Zorionak eta ongi etorri Hego Euskal Herriko politika mundua konbultsionatu duen plataforma-koalizio politikoari. Ez da nire asmoa hauteskundeetako emaitzen balorazioa egitea, berandu bainabil horretarako. Haatik, ezinbestekotzat jotzen dut aipamen azalekoa egitea, Bilduren errealitate politikoa zein den ulertzeko. Nire ustez injustizia, zigor, bazterkeria, eta zapalkuntza guztien aurkako ahotsa izan da hautestontzietan entzun dena. Baina, zalantzarik gabe, politika egiteko beste era bat, egungo sistemaren azpiegiturak hankaz gora jartzeko unea iritsi dela uste dutenena ere izan da erantzun hori.Euskal Herriko mapa politikoaren benetako argazkia ageri zaigu, eta argi dago gaurko errealitate faltsutuak ez duela islatzen benetako ordezkaritza politikoa.
Arrakasta hori ulertzeko hiru ardatz nagusi dira kontuan hartzekoak. Batetik, ezker abertzale ilegalizatuaren apustu politiko hutsa, indarkeria baztertu eta errefusatu duena helburu politikoak lortu ahal izateko. Bestetik, horiei babes legala eman dieten EA eta Alternatiba alderdiena. Alderdi bi horiek sinestu egin zuten ezker abertzalearen apustu zibil benetakoan, eta haien alde ausardia eta arriskua erabili dute koalizioa osatzean, eurak ere ilegal bilakatzeko arriskua izan baitute. Azkenik, eta azkena izanagatik ere garrantzi txikiagoa ez duena, Aralar alderdi politikoaren jokaera garbi eta zalantza gabekoa.
Aurreko alderdi biek ezker abertzalea legal izateko laguntza eta babesa eman zioten; Aralarrek, ostera, helmugara iristeko bidea eta urratsak zeintzuk izan beharko luketen erakutsi die, zalantza izpirik gabe. Ezker abertzale zibil eta tutelaje militarrik gabekoaren aldeko apustua egin zuten duela hamaika urte Aralarrekoek, eta egungo bidea horixe dela jakin izan du ezker abertzalearen beste sentsibilitate horrek.
Zelako inbidia eman didaten Bildun batutako sentsibilitate horretako militanteek eta boto emaileek, Aralarrek bere sasoian emandako urrats beragatik jasan behar izan ez dutelako irain eta desprestigio uholdea!
Denboraren joanak, baina, dena jartzen du bere lekuan. Eta sasoia da bere garaian banatutako ezker abertzalea atzera berriz elkartzeko. Horrela, Bilduk dituen hiru hankak bermatu, proiektuari sinesgarritasuna eman, eta zalantza gabeko apustu zibil eta demokratikoa dela utziko luke argi laugarren hankak.
Etxe handi bat eraiki behar dugu denon artean, non sentsibilitate abertzale desberdinek tokia eta zeresana edukiko luketen. Lau gelako etxe erraldoia, baina horma sendo eta fatxada erakargarria izango lukeena. Politika era desberdinean egiteko gaitasuna erakutsiko lukeena.
Egun, zoritxarrez, joko zelaia eta joko arauak inorenak dira, baina errealitate hori aldatzeko jaio da Bildu, Batu, Euskalerria Bai zein beste edozein izen edo ezizen jarritako mugimendu, plataforma, koalizio edo dena delakoa.
Ezin dugu ahaztu, bestalde, pazifikazioan eta normaltasun politikoan Bilduk, Batuk… izango duen zeresana. Ekimena gurea izan behar da, geuk konpondu, lautu eta bideratu behar dugu, inoren eskuetan laga barik, Euskal Herri aske, subirano eta euskaldunera eramango gaituen errepidea.
Uste dut ziklo amaiera baten hasieran baino ez gaudela, mugimendu abertzale zibil eta aniztuna, guretzat nahi ez dugun sistema iraultzen jakingo duena eta galduko ez dena, botere goseak hartara eramanda, ezarritako sistemak beren-beregi jarritako tranpa eta maltzurkerietan.
Indarren metaketa da gakoa, atomizazioetatik urrunduta, azken batean proiektu politiko nagusien inguruko batuketek eramango gaituzte helburua lortzera. Eta asmo, ilusio eta helburu horietan abertzale den orok du leku eta garrantzi, baita PNVren baitan abertzale, independentista eta euskaldun sentitzen den orok ere. Ez, ordea, interes partidista, ekonomiko eta botere gose izanda edonorekin eta edozeren truk batzeko gai diren sasi-abertzaleak.
Erabil ditzagun egun onartzen ez dugun sistemak ematen dizkigun baliabideak gure helburuak lortzeko. Hauteskundeetan garaile aterata, indarrak metatuta, gure instituzioak erabiliko ditugu joko arauak aldatzeko, onartzen ez dugun sistemari aurre egiteko.
Aukera historikoa dugu begien aurrean, ez dezagun alferrik galdu herriak alderdi abertzale orori emandako konfiantza, eta ea behin betiko ikasten dugun desberdintzen nor den aurkari politiko eta nor etsai.
Tsunamia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu