Alardearen bide luze honetan, orain dela hogei urte baino hurbilago ote gaude berdintasuna lortzeko? Erantzuna, berdintasuna zer den, horren araberakoa da.
Arantxa Urretabizkaiaren hitzetan, bidean dezente ikasi dugu, eta, nahiz eta tunelaren irteera oraindik ez sumatu, argi batzuk ikusten dira. Ipurtargiak bezala inguratzen gaituzte, dir-dir egiten dute eta bat-batean desagertzen dira. Iluntasunean murgiltzen gara berriro.
Eta hara, hor pizten dira foku handi batzuk, distiratsuak, beroak, argi horiak diruditenak. Suaren argia da, sugarrek emakume eta gazte batzuen aurpegiak argitzen dituzte. Isiltasunean guregana hurbiltzen dira. Ez da ezer entzuten. Ez dute hitz egiten. Ez dago musikarik. Baina gure bidetik uxatzen gaituzte, beraien suak gure ipurtargiak irentsi nahi ditu, beraien isiltasunak gure hitzak eramaten ditu.
Lastarginek ez dute berdintasuna aldarrikatzen, baizik eta emakumeen ezberdintasuna. Beraien bidea iraganaren bidea da; behin eta berriro arbasoen urratsak zapaltzen doaz, emakumeak bide batetik, gizonak bestetik. Emakumeak arautegiak markatzen duen molde berean, marroiz eta grisez jantzita, gauean doaz, herriaren periferian, gizartearen bazterretan.
Ekainaren 30ean ez, baina martxoaren 8an edo azaroaren 25ean iluntasunetik ateratzen dira, eguzki-argitan, plazaren erdian, beraien ahotsak entzunarazteko. Eta ez bakarrik lastarginak, baizik eta alkatea ere bai. Pankarta atzean jartzen dira berarekin batera. Emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzte. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontra agertzen dira. Eta, orduan, gu aho bete hortz geratzen gara.
Jakin badakigu jaiak eta eguneroko bizitza estuki lotuta daudela, nahiz eta lastarginek gaua eta eguna bezala banatu. Nola argitu errituek egunerokotasunean dutela eragina, zubi direla arlo sinbolikoaren eta sozialaren artean. Sinbolikoan gertatzen dena jaiak, tradizioak, alardeak ezin da burbuilan sartu eta airean utzi, ez da zeruan flotatzen duen puztuki bat, festa bukatu ostean goian ihesian ikusten duguna. Arlo sinbolikoa sare bat da, kultur eta genero sistemaren ehunduraren zatia, eta gure erritualek lotzen dituzte eguneroko eta ezohiko hariak.
Errituek arlo sinbolikora garamatzate, bide ematen digute adierazi nahi ditugun ideiak modu figuratibo batean azaltzeko, zuri-beltz den bizitza errutinarioa kolorez margotzeko, lanaren monotonia dantzaz alaitzeko, eta, bereziki, aukera ematen digute hori guztia elkarrekin egiteko. Errituen bidez egiten dugu taldea; gure gizartea, gure kultur sistema sortu eta birsortu egiten dugu.
Erritualek ezarritako ordena jarraitzen dute eta egonkortasunaren zentzua ematen digute, eroso sentitzen gara gauzak betiko ordenan egiten ditugunean, eta ordena horrek gure ekintzei zentzua ematen die. Horregatik norbaitek pieza bat aldatu nahi duenean, kostatzen zaigu ordena berari egokitzea. Erritualak sormenaren ispilu dira, eta, aldi berean, erresistentziaren iturri.
Argia behar dugu sinbolikoaren eta sozialaren arteko hariak erakusteko, errituala «erreala» dela ulertzeko, ezohikoa egunerokoa dela ikusteko. Horrek argituko digu inportantea dela soineko marroia edo praka zuriak eramatea, danborra edo kokoekin soinua egitea, eskopeta bat eramatea edo armarik gabe kaleetan ibiltzea, polita edo indartsua edota ile luzea edo beso gihartsuak izatea. Eta bai, garrantzitsua da martxoaren 8an eta baita ekainaren 30ean ere egotea, bortxaketak eta hilketak gertatzen direnean indarkeria matxistaren kontra agertzea baita eguneroko bizitzan zein jai egunetan gertatzen direnean ere.
Tunelaren bukaerako argia?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu