2022ko uztailean elkarrizketa txit interesgarria eduki zuten bi jakintsu ekologistak, biak ala biak kolapso eta desazkundearen koordenatuetan kokatzen direnak: Casal Lodeiro barakaldar galegoak elkarrizketa egin zion Antonio Turiel Leongo seme bartzelonaratuari, gaia nekazaritzaren geroa zelarik. Sindicato Labrego Galegok argitaratzen duen A Fouce aldizkarian atera zen emaitza aurretik, eta gero EHNE konfederazioaren Ardatza-n; orain Casal Lodeiro-k koordinatzen duen 15/15/15 aldizkari digitalean topatu daiteke (https://www.15-15-15.org/webzine/es/author/aturiel/). Nire ustez, solas luze horretan, interesgarriena hasieran dago, galegoak Bartzelonakoari esaten dionean ea berriro idiak eta mandoak zelai eta larreetan lanean jarri beharko ote diren, Kubako periodo especial delakoan bezala, diesel erregaiaren produkzio errentagarriaren akaberaren hasmentan gaudelakoan.
Argiki, Casal Lodeiro Galiziako eta oro har Kantaurira begiratzen duten lurraldeetako —tartean urmugatik iparraldera dauden Euskal Herrietako— errealitatean pentsatzen ari da eta argi ikusten du abere-trakzioa badela aukera «sostengarria, polifuntzionala eta energia aldetik oso eraginkorra», baina Turielek —gogora dezagun eskala handian zabalduriko energia berriztagarrien instalazioen kritiko zorrotzena dela—, tamaina handiagoko nekazaritza ustiapenetan pentsatuz, erantzuten dio traktoreak, uzta-makinak eta oro har nekazaritzan erabiltzen den makineria mantentzeko aukera interesgarriena izan daitekeela etxalde bakoitzaren uzta orokorraren %25a dedikatzea bioerregaiak ekoiztera, etxeko, bertako beharrak asetzeko!
Buf! Ez dakit Ebro arroko Euskal Herrietan nola ikusiko duten..., baina nik esango nuke orain dela ez asko, lauzpabost hamarkada, zegoen eredua interesgarriagoa dela: bailaran edota herrian makineria handia duen traktorista bat, auzoka sega-makina eta moto-aitzurra batzuk, eta idi parea, hainbat baserriren artean partekaturik, eta nork bere etxean astoa, mandoa eta eskuz eta giza indarrez erabiltzen diren aitzur, kako, dailu, igitai, sardea eta abarrekoak. Eta gainera, abereena eztabaidatu beharko da hirietako animalista eta beganoekin. Azken horretarako oso argudio zorrotzak eskaintzen ditu Jocelyne Porcher idazle frantziarrak.
Traktorea arazo, traba, izanen da, beraz, gero hurbilean, eta hori ere ez da inportanteena: kontua da gaur egungo nekazaritza konbentzionalaren porrota, kolapsoaren ikurra, traktorea bera dela, erregai fosilen erabilera handian (ez soilik makineria mugitzeko, produktuak saldu eta ongarri kimikoak egin eta erabiltzeko ere) oinarritzen den nekazaritzarenak egin duela gauza jakina da, egunotan errepide eta hiriak traktoreen bidez trabatu nahi dituztenek ere badakite, horregatik mugimendu hori amorruan, inpotentzian oinarritzen da.
Pasa den mendeko azken hamarkadan —desazkundea kontzeptua zirkulu akademiko txikietan bakarrik maneiatzen zenean: André Gorz, Ivan Illich eta Erromako Klubean erabili omen zuten 70eko hamarkadan, baina Latoucheren obrak mende aldaketan kokatzen dira— euskal nekazarien artean barra-barra zebilen desintentsifikazioa kontzeptuari buruzko eztabaida, ELB eta EHNE sindikatuek hauspotuta.
Zertan datza/zetzan desintentsifikazioarenak? Ba etxalde edo baserri mailan produkzio bolumena murriztu edota doitzean datza, kanpotik lortu behar diren intsumoen (erregaiak, ongarriak, fitosanitarioak) erosketetan joaten diren gastuak apalduz eta ahalik eta era endogenoagoan gutxiago baino hobeto ekoiztu errentagarritasuna igoaz eta bizi-kalitatea hobetuz. Noski, hori lortzen da eko-nekazaritzara hurbilduz, banaketa-zirkuitu laburrak erabiltzen eta kalitatea kantitatearen gainetik jarriz. Batzuk egin zuten bide hori eta gaur egun lehenengo sektore berpiztua gidatzen dute, problema askorekin, besteek pairatzen dituztenen antzekoak (prezio txikiak, lehia desleiala, burokrazia...), baina kalitatezko elikagaiak ekoizten dituzte, ingurumenaren zaintzan laguntzen dute, inguru sozialarekiko lotura beroak dituzte eta duintasuna eta autoestimua goian dute.
Baina garai horretan ekonomia kapitalista gorako zikloan zebilen eta kontsumismoa eta postureoa indibidualista nagusi ziren gizartean, baserritar gehienak ere norabide horretan sartu ziren eta horretarako zer hobea lurretik bi metrora kabina intsonorizatu/aire egokitudun (eta Internetarekin, noski) batean kokatzen zaituen traktoretzarra baino? Beste etsenplu bat ipintzearren, 70/80ko hamarkadetan, etxaldetako bideak lur eta harrikoak zirenean, esnea partitu edota zentraleko kamiora jaisteko, ibilgailu erabiliena cuatrolatasa zen; gaur, Aralarko pista asfaltatuetatik ibiltzeko ezinbestekoa da 4X4a. Moraurekin batera kanta genezake nire osaba batek bi massey eta bi SUV ditu eta nekazaria dela dio!
Ez, horiek traktoristak dira. Nekazariak behar-beharrezkoak dira trantsizio ekosoziala egiteko, gizarte zuzen eta sostengarria eraikitzeko, mundu berri hori elikatzeko. Baina traktoristek, amorrua baino, hausnarketa behar dute: adibidez, gaur egun zein sektorek egiten dituzte mobilizazioak karbonoa sortzen? Bai, txapel gorriek eta...