Tourra eta armarriak, 44 urte geroago

2023ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Heraldikaren munduan, armarria, kontaketa jakin baten euskarri fisikoa da. Armarri batek hitz egiten du, zerbait kontatzen du beti. Eskuarki, armarria diseinatzen duenak berak kontatzen ditu bere herrialdearen edo leinuaren lorpenak edota subjektuaren balentriak, munduak izan dezan berari buruzko irudirik positiboena. Eskuarki, ez beti. Arerioak edo etsaiak egindako diseinua bada, ezin da espero bestearen loraldiak eta edergarriak kontatzea. Ohikoena da kasu horietan irudi gutxiesgarriz eta iraingarriz hornitzea kontaketa. Hori da, Espainiako Inperioak Gipuzkoari emandako armarriaren kasua: Gaztelako errege, kanoi eta erdarakadaz osatua.

Horren jakitun, Jose Antonio AgirreLekube lehendakari zela, 1936ko urriaren 21ean argitaratutako dekretuak Gipuzkoako armarritik ezabatzea agintzen du «botere monarkikoa edo jauntxokeria adierazten duten eta anai-arreben arteko borrokak sinbolizatzen dituzten ezaugarriak». Ondorioz, Hegoaldeko lau Lurralde Historikoetako lau kuartelak blasoi bakarrean batuko ziren. Euskalnafar askatasunaren zuhaitzak sinbolizatzen duen Gernikako arbolaren haritz hostoen koroa batez inguratuta.

Franco jeneralak eta haren aldeko ejertzitoaren jarraitzaileek, ordea, estatu kolpea eman ondoren ezarri zuten diktadura frankistaren agintaldian Jaurlaritza legez kanpo utzi eta Inperioaren armarri kanoiduna berriro erabiltzea agindu zuten. Franco 1975eko azaroaren 25ean ohean hil zen. Diktadura espainiarraren eta errepresioaren amaiera izango zenaren esperantza piztuta, 1976ko uztailaren 21ean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Imanol Olaizola diputatuak proposatu zuen probintziaren armarri heraldikoaren berrikuspena. Hiru urte geroago, 1979ko uztailaren 2an, Gipuzkoako Batzar Nagusiak Oiartzunen bilduta, Gipuzkoako armarriaren aldaketa bozkatu behar zuten; hasiera batean, goiko ezkerreko laurdenean Juana La Locaren aginduz irudikatzen ziren hamabi kanoiak kentzeko.

Bozketari hasiera eman aurretik, ordea, Mario Onaindiak (Euskadiko Ezkerra) eskatu zuen «[Azken] berrogei urte hauetan indarrean egon den armarria, Agirre lehendakariaren Euzko Jaurlaritzak erabili zuenagatik ordezkatzea». Aldundiko idazkariak aurkeztutako testuak ikusita, bi proposamen desberdin zeudela zehaztu zuen: Foraltasuna berreskuratzea eta hasieratik gai zerrendan zeuden armarriaren aldaketari buruzkoa.

Diputatu Nagusiak gaiaren funtsa bozkatzea proposatu zuen; proposamena onartuz gero, Foru Aldundira aurkez zedin behar ziren jarduera eta espedienteei jarraipena emateko. Batetik, Canovas del Castilloren 1876ko uztailaren 21eko Foruen deuseztatze legeak ezabatu zuena arbuiatu eta Foraltasuna berreskuratzea; eta bestetik, Jose Antonio Aiestaranek proposatutako hiru puntuak. Guztiak aho batez onartu ziren.

Prozesu osoa Gipuzkoako Batzar Nagusien Aktetan kontatua dago, baina, historialari gutxi batzuk baino ez dute jasotzen osorik eta batera 1979ko uztailaren 2an Oiartzunen bildutako Batzar Nagusiek onartutakoa; alegia:

1.1.- Canovas del Castillo buru, Espainiak 1876an alde bakarrez ezabatutakoForuak berrezartzea.

2.1- Gipuzkoako armarrian, goien eskuineko aldean dauden (Belateko) kanoiak ezabatzea.

2.2- 1936ko Estatutuak onartutako armarria berrezartzea.

2.3- Anaikidetasun mezua bidaltzeaNafarroa Garaiko Foru Parlamentura eta gertatutakoaren berri ematea.

Beste garai batzuk ziren 1979koak. Urtebete lehenago, 78ko erregimenaren Konstituzioak eskari horiek denak bazterrean utzi eta Espainiaren uniformatze prozesuarekin aurrera jarraitu zuten. Nazionalismo espainiarrak denbora behar izan du garai hartako indar erlazioa hankaz gora jartzeko; baina gaur, ezkerreko zein eskuineko hango nazionalistek, Canovasek ezabatutako Foruak berrezartzea ukatu ez ezik, «autonomia» desagerrarazi eta, gipuzkoar batzuk Nafarroaren konkistan Gaztelaren alde aritu zirela gogoratzeko, Juana la Locak ezarritako Belateko kanoiak berrezarri nahi dituzte gure kontakizunean. A! eta 2023ko uztailaren 2an, justu 44 urte geroago, Tourra pasatu berri da Oiartzundik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.