TTIP: mugagabeko boterea multinazionalei

2014ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Duela urtebete hasi ziren Europako Batasuna (EB) eta Ameriketako Estatu Batuak (AEB) Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmena negoziatzen (ingelesez, TTIP). Sekretupean prestatzen ari diren hitzarmen hau ez da ohiko merkataritza-akordio bat: helburua ez da bakarrik muga-zergak ezabatu eta merkatuak irekitzea. Benetako xede nagusia «oztopo» diren araudiak kentzea da, alegia, merkataritza librerako eta inbertsioentzako eragozpen diren eta Atlantikoaz gaindiko fluxua zailtzen duten arau sozial eta ingurumenekoak ezabatzea.

Esaterako, horien artean daude osasunari eta elikagaien segurtasunari buruzko arauak (transgenikoen murriztapena), arau laboralak (hitzarmen kolektiboak kasurako), gai kimiko toxikoen erabilpenari buruzkoak (adibidez, REACH gai kimikoak kudeatzeko arau-marko europarra), datu-babeseko legeak etab. Denbora luzean metatuz joan den arau eta eskubide multzo zabal hori ezabatu egin nahi dute merkataritza librearen izenean.

TTIPen baitan negoziatzen ari diren puntuen artean kezkarik handienetarikoa Inbertitzaile eta Estatuen arteko Gatazkak Ebazteko Prozedura da (ingelesez, ISDS). Honen bitartez auzitegi pribatuak sortuko lirateke, ohiko justiziarekin zerikusirik gabeak; hauengana jo lezakete inbertitzaile atzerritarrek (edozein enpresa multinazionalek) estatu baten aurka, honek erabakitako politika publikoren batek ustez etekinak galtzea eraginez gero.

Honelako prozedurak dagoeneko merkataritza hitzarmen ugaritan jaso dira, eta berehala hasi dira multinazionalak hori baliatzen osasuna, ingurumena edo lan-eskubideak babesteko arauei ekiteko. Dagoeneko 500dik gora auzi-eske sartu dira 95 estaturen aurka. Ezaguna da, esaterako, Philip Morris tabakalerak Australiako Gobernuari eskatu dizkion milaka milioi dolarrak, tabako paketeetan publizitatea galarazten duen arauak galerak eragin omen baitizkio. Beste salatzaile bat Veolia enpresa frantsesa da: Egiptoko gobernuaren aurka auzi-eskea sartu zuen, beste gauza batzuen artean, gutxieneko soldata bat ezartzean etekin txikiagoak izatea ekarri zuelako.

Prozedura hau demokraziaren aurkako benetako atentatua da, eta kezka handia sortu du hainbat talde eta erakunderengan; hauek gero eta kritika ozenagoa egiten diote. Egoera honek behartu egin du Europako Batzordea ISDSren inguruko negoziazioa etetera eta beraren inguruko kontsulta publiko bat egitera. Uztailean amaitu zen kontsultarako epea, eta 150.000 erantzun inguru jaso ziren; oraindik ez dituzte aztertu.

Baina kontsultak izan duen oihartzuna gorabehera, eta espero daitekeen arren erantzun asko eta asko kritikoak izango direla, ez dirudi negoziatzen ari diren aldeek ISDS baztertzeko asmoa dutenik. Agian aurpegia garbitu nahi izan dute prozesuaren sekretupeko izaerak eragin dituen kritikak isilarazteko eta bide batez azaleko aldaketaren bat egiteko.

ISDSrekin batera TTIP proiektu politikoaren beste puntu nagusietako bat araugintza-lankidetza da. AEBetako Gobernuaren bultzadaz, Europako Batzordeak proposatu du Araugintza-Lankidetzako Kontseilu bat eratzea, EB eta AEBetako erakunde araugile nagusietako arduradunek osatua; kontseilu honen eginkizuna litzateke aplikazio orokorreko arau guztiak kontrolatzea, indarrean daudenak zein egitekotan direnak, nazioarteko merkataritzan eragin handia izan dezaketen heinean. Horretarako kontseiluak alde interesatuen iritzia aintzat hartuko du (batik bat enpresen lobby-enak). Praktikan, enpresei aukera emango litzaieke indarrean dauden arauei erasotzeko, baina baita egiteko prozesuan daudenak baldintzatzeko ere, beren salerosketei kalte egin edo oztopoa jar diezaiokeen edozer paretik kentzearren.

Non geratzen da parlamentuen burujabetza? Non geratzen da demokrazia? Asmoa agerian dago: arauek ezin dute «negozioa» oztopatu, eta horretarako, batetik, auzitegi pribatuak sortzen dira haiek aplikatzen dituzten gobernuak zigortzeko; bestetik, aipatutako kontseilu batek legediak eta legegaiak gainbegiratuko ditu batzuen «negozioa» inola ere mugatu ez dadin.

Sekulako erronka dugu hau. Atlantikoaren bi aldeetako elite ekonomikoek urteak daramate klaseko proiektu politiko hau taxutzen, helburu jakin batekin: oraindik ere bizirik dirauten konkista sozialak ezabatzea eta erabateko desarautzea lortzea, jokaleku berrian korporazio handiek aise joka dezaten.

Negoziazioak sekretupean eginagatik eta talde enpresarialak lobby lan izugarria egiten ari diren arren, propaganda ofizialaren aurka ere erresistentzia areagotzen ari da. Gero eta erakunde eta mugimendu gehiago gaude TTIP hitzarmenaren aurka, Europan nahiz AEBetan, gero eta jende gehiago konturatzen ari baita bere bizimoduan zer-nolako eragina izango lukeen.

Europako gizarte zibileko antolakunde eta mugimenduek osatutako aliantza batek TTIParen aurkako ekintza egunera deitu du datorren urriaren 11rako. Euskal Herrian ere parte hartuko dugu borroka horretan, jokoan asko izanik oraindik garaiz baikabiltza. TTIP geldiaraziko dugu, demokrazia berreskuratu, eta multinazionalen botereari alto eman. Pertsonak eta planeta etekin korporatiboen gainetik gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.