Xabier Makazaga.

Torturatzaileak goi karguetan

2017ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Kepa Urra 1992an bortizki torturatzeagatik inputaturiko lau guardia zibilek gaur egun kargu oso garrantzitsuak dituzte eta, itxura guztien arabera, laster ezarriko diete laurei jeneralen ezaugarri den gerrikoa. Bereziki, azken hilabeteetan zeresan handia eman duten biri. Espainiar gobernuak Katalunian errepresio polizialaz arduratzeko aukeratu duen Diego Perez de los Cobos da haietako bat. Bestea, Manuel Sanchez Corbi, zeinak liburu bat idatzi berri duen eta horren harira komunikabideetan hainbat elkarrizketa eskaini.

Hain izan zen latza Kepa Urrak guardia zibilen atzaparretan pairatu zuena, Basurtun ospitaleratu behar izan zutela, egoera larrian, eta bertan aztertu zuen auzi-medikuaren txostenak ez zion zalantzari inongo zirrikiturik utzi: hainbat ubeldu zituen begietan, ekimosia lepoan, urratuak eskumuturretan, eta baita bihotzeko arritmia ere. Horrez gain, txostenak zioen biktima konorterik gabe zegoela eta hainbat odol marka zituela, egin berriak, sudur-zuloetan, ahoan eta eztarrian.

Bizkaiko Auzitegiak 1997an erabaki zuen Urra hain bortizki torturatu zutenetako bat Manuel Sanchez Corbi izan zela eta, lau urteko espetxe zigorraz gain, sei urteko inhabilitazioa ere ezarri zion. Auzitegi Gorenak urtebetera jaitsi zion espetxe zigorra, baina ez zuen bertan behera utzi inhabilitazioa eta orduan, berehala, Gobernuak indultatu egin zuen.

Joan den urtetik, Guardia Zibileko Unitate Nagusi Operatiboan Koronel Burua da eta, polizien SUP sindikatuak dioenez, bera da «Rodriguez Galindo jeneralaren oinordekoa, uste baitu gorputz militar hori espainiar aberriaren esentzia dela eta erakunde guztien gainetik dagoela». Nolanahi ere, Galindoren antzera, Sanchez Corbi hamaika domina jasotakoa da. Besteak beste, bizi guztirako ordaina dakarten Guardia Zibilaren Merituzko bost gurutze gorri, haietako bi kondenatu zuten urtean ezarriak, eta frantziar domina gorena den Ohorezko Legioa.

Azken domina hori jaso izanaren harira hasi zen elkarrizketak eskaintzen, 2015ean, eta Odola, izerdia eta bakea izeneko liburu bat idatzi duenetik ekin dio berriro komunikabideetan azaltzeari Guardia Zibila goraipatzeko. Adibidez, harro kontatuz familiakoak erabili izan dituztela frantziar estatuan egindako ETAren kontrako operazioetan. Bai, harro agertu zen emazte eta haurrez baliatu izanaz etakideak zelatatzeko.

Zehazki, Onda Cero irratian egin zioten elkarrizketa batean esan zuen berak ere erabili izan zuela bere familia halako operazioetan eta Intxaurrondoko guardia zibilek beste horrenbeste egiten zutela. Gezur batzuk ere bota zituzten elkarrizketa hartan. Hala nola, Sanchez Corbiren haurtzaroari buruzko bat. Irungo Guardia Zibilaren kuartelean eman omen zuen haurtzaroa. Bada, egiazki, Debako kuartelean izan zen, bere aita bertan zelako, eta ez dakit zergatik zabaldu duten gezur hori.

Kepa Urra torturatzeagatik inputatu eta epaituriko Arturo Prieto Bozec ere guardia zibil baten semea da. Bere aita zerbitzu sekretu frankistako kide ezaguna izan zen eta 1977ko urtarrilean Madrilen gertaturiko krimen oso ezagun batean inplikatua egon zen, Atotxako bost abokatu laboralisten erailketa izugarrian. Gainera, epaiketan deklaratzera deitu zutenean, ez zen agertu.

Almeriako Komandantzian Koronel Buru den Arturo Prieto ez zuten Urra kasuan kondenatu, baina bai Kepa Urrarekin batera atxiloturiko beste lagun batzuk jasandako bi tortura kasuetan. Bietan, Bizkaiko Auzitegiak frogatutzat eman zuen atxilotuak torturatu egin zituztela, Arturo Prieto horren jakitun izan zela, instruktore gisa, eta ez zuela ezertxo ere egin tortura haiek eragozteko. Horregatik kondenatu zuten bi aldiz, baina, beste askotan bezala, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zituen bi sententziak.

Urra kasuan inputatuak izan ondoren ibilbide esanguratsu askoa egin duten beste bi guardia zibilak Alejandro Hernandez Mosquera eta lehen aipaturiko Diego Perez de los Cobos dira. Biak joan zitzaizkion bisitan Kepa Urrari Basurtuko ospitalera eta hark laguntza eske bota zituen oihuak entzutean bertaratu zen erizain batek ahotik odola zeriola aurkitu zuen, baina epaileek bien errugabetasun-presuntzioa mantentzea erabaki zuten, nahiz eta sententzian jaso oso «bitxia» izan zela bisita hura egiteko biek emandako arrazoia.

Gaur egun, biek dituzte kargu oso garrantzitsuak. Hernandez Mosquera Gobernu Lehendakaritzako Segurtasun Departamentuaren buru izendatu zuten 2012an, eta are urte gehiago daramatza Perez de los Cobosek Estatu Segurtasuneko Idazkaritzan, Koordinazio Kabinetearen zuzendari gisa.

Benetan esanguratsua da espainiar agintariek azken hori aukeratu izana kataluniar independentziazaleen kontrako errepresioaz arduratzeko eta haiei espainiar Konstituzioa onarrarazteko. Izan ere, bere gaztaroan konstituzio horren kontrako jarrera ultraeskuindar nabarmena izan baitzuen. Horren adibide nabarmena da, Tejerok estatu kolpea eman zuen egunean, 1981eko otsailaren 23an, Guardia Zibilaren kuartel batera joan izana, falangisten alkandora urdina jantzita, bere burua estatu kolpe hura sostengatzeko eskaintzera.

Beraz, Kepa Urrak jasandako tortura latzetan zerikusi zuzena izandako lau guardia zibilek gaur egun oso kargu garrantzitsuak dituzte eta, itxura guztien arabera, urte gutxiren buruan jeneral izendatuko dituzte, Galindorekin egin zuten bezala.

Torturari dagokionez, hori da espainiar Estatuko errealitate gordina: torturatzaileek, zigor egokiak jaso beharrean, indultuak, dominak eta goi-karguak jasotzen dituzte. Eta hori dena gutxi balitz, batzuetan jeneralen ezaugarri den gerrikoa ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.