaur egun eskaintzen direnak murrizteko prozesua martxan jarri; ondare natural eta arkitektonikoa babesteko neurriak indartu eta blindatu behar dira; espazio publikoa bertakoen bizitzen beharretara egokitzeko eraldatu behar da; auzoetako bizitza komunitarioa sustatzeko eta errazteko politikak egin behar dira...
Donostiarrak gara, egungo turismo ereduarekin kezkatuta gaude eta desazkunde turistikoaren alde egiten dugu. Ez gaude prest arazo hau areagotzen den bitartean ikusle pasibo izateko eta frustrazioaren putzuan itotzeko. Gure bizitzak eta gure hiria salduz aberastu nahi dutenei erantzun egin behar zaie, eta geldiarazi egin behar dira. Dei egiten diegu donostiarrei Turistifikazioaren Aurkako Urrian antolatuko diren ekintzetan parte hartzera eta hiriko talde, elkarte eta plataformatara hurbiltzera, indarrak batzeko eta Donostia berreskuratzeko.
Turistifikazioaren aurka martxan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu