Tradizio tamalgarri bihurtzear

2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Beste urte bat eta arazoaren mamiari heldu gabe. Alarde parekideak direla eta, urteroko adierazpenak entzuten ohitu gara. Alarde parekideko parte hartzaileen kexuak instituzioek egiten dieten bazterketagatik, eta instituzioak hitz politez baloiak kanpora botatzen. Hala iruditu zitzaidan niri Emakundeko zuzendariak iaz esandakoa irakurri ondoren.

Bi herritako gatazka hau luze jotzen ari da, eta herritarrak ez badira engaiatzen, zaila da konpontzea. Hala ere, egun gatazka hau luzatzeko arrazoi bakarrak hainbat alderdi politikori jarreraz aldatzeak ekar liezaiokeen boz-galera du oinarri. Alderdi horietatik batek ere ez du lehen fitxa mugitu nahi, besteei abantailarik ez ematearren. Boterea galtzeko beldur dira, eta horrek buru-perlesiak jota uzten ditu, urteroko zurrunbiloa sortuz.

Eta zurrunbilo horren barruan Emakunde eta Arartekoa sartzen ditu gatazka honek, hurrenez hurren, emakumeak eta askatasunak defendatu beharko lituzketen erakundeak, hain zuzen. Gai honen inguruan, nire iritziz, bi erakunde horiek egindako lana ez da jarrera sinbolikotik harantzago joan, urtean behin bertara azaldu eta iritzia eman, baina urtean zehar gatazkan inplikatuta dauden erakundeen eta erantzuleen aurka zuzen jo gabe. Hots, Udala alderdi politikoek osatzen dute, eta Udalaren jarrera alderdi politiko batzuek bultzatzen dute eta izen berezia dute. Baina inoiz ez da haien adierazpenetan horien izenik azaltzen. Ez da harritzekoa, bestalde, azken finean alderdi politiko horiek dira Emakunderi eta Arartekoari jaten ematen dietenak.

Alta, badute bi erakunde horiek gatazka hau behin betiko konpontzeko bidean, iritzia emateaz gain, ekimen eragingarriagoak egiteko aukerarik behintzat. Hona hemen hainbat adibide: alarde parekidea baztertzen duen ororen izenak aipatuz adierazpen publikoak egitea, eskubideen aldeko erakundeetan salaketak egitea estatukoetan zein nazioartekoetan, Europara eramatea, haiekin ez biltzea, boikota egitea... Bada garaia pauso ausartagoak emateko.

Horren harira, Eudelen gertatutakoa beste adibide tamalgarria dugu. Bertako zuzendaritzan nor eta Irungo alkatea jarri dute, Irungo emakumeak baztertzen dituen alkatea sarituz. Nola gerta daiteke horrelakorik inork ezer esan gabe? Ez Emakundek, ez Arartekoak, ez oposizioko alderdiek, ez euskal mugimendu feministaren adierazpenik ere. Nik behinik behin ez dut horren inguruan ezer irakurri, eta agian oker nago. Nola onar daiteke EAEko udalak ordezkatzen dituen instituzio batean bere herriko emakumeak baztertzen dituen ordezkari politiko bat? Hori ikusita, ez nau harritzen Irungo (eta Hondarribiko) alkatea harrokeriaz eta larderiaz aritzeak, ez baitio inork haren jarrera edonoiz eta edonon aurpegiratzen, lasai arraio bizi da.

Hurrengo urteei begira ez bada ekinbidea aldatzen, berdin segitu eta ahozko adierazpenak tradizio tamalgarri bihurtzeko arriskua izango dugu; bitartean, baztertzaileak pozik, ez dutelako inolako presio zuzenik sentitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.