Trebiñuren etorkizuna gure esku dago

Pablo Ortiz de Latierro eta Iker Garcia de Eulate
2016ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Behin eta berriz pizten da Trebiñuko enklabea Araban integratzearen aldeko borroka. Belaunaldi berriek aurrekoen lekukoa hartzen dute, arrazionaltasunaren eta demokraziaren defentsan, baina jarrera itxiekin topo egiten dute, behin eta berriz.

Jakina denez, inposizio administratiboaren alde egiten duten alderdiek Gaztela eta Leongo xedapen iragankorrari eusten diote, zeina aipatutako autonomia-erkidegoaren Estatutuan jaso baitzen asmo bakar batekin: eragoztea Trebiñu Araban integratzea.

Arau horren arabera, segregaziorako prozedura estatutarioak aurrera egin dezan, «probintziaren» eta Gaztela eta Leongo Autonomia Erkidegoaren aldeko txostena behar da, «integratu nahi den Autonomia Erkidegoarekin lotura historiko, sozial, kultural eta ekonomiko handiagoak dituela ikusita».

Hala, aurreikustekoa zenez, 1998an hasitako prozedura estatutarioa haren defendatzaileak lotsarazi beharko lituzkeen txosten bat emanda amaitu zen; han argudiatzen baitzen Trebiñuk ustezko lotura handiagoa duela Burgosekin eta Gaztela eta Leonekin. Berriz ere, indarraren arrazoia nagusitu zen arrazoiaren indarraren gainean, eta ez zuten batere pisurik izan enklabeak Arabarekin dituen lotura nabarmenetan sakondu zituzten diziplina anitzeko ikerketa zehatzek.

Urte batzuk geroago, zehazki aurreko udal-legegintzaldian, bide berri bati ekin zitzaion, txosten juridiko motibatu eta fundatu batek abalatua: Lege Organikoaren proposamena, Eusko Legebiltzarrak formulatua eta Gorte Nagusietara bidalia, hark onar zezan. Nolanahi ere, Kongresuak arbuiatu zuen lege organikoaren proposamen hura, PP eta PSOE alderdien botoekin (euskal diputatuena barne), bai eta zenbait abstentzio harrigarriri esker ere, Ezker Anitzarena kasurako (Ezker Batua).

Horiek guztiak oso aurrekari itxaropentsuak ez diren arren, legegintza berri honetan Trebiñuko eta Argantzungo udaletatik lege organikoaren bidea proposatu diogu berriz ere Legebiltzarrari. Itxaropen gehiagoz edo gutxiagoz, zain gaude, alde batetik, lehen integrazioaren aurka agertu ziren edo botazioan abstenitu ziren zenbait alderditan izan daitezkeen aldaketen zain, eta, beste alde batetik, hauteskunde orokorrak igaro ondoren sor litekeen jokaleku politiko berriaren zain.

Berehala erantzun digute: jarduneko Estatuko Gobernuak Eusko Legebiltzarrari eskatu dio baliogabetzeko lege organikoaren proposamena tramitatzeko osoko bilkuraren erabakiak. Izan ere, haren ustez, proposamen horrek ez du errespetatzen erreserba estatutarioa. Beste era batez esanda: Gaztela eta Leongo Estatutuaren betoa inposatu dute. Aldi berean, aipatu lege organikoak aurrera eginez gero, Estatuko abokatuak (PPren ingurukoa bera) Konstituzio Auzitegiaren aurrean erabiliko omen duen argudio-ildoa aurreratu digute.

Era berean, PPren ingurutik, estraofizialki, mezu hau helarazi digute: Trebiñurentzat ad hoc lege bat egin beharrean, enklabe guztiak xedetzat izango lituzkeen lege baten bidea esploratu zitekeela. Ez dakigu kontua luzatzeko den, edo aitortzen ez den beste helburu hau daukaten, hau da: lege-mailako beste beto bat ezartzea, eta, aldi berean, immobilismotik irteten ari direlako itxura egitea (itxurakeria baino ez). Hori bai, enklabeen legearen egokitasuna aipatzen dutenean, ematen du ahazten dutela PPren gobernuak defendatzen omen duen ustezko erreserba estatutarioa.

Testuinguru horretan, bide formalaren horizontea ez da batere itxaropentsua. Hala, egiaztatzen bada bide formalaren bitartez integrazio administratiboa egitea praktikan bideragarria ez dela, berriz ere begi-bistakoak izango dira Espainiako Estatuaren defizit demokratiko estrukturalak. Horrela gertatuz gero, Trebiñu Araban egitez sartzeko prozesuari ekin beharko litzaioke, ez bailitzateke beste aukerarik geratuko. Egongo ahal da Kongresuan aldaketarako aukerarik! Hala izanez gero, pozarren zuzenduko dugu gure estrategia. Baina, hala gertatu ezean, ez gara egongo beti zain, integrazioa Trebiñuko herritarren borondatea ukatzeko ezarri ziren legeen eskutik noiz helduko. Espainiako indar politikoei, lehengoei eta berriei, ondraduak eta arduratsuak izateko eskatzeko garaia izango da; bai eta EAJri ere, zeinak oraindik ez baitie Foru Aldunditik erantzun Trebiñuko Udalak aurkeztutako eskaera zehatzei (nekazaritzaz, garraioaz, neguko bide-zaintzaz, diru-bilketaz...) eta hartara urratu baitu Arabako Batzar Nagusiak Trebiñu lurralde historikoko beste kuadrilla bat balitz bezala tratatzeko hartu zuen konpromisoa. Bitartean, Trebiñuko Udalak Gaztela eta Leongo esku-hartzeei aurre egin behar izaten die, hark judizialki eskatzen baitu baliogabetzeko Arabako Foru Aldundiari lankidetzan jarduteko egiten dizkiegun eskaerak.

Trebiñuko jendeari pazientzia agortzen ari zaigu gure aurkako erasoak eta betoak ikusita. Gero eta gertuago dago benetako apustua egiteko ordua, eta integrazioaren partida etxean jokatzekoa. Demokrazia eta arrazionaltasuna gure esku daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.