Traineru bakarra

2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Abertzaletasunak, beste edozein diskurtso nazionalistak bezala, subjektu politiko bat zedarritzea du xede; nazioa. Diskurtso nazionalistak, naziokoa nor den eta nor ez den esango digu, hortaz. Nazioa definitzea helburu politiko konkretu bat(zuk) lortzeko estrategia politikoa da, helburu politiko bat(zu)en aldeko subjektua mugatzen ari baita. Ñabardurak ñabardura, abertzaletasunaren kasuan, helburu politiko hori independentzia izan da. Hortaz, euskal nazioaren diskurtso bat egokia izango da definizio horrek barnebiltzen duen jende multzoak helburu politiko horrekin bat egin eta multzo hori zabaltzen laguntzen badu. Laburtuz, diskurtso abertzale bat ona izango da subjektu independentista indartsua egituratzeko gaitasuna badu.

Abertzaletasunak, bere sorreratik, independentziaren subjektua egituratzeko modu diferenteak izan ditu, naziotasuna modu diferentean mugatu izan du, alegia. Sabino Aranaren arrazatik hasi, hizkuntza, klase soziala... eta azken urte hauetan historiarekin edo modu deterministan ulerturiko hizkuntzarekin. Saiakera horiek guztiak momentuko egoera soziologikoa kontuan hartuz egin diren estrategia politikoak izan dira; subjektu independentista egituratzeko saiakerak izan dira, beraien tasun eta keria guztiekin.

Hortaz, subjektu independentista eratzeko abertzaletasunak marraztu dituen estrategia ezberdinei kritika egin behar bazaie, ezin zaie egin nazioa deskribatzean akatsa egin dutela esanez; subjektu politikoak diren heinean, eraginkortasun politikoa kontuan hartuz egin beharko zaie kritika. Kritikak, subjektu independentista egituratzerakoan diskurtso abertzale ezberdinek ez dutela eraginkortasuna lortu beharko du izan. Eraginkortasunik ezaren arrazoi nagusiak, nazioa subjektu politiko ez kontsideratzetik eratorritakoak dira. Eta zehazkiago, identitate politikoa den naziotasuna borondatez kanpoko (arraza, kultura, hizkuntza, historia…) elementuekin hesitzeak ekarri dituen auto-mugatzeak izan dira. Zaila egiten da, ezinezkoa ez esatearren, faktore objektibo bat(zu)ekin subjektu politiko eraginkor bat artikulatzea. Zein litzateke orduan subjektu independentistako kide? Euskara dakiena? Nafarra dena? Langile klasekoa dena? EHn bizi dena?... Subjektu independentista egituratzeko diskurtsoak, sarriegi, elkar ezabatzen zuten eta duten diskurtsoak izan dira eta dira; naziotasuna modu absolutuan planteatzen baitute eta diskurtso ezberdinak bateraezin egiten baitituzte. Euskaratik bakarrik, historiatik bakarrik, klase posiziotik bakarrik… subjektu independentista eraginkor bat egituratzea oso zaila da.

Nazioaren diskurtsoek, subjektu independentista egituratzeko diskurtsoak direnez, «zer gara?» galderari erantzuten saiatu beharrean «Zer nahi dugu?» galderari erantzun beharko liokete. Subjektu politikoa baldintza objektiboekin zedarritu beharrean, baldintza subjektiboekin (nahi politikoarekin) mugatubeharko lukete alegia. Horrela, subjektu independentista indartsu bat egituratuko duen diskurtso independentista eraginkor bat eraikitzeko, nazioaren esentziatzat (euskara, kultura, historia, klasea…) izan ditugun faktore objektiboak, subjektibo bilakatu (erlatibizatu) behar ditugu, hau da, eskari politiko (demanda) moduan planteatu behar ditugu. Diskurtso absolutuen zurruntasunetik diskurtso erlatiboen erabilgarritasunera igaro behar dugu. Adibide zehatzekin azalduz, «euskaraz dakit» edo «langile klasekoa naiz» batetik «euskaraz bizi nahi dut» edo «sozialismoa nahi dut» batera pasatu behar dugu.

Lehenengo baieztapenetatik ezin da euskararen edo sozialismoaren aldeko jarrerarik ondorioztatu; bigarrenetatik, aldiz, bai. Lehenengoek ez dute dimentsio politikorik; bigarrenek, aldiz, bai. Eta azkenik garrantzitsuena, lehenengo baieztapenak naziotasunerako baldintzatzat jartzeak independentista izateko baldintza horiek betetzea dakartenez, ezinezkoa egiten dute subjektu independentista indartsu eta eraginkorra egituratzea. Bigarren baieztapenek aldiz, subjektu independentista indartsua egituratzea ahalbidetzen dute.

Faktore objektiboak (kulturalak, ekonomikoak, linguistikoak…) subjektibo (politiko) bilakatzea, artikulazio politikoa ahalbidetzen duen oinarri-oinarrizko baldintza da. Zergatik? Jada eskari politikoen eremuan kokatzen garenez, helburu politiko bateratuak bilatzea eta horien alde aritzea posible egiten delako.

Euskal Herrian eskari politiko diferenteak artikulatzeko gaitasuna duen helburu politikoa independentziarena da. Baina artikulazioa egin ahal izateko helburu izatetik bitarteko izatera pasatu behar da. Hau da, independentziak instrumentala behar du izan; ezinbesteko bigarren baldintza subjektu independentista eraginkor bat egituratzeko. Horrela, eskari politiko partikular bakoitzak, independentzian ikusiko luke bere helburuak lortzeko bide egokiena. Subjektu independentista modu horretan egituratzeak bakoitzak bere txalupatxoan eta elkarren lehian arraunean aritzetik denok traineru berean (bloke historikoan) arraun egitera eramango gintuzke. Arraunlari diferente asko dituen traineru bakarra da behar duguna, hortaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.