Etxaldeko kidea

Trantsizio agroekologiko erreal baten alde

2024ko apirilaren 27a
05:00
Entzun

Bai Europa osoan, baita Euskal Herrian ere, nekazarien mobilizazioak izan dira protagonista2024ko lehen hilabeteetan; sektoreak duintasunez bizitzeko dituen zailtasunak eta etorkizuna argi ez ikusteak izan dituzte erregai nagusia, eta zenbait tokitan agroindustriaren esku ezkutuek ere xaxatu eta baliatu dute olatua.

Aurreko etxaldeko zenbakian argi azaltzen zen bezala, arazoaren jatorria eta honek eskatzen dituen soluzioak ez dituzte kokatu deitzaile guztiek norabide berean. Sindikatuek jokatu duten papera ere ez da izan berdina lurralde guztietan. EHNE‐Bizkaiak eta ELBk mobilizazioak lideratu dituzte mezuaren jo-puntu nagusitzat merkataritza joko arauak seinalatuz; beste batzuek, berriz, komunikabideek hauspotutako plataformen bulkadari jarraitu diote, mezu nahaspilatsuen artean galdurik.

Nafarroan gertatu da azken hau. Hemen, mobilizazio zikloaren lidergoa otsailaren 6ko plataformaren eskutik etorri baita, askotariko jendea elkartuz, era guztietako mezu eta aldarrikapenekin, tartean azken urteetan nekazaritza eredu industrialak sortutako hondamena zuzentzera datozen ingurumen neurrien kontrakoak ere bai. Olatu honek utzitako ondorio bat da hor jo eta su ibili diren hainbat nekazarik Semilla eta Belarra elkartea sortu izana. Azken urteetan sindikatuek eta administrazioak egindako bidearekin oso gustura ez, eta sektoretik barrutik etorkizunari buruzko gogoeta prozesu bat abiatu nahi duten sentsibilitate desberdinetako nekazariak batzen omen dituena.

Testuinguru honetan Nafarroan elikadura burujabetza eta nekazaritza eredu iraunkorraren alde dihardugun hamabi nekazari txikiren elkartek, tartean Etxaldek, kalera ateratzeko beharra sentitu dugu, horrenbeste zarata mediatikoren artean guk defendatzen dugun ereduaren ahotsa inork ez duelako ordezkatu gure lurraldean. Badira urteak gure artean eta gizarteko hainbat eragilerekin lankidetzan bizi dugun muturreko egoerari aurre egiteko alternatibak eta proposamenak lantzen ari garena. Elikadura burujabetzaren aldeko manifestua da, besteak beste, lanketa horren emaitzetako bat.

Apirilaren 27an, berriz, gaurko egunarekin, gure aldarrikapena Iruñeko kaleetara eramatea erabaki dugu ereduaren gaineko eztabaida sustatzeko asmoarekin, bidelagun ditugun kontsumo arduratsuko, sindikatu, lurraldearen defentsako, feminismoko eta hainbat gobernuz kanpoko elkarteren babesarekin. Bertan salatuko dugu Nafarroan, orain arte bezala, agroindustriak eta merkatuek sustatutako bideari jarraituz gero lehen sektorea amildegira doala, nekazaririk gabeko nekazaritza eredu industrial batera doalako, guztion diru publikoarekin eta azken urteetako politika publikoek sustatuta, izan nekazaritzakoak edo merkataritzakoak. Gogoratu honek inpaktu larriak sortu dituela lurralde osoan: ingurumenean kutsadura eta biodibertsitate galera, sozial mailan lanpostu suntsiketa, landa eremuaren gainbehera eta herritarren osasunaren kaltetzea, baina baita nekazariaren subiranotasun galera ere.

Honen aurrean ikusarazi nahi dugu badagoela beste eredu bat, elikadura burujabetzan oinarritutako nekazaritza eredu iraunkorra: eskala txiki-ertainekoa, dibertsifikatua, trantsizio agroekologikoa sustatzen duena, tokiko merkaturatzera eta tokiko kontsumora bideratua, justuagoa bai ekoizleentzat, bai kontsumitzaileentzat, kutsadura murriztuko duena, ekoizle txikiei lagunduko diena eta familiako nekazaritza‐sektorearen eta landa eremuaren desagertzea geldiaraziko duena. Gizarteratu nahi dugu, bide batez, badauzkagula proposamenak, 70etik gora neurri jasotzen dituen manifestuak trantsiziorako marko bat eskaintzen baitu. Baina, trantsizio agroekologikoak borondate politikoa irabaztea eskatzen du politika publikoetan erabateko norabide aldaketa eman dadin eta honek inoiz baino gehiago gizartearen bulkada eta konpromisoa behar du. Larunbateko argazkiak lurra zaintzen duen nekazariaren eta gizarte konprometituaren arteko aliantza hori irudikatu nahi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.