Xabier Makazaga.

Torturaren ukazioa ikertuz

2018ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Auzitegiak aho batez erabaki du, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasuan, Europako Giza Eskubideen Konbentzioaren 3. artikulua urratu zela, edukiz —tratu ankerrak emanda— nahiz prozeduraz —horiek ez ikertuta—, eta bi etakideei 50.000 euroko kalte-ordaina ematera kondenatu du espainiar Estatua.

Portuk eta Sarasolak atxilotu ondorengo bi orduetan jasandakoagatik hartu du Estrasburgok erabaki hori. Espainiar agintariek ezin izan dutelako eman azalpen itxurosorik orduan egin zizkieten zauriei buruz. Izan ere, atxiloaldian zauriak jasoz gero, frogaren zama atxilotzaileen gain jartzen baitu Europar Giza Eskubideen Auzitegiak.

Eta hain zauri nabarmenik ez badago? Bada, kasu horietan badirudi espainiar epaileen antzera jokatzen duela Estrasburgok, ez baitu tutik esan Mattin Sarasolak bost egunez jasandako tortura latzez. Portu eta Sarasola torturatzeagatik lau guardia zibil kondenatu zituzten Donostiako epaileen iritziz, bi etakideak Intxaurrondoko kuartelera eraman eta inkomunikatu zituztenetik aurrera ez zegoen torturarik frogatzerik eta Estrasburgoko epaile gehienen iritzia oso antzekoa da nonbait.

Espainiar epaileek beti jarri izan dute frogaren zama guztia inkomunikatuta egondako torturatuen gain, nahiz eta ederki jakin, inkomunikazioaren eraginez, haiei guztiz ezinezko zitzaiela frogatzea benetan gertatua. Amnistia Internazionalek egoki salatu bezala, inkomunikazioak atxilotuaren eskubide guztiak jaten dituen zulo beltz bat sortzen baitu. Frogak ezinezko egiten dituen zulo beltza.

Zuzenbidean antzina esaten zen frogaren zama beti zerbait baieztatzen duenaren gain dagoela, eta ez ukatzen duenaren gain. Gero, ordea, argi geratu zen, hainbat kasutan, ukatzen duenak froga bere esku izan arren, fede txarrez ezkutatzen duela, eta aldi berean baieztatzen duenari ezinezko zaiola dioena egia dela frogatzea. Horregatik sortu zen jurisprudentzian gaur egun onarpen zabala duen doktrina bat, frogaren zama dinamikoen banaketarena, zeinak dioen, kasu horietan, frogaren zamak ukatzen duenaren gain izan behar duela.

Bada, lehen aipatu tortura salaketetan nabarmen bete izan dira doktrina hori aplikatzeko beharrezko diren baldintzak. Batetik, Estatua ukatu egin delako atxiloaldiak gutxieneko baldintza batzuekin grabatzera, nazioarteko hainbat erakundeen eskaerei muzin eginez, eta horrela eragotzi egin duelako benetan gertatua ezagutu zedin. Bestetik, salatzaileei guztiz ezinezko zitzaielako inongo frogarik ematea.

Hala ere, espainiar epaileek torturatuen gain jarri izan dute beti frogaren zama guztia, eta hori behingoz konpondu beharreko injustizia itzela da. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landak aspaldi proposatu zuenari behingoz kasu eginez. Tortura eta tratu ankerrak salatu dituztenei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jarriz.

Hauek izan ziren Landaren hitzak: «Estatuak bere burua eraginkortasunez babesten duenez, bere jarduera kriminala konpentsatzeko beharrezkoa da, frogaren zamari dagokionez, inbertsio eraginkor bat ematea». Alegia, Estatuaren ezaugarriak kontuan hartuz, Estatuak berak egin behar diola aurre frogaren zamari eta ez haren biktimek.

Jon Mirena Landak proposaturiko soluzioa izan zen «egiaren bilaketarako mekanismo proaktibo bat sortzea», azken hamarkada hauetan Euskal Herrian gertaturiko giza eskubideen urraketa guztiak argitzen saiatzeko, eta zer esanik ez torturarekin gertatua ikertzea izan beharko lukeela mekanismo horren zereginetako bat.

Pako Etxeberriak gidatuta, Eusko Jaurlaritzarentzat EHUk egindako ikerketa pauso oso garrantzitsua izan da zentzu horretan. Izan ere, frogaren zama tortura salatu dutenen gain jarri arren, oso modu egokian egin baitute, haien sinesgarritasuna Istanbuleko Protokoloaren bidez neurtuz.

Hori bai, torturatuak izan direla salatu dutenen sinesgarritasuna neurtu ondoren, guztiz beharrezkoa da tortura ukatzen dutenen gain jartzea frogaren zama eta Portu-Sarasola kasua egoki askoa iruditzen zait ikerketa horri ekiteko. Kasu horretan, Estatuko botere guztiek hartu baitzuten parte tortura ukatu eta torturatzaileak babesteko orduan.

Duela urte batzuk idatzi eta Interneten jarri nuen liburu batean, El caso Portu-Sarasola. Los encubridores de la tortura al desnudo, hamaika adibide jarri nituen botere horien parte-hartzeaz eta argi utzi nuen, Estatuko laugarren boterea diren komunikabideei dagokionez, zeintzuk duten ardura nagusia.

Komunikabide horien arabera, espainiar gorputz polizialek «batere indarrik erabili gabe» lortu izan dute inkomunikaturiko euskal militanteek den-dena «zehatz-mehatz» aitortzea. Aldi berean, ordea, behin eta berriro azpimarratu izan dute militante horien «ohiko isiltasuna» frantziar Estatuan atxilotu dituztenetan. Aitorpenak trumilka Espainian eta isiltasuna errege Frantzian.

Bada, komunikabide horiek ez diote inoiz lerro bakar bat ere eskaini kontraste itzel hori aipatzeari, espainiar herritar gehienek egin duten berbera eginez. Javier Ortiz kazetariak ederki nabarmendu zuen bezala, ez baitute ezer jakin nahi torturaz, «oso ondo datorkielako horri buruz ezertxo ere ez jakitea».

Horregatik da hain garrantzitsua exijitzea lehenbailehen osa dadin Jon Mirena Landak proposaturiko egia bilatzeko mekanismo proaktibo hori, torturaren ukazioa iker dezan frogaren zama ukatzaileen gain jarriz. Soilik horrela jasoko baitute behingoz milaka herritarrek hain beharrezkoa duten egia osoa, justizia eta erreparazioa, inoiz berriro halakorik gertatuko ez zaienaren bermearekin.

Berandu baino lehen izan dadila!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.