Trantsizio ekosoziala: sindikalismoaren erronka

2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Azken urteotan krisi ekologikoaren ondorioak are gogorrago sufritzen hasi bagara ere, ez dira beharrezko neurriak hartu, egunerokoan gero eta inpaktu handiagoak izanagatik ere; baita enpleguan ere. Ziurgabetasunez beteriko etorkizun horren aurrean, orain arte landu ez ditugun erronka askori aurre egin beharko diegu ELAn. Horregatik, sindikatuak trantsizio ekosozialerako proposamen bat landu du.

Izan ere, Hego Euskal Herriko ekonomiaren antolaketak ahuldade egoeran kokatzen gaitu, gure eskuetatik kanpo dauden hainbat faktoreren gain dagoelako ekonomia: ez da ekonomia zirkularra, energia fosiletan eta estraktibismoan oinarritzen da, eta berriztagarriak eta birziklagarriak ez diren materialen menpekoa denez, horien kudeatzaile gisa funtzionatzen dugu, kanpotik datozen erregai fosilak eta mineralak transformatu eta berriz ere gure mugetatik kanpo esportatzen. Beraz, dugun ekoizpen, banaketa eta kontsumo eredu horrek, ingurumenari sortzen dizkion kalteez gain, menpekotasun handia eragiten digu, eta etorkizunean ezinezkoa da egitura horri eustea.

Gainera, kontuan izan behar da estuki lotuta daudela enplegua, hazkunde ekonomikoa eta inpaktu ekologikoa. Industria sektorea da horren adibide: energia kontsumo handia duten enpresak dira langile gehien dituztenak, eta gehien fakturatzen eta enplegua sortzen duten jarduerak daude menpeko funtzionamendu horri lotuta. Horregatik, lanpostu asko suntsituko dira arlo sozioekonomikoan, energia eta materiala murriztearen ondorioz, baldin eta beste neurririk hartzen ez bada. Hortaz, langile klaseak zailtasun handiak izan ditzake, egun beharrezkoak baititu merkatua eta soldata bizitzari eusteko.

Hego Euskal Herriko ekonomia, nahitaez, sakon eraldatu beharko da, eta erronka horiei aurre egiteko, eraldaketa sozioekonomiko sakona behar dugu, lana bizitza sostengatzeko bitarteko gisa ulertuko duena eta ez kapitala erreproduzitzeko. Horretarako, honako ildoak landu beharko dira:

— Materialen eta energiaren kontsumoa murriztu beharko da muga ekologikoen barruan egon arte eta justizia globaleko irizpideei jarraituta. Gure kontsumo, ekoizpen eta mugikortasun ereduan eragin zuzena du horrek.

— Energiaren sektorea berrantolatu behar da: energia sektorea publifikatu, benetan berriztagarriak diren energiak garatu eta egungo energia fosilen ekoizpena geldiarazi behar da.

— Ekonomia birkokatu. Ekonomia gertukoa eta zirkularra izan behar da, material eta energia berriztagarriekin funtzionatuz, industriaren ekoizpen eredua eraldatu eta dibertsifikatu behar da.

— Garraio sistema eraldatu behar da. Ez da aski izango elektrifikazioarekin; merkantzien mugikortasuna murriztu eta pertsonen mugikortasuna garraio publiko eta kolektiboan oinarritu behar da.

— Elikadura burujabetza areagotu behar da. Agroekologia eta basogintza iraunkorra ezinbesteko sektoreak izango dira etorkizuneko ekonomian. CO2 emisioak xurgatzeaz eta ingurumena babesteaz gain, ekonomia birkokatzeko.

— Ekonomia berrantolatu beharko da, eta zaintza erdigunean kokatu, bizitzari eusteko eta zaintza lanen banaketa egokiagoa egiteko.

— Aberastasunaren banaketa eta enplegua banatzeko lanaldia murriztu beharko da.

— Oinarrizko zerbitzuen desmerkantilizazioa. Herritarren beharrak merkatutik pasatu gabe betetzeko lehentasuna izan behar da zerbitzu publikoak indartzea, herritarrei osasungintza, hezkuntza eta bestelako zerbitzu publikoak bermatzeko.

Gizarte justuago, demokratikoago eta jasangarriago baterantz aurrera egin behar da, eta ELAk eraldaketa horren bultzatzaile izan behar du: ezin da enplegu galeraren edo suntsipen kapitalistaren artean aukeratu, eta lan eskubideak eta bizitzarekin bateragarriak diren jarduera ekonomikoak uztartuko dituen trantsizioa bultzatu behar dugu, mobilizazioaren eta negoziazio kolektiboaren bitartez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.