Tren geltoki bat euskalgintzarako

2023ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Urte franko igaro dira, Kristautasunak, herritarrak menderatzeko asmoz, Zazpi Bekatu Nagusiak asmatu zituenetik. Ororen gainetik, bekaizkeria izan da beti arreta berezia eragin didan bekatua, ez arrazoi moralengatik; ezpada, euskaraz duen osaera etimologikoagatik.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Etimologikora jotzen badugu, honako informazio hau izango dugu eskura: batetik, 1545. urtean Bernart Etxeparek bekhaiztu aditza erabili zuelako lekukotza, eta, bestetik, bekaizkeria izenaren osaera etimologikoa (begi + gaitz + keria).

Moral kristauaren eraginetik urrun samar bizi naizenez, aski lasai aitortzen dut XVI. mendean Etxeparek Nafarroa Behereko biztanleei antzematen zien bekatua neuk ere egiten dudala gaur egun; hain zuzen ere, ikusten dudalarik hezkuntzaren inguruko eragileek agortutzat ematen dutela indarrean dugun Hezkuntza Legea —1992an onartu zena—, eta, eztabaidak eztabaida, prest daudela hezkuntza-sistema beste 30 urtean arautuko duen legea adosteko.

Egoera hau politikoki aztertzen badugu, pentsatzekoa da etorkizun itxaropentsua eduki lezakeela ekimenak, bai EAJk, bai EH Bilduk irmoki sostengatzen baitute. Baina, bestalde, badira lege-proiektua ezkortasunez ikusten dutenak, jakin baitakite PSE-EE nahiz Unidas Podemos-Elkarrekin Ahal Dugu muturtuta dabiltzala azken bolada honetan, hain justu ere, udal eta foru hauteskundeak ate joka daudenean. Eneko Anduezaren alderdikideak haserre daude, gurasoek A, B eta D ereduen artean aukeratzeko eskubidea galduko luketelakoan; eta, Miren Gorrotxategirenak atsekabeturik ei daude, segregazioari amaiera emango ez litzaiokeelakoan.

Egia da prozesuak oraindik luze joko duela, ez baita samurra izango lege-proiektua behin betiko lege bihurtzea. Baina, orain arteko bidean, zenbait kontu balioetsi egin behar ditugu. Lehenik, eragile guztiak jarri dira diagnosian ados: egungo sistema agorturik dago. Bigarrenik, oso esanguratsua da prozesuak Eusko Legebiltzarrean jaso duen babesa: ordezkari politikoen %90etik gora. Eta, azkenik, nire iritziz, garrantzitsuena dena: prozesuaren hasieratik bertatik, eragile guzti-guztiek izan dute aukera euren ikuspuntua azaltzeko, hala nola nork bere eskaerak egiteko.

Euskaltegietako irakasleok ez dugu oraingoz halako esperientziarik bizi izan. Zehazkiago, alde batera utzita LABek euskara-irakasleen lan-baldintzak arautze aldera 2022an egindako ahalegina, euskaltegien patronalak ezerezean laga zuena, ez politikariek, ez Eusko Jaurlaritzak behin ere ez digute euskara irakasleoi iritzirik eskatu egiatan arduratzen gaituzten gaiez: lan-baldintzak, udal euskaltegien etorkizuna, euskalduntzearen egitekoak eta erronkak. Pentsatu behar al dugu, hortaz, patronalak berak helarazten dizkiolaHABEri langileen ikuskera eta eskariak?

Horren harira, gogora ekarri beharrean nago patronalak eta HABEk 2021ean sinatu zuten finantzazio-akordioa. Lau urtekoa izan arren, berri ona izan zen sektoreko langileontzat, sinetsita baikeunden luzaro pairatutako prekaritatea arinduko zuela. Halaxe ere, geroak erakutsi digu sektorean lan-hitzarmenik gabe segitzeak Taifa Erresuma bihurtu duela euskaltegien sarea, eta, agintean nor dagoen, nahieran joka dezakeela enpresak: KPI igoerarik ez, bederatzi eskola-orduko lanaldiak, sasiautonomoak kontratatu, eta abar.

Garai honetan urtero bi irakasletik bat aztertzaile lanetan aritzen da HABEk antolatutako deialdian. Hori dela eta, delaBECen, dela Ficoban, dela Bakhen, beti izaten dugu tartetxo bat elkarren berri emateko, baita sektorearen orainaz etageroaz solastatzeko ere. Horren kontura, bada oso sarri agertzen den mintzagai bat: helduen euskalduntzearen inguruan dagoen ikuspegi folklorikoa.

Zergatik gaude euskara-irakasleok Kultura Sailaren barruan, kirolari, dantzari, musikari eta abarrekin, eta ez gaude Hezkuntza Sailean, gainerako irakasleekin? Beharbada, gure hizkuntza elementu folklorikoa delako Eusko Jaurlaritzarentzat?

Guk argi dugu Hezkuntzaren mende egoteak, langileoi ez ezik, euskarari ere merezi duen lekua emango liokeela, baina, zorigaitzez, egungo hezkuntza-sistema anitz hamarkadaz arautuko duen lege-zirriborroa orain urtebete irten zen hasierako tren-geltokitik. Bidean lege-proiektu bihurtu da, eta ziztu bizian abiatzen da amaierako geltokirantz.

Zupiria eta Bildarratz jaunak, izango al du euskalgintzak tren horretara igotzeko txartelik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.