Amnesty Internationalek, 2019ko urtarrilaren 30ean, Destino: Ocupacion izeneko txostena kaleratu zuen, turismo digitaleko lau enpresa aitzindariren jarduera aztertzen duena: Airbnb, Booking, Expedia eta TripAdvisor. Enpresa horiek Israelek Palestinar Lurralde Okupatuetan legez kanpo eraikiak dituen kokaguneetako ostatuak edo jarduerak iragartzen dituzte.
Estatu gehienek eta nazioarteko hainbat erakundek, Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak eta Nazio Batuen Batzar Nagusiak, besteak beste, duela dezente onartu zuten Israelek Palestinar Lurralde Okupatuetan eraikiak dituen kokaguneak legez kanpokoak direla nazioarteko zuzenbidearen arabera. Horrez gainera, kokagune horiek ezartzeko beharrezkoak diren funtsezko ekintza batzuk, hala nola Estatu okupatzaileko biztanleria zibilaren zati bat lurralde okupatura eramatea eta bertako biztanleak mugiaraztea, gerrako krimenak dira. Amnesty Internationalek luzaroan egindako ikerketek frogatu dute Israelen kokagune-politika dela palestinarrek jasan dituzten giza eskubideen urraketa masiboen arrazoi nagusietako bat.
Israelek Palestinar Lurralde Okupatuetan dituen legez kanpoko kokaguneekin negozioak eginez, goian aipatutako enpresa horiek legez kanpoko kokaguneak mantentzen, garatzen eta hedatzen laguntzen dute, eta onura ateratzen diote egoera horri. Era berean, enpresa horiek giza eskubideen urraketak mesedetzen dituzte, eta beren enpresa-arauen aurka jokatzen dute. Israelek Palestinar Lurralde Okupatuetan dituen kokaguneak jomuga turistiko gisa bultzatzeak berekin dakar nazioarteko zuzenbidearen arabera legez kanpokoa den egoera bat gizartearen aurrean «normalizatu» eta legitimatzea.
Amnesty Internationalek dei egin nahi die enpresa horiei guztiei, ostatu eta jarduera horiek iragartzeari utz diezaioten eta publikoki hitzeman dezaten ez dituztela iragarriko Israelen legez kanpoko kokaguneetako jabetzak eta jarduerak.
Era berean, Amnesty Internationalek hertsatuki eskatu nahi die tartean diren estatuei beren nazioarteko betebeharrak bete ditzatela eta esku har dezatela, turismo digitaleko konpainiek ez dezaten jardun Israelen legez kanpoko kokaguneetan.
Turismoa palestinar lurralde okupatuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu