Trenak eta urpekoak

2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Berria duela hilabete atera zen argitara. Hura guzia deskubritu zuena oraindik ezin sinetsi dabil egiaztatu ahal izan zuena: Kantabria-Asturiaserako 31 tren, ibili behar zuten trenbideko tunelena gainditzen zuten garaierarekin zeuden diseinaturik. Zorionez, trenak diseinu fasean zeuden, egin gabe, baina proiektua hastapenetik berregin beharko da. Horrek guztiak bizpahiru urteko atzerapena ekarriko du, gorozki horiek sortutako gastuez gain. Raquel Sanchez Espainiako Garraio ministroak segituan iragarri zuen Renfe eta Adifeko bi goi-arduradunen kargugabetzea. Erran ez duena da zer postu berritara joanen diren, kaka gehiago nahasten badute ere. Ez litzateke lehendabiziko kasua izanen. Ez dute iragarri diziplina espedienterik ireki den ere. Azken batean, afera ez da horren larria, ezta?

Nolanahi ere, izan dira kasu okerragoak. Armada espainiarraren urpekoen flota berritzea xede zuenS-80 itsaspekoa berriz diseinatu behar izan zuten: hainbeste pisatzen zuen, non ez baitzuen flotatzen. Horren ondoren, haren motorra sakonki erreformatu behar izan zuten, harekin arazo larriak sortu baitziren. Azken ginga izan zen, aurreko guztia egin eta gero, 2018an egiaztatu zutela urpekoa ez zela sartzen Cartagenako baseko dartsenan! Hori konpontzeko, alajaina!, kaia zabaldu behar izan zuten. Ez da inon ageri kargugabetzerik izan denik, proiektuaren hasierako aurrekontua bikoiztu behar izan bazuten ere.

Fernandez Miranda —Mugimenduaren ministro-idazkari nagusia 1974ra arte eta Gorteetako presidentea 1977ra arte— izan zen frankismotik gaurko erregimenera traumarik eta hausturarik gabe pasatu zen erreforma haren egile nagusietako bat. Bera izan zen Gorteek 1977ko urtarrilean onetsitako Erreforma PolitikoarenLegea babestu zuena, frankismoaren auto-harakiria izan omen zena. Bertze batzuendako, aldiz, urte hartako urriko Amnistiaren Legearekin batera, frankismoaren erakundeei (monarkia, armada, polizia, administrazioa...) ibiltzeko baimena ematea izan zen, demokrazia espainiar berri berezkoan ipurmasailak paratzen eta karguak izaten segitzeko eta, bidenabar, krimen frankistengatik edozein erantzukizun saihesteko.

Laburbildurik, frankismoaren lau hamarkadetan eraikitako oinarrizko azpiegitura instituzionalak zutik iraun zuen. Francoren garaietatik heldu den Kantabria-Asturiasko trenbidea bezala, gaurko erregimenaren Estatuko aparatua tunel baxu eta burdinbide meharrez josita dago, zeinetatik askatasun demokratikoak eta giza eskubideak nekez pasatzen ahal diren. Aurrekoaren adibide soil bat: Barne Ministerioko argirik eta larrialdietarako irteerarik gabeko tuneletan, 80tik goiti urtez, torturatu egin da, inpunitate osoarekin, txandako gobernuen konplizitate aktibo eta pasiboarekin eta epaile togadunen isiltasun eta itsumen konplizearekin.

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko aulki bat betetzeko PPk garai batean proposaturiko epaile bat Grande-Marlaska da; egun, Espainiako historiako gobernu aurrerakoiena deitutakoaren Barne ministroa. Bost axola Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Estatu espainiarra behin eta berriz kondenatu badu eta epai gehienen erantzulea bera izan bada, hain zuzen ere, berak bideratzen zituen kasuetako pertsonek salatzen zituzten torturak ez ikertzeagatik. Melillako etorkinen sarraskiaz, jardun poliziala goraipatuz, berriki egin zituen adierazpenak, edozein gobernu demokratikoren oka eraginen luketenak, ez dira harendako bertze koska bat bertzerik, bere borra zuzenari gehitu beharrekoa.

Duela egun gutxi, Ustelkeriaren aurkako fiskaltzak 15 urteko espetxe zigorra eskatu du Jorge Fernandez Diaz aurreko PPko Barne ministroarendako, eta bertze horrenbertze Francisco Martinez haren bigarrenarendako. Orobat, bi urtetik hamabira eskatu du ministerioko lau goi kargudunendako eta, azkenik, 19 urte gehiago Villarejo polizia izandakoarendako. Kitchen trama deiturikoa da. Ministerioko funts erreserbatuak desbideratzean zeutzan, Luis Barcenas PPko diruzain ohia espiatzeko eta alderdi hori eta haren goi burukideak egotzi ahal izateko zituen frogez jabetzeko. Bilbe mafiosoa, Opus Deiko ministro bat buru zuena; bai, behin, Las Vegasen (AEB) zegoelarik, Jainkoa harengana etorri zela adierazi zuen hori, eta Marcelo izeneko bere aingeru guardakoak kotxe ofiziala aparkatzen ziolako harrotu egiten zen bera. Alex de la Iglesiaren film baterako gidoia, zalantzarik gabe.

Ez da lehendabiziko aldia. GALen kasuan ere, erantzuleak Barne Ministerioko eta PSOEko goi kargudunak ziren. Funts publikoak bidegabeki erabiltzeagatik, bahiketagatik, erailketengatik... izan ziren kondenatuak. Haien artean, hauexek: Barrionuevo ministroa; Rafael Vera Estatuko idazkaria; Francisco Alvarez terrorismoaren aurkako borrokako burua; Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jenerala; zenbait polizia gehiago (Miguel Planchuelo, Jose Amedo, Michel Dominguez...) eta, azkenik, PSOEko goi kargudunak, bertzeak bertze, Garcia Danborenea, PSEko Bizkaiko idazkaria; Julian San Cristobal, Bizkaiko gobernari zibila, eta Julen Elgorriaga, Gipuzkoako gobernari zibila. Izuaren kobazulo hartako gaina eta lorea.

Espainiako Barne Ministerioaz eta haren tunel ilunez mintzatu naiz soilik. Baina badira bertze batzuk, Justiziakoak, adibidez. Bertan, epailetza parpailaduna oraindik ez da estreinatu frankismoak gizateriaren kontra gauzaturiko krimenak kondenatzen. Edo Defentsa Ministeriokoak, hainbat kasurekin (S-80 urpekoak, Turkian Yakovlev hegazkinak izandako istripua, 72 hildako eragin zituena...). Arazoa orokorra da: gaurko erregimenaren tunelek aireztapenik, argirik, larrialdietako irteerarik gabe segitzen dute eta luiziak etengabeak dira. Bertze proiektu instituzional bat behar dugu, akats horiek sakon saneatzeko, askatasun demokratikoen, giza eskubideen eta herrien burujabetzaren errespetu zorrotzenean oinarriturik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.