Xabier Makazaga.
Estatu terrorismoaren ikertzailea

Torturaren ukazioa behingoz ikertu

2024ko abuztuaren 30a
05:00
Entzun

Espainiar epaileek, bereziki Auzitegi Nazional eta Gorenekoek, beti jarri izan dute tortura frogatzearen zama guztia inkomunikatuta egondako torturatuen gain. Oso ondo dakite, ordea, Amnistia Internazionalek egoki asko salaturikoa: inkomunikatuak egondakoei ia beti guztiz ezinezko zaiela gertaturikoa frogatzea, inkomunikazioak atxilotuaren eskubide guztiak jaten dituen zulo beltz bat sortzen duelako. Frogak ezinezko egiten dituen zulo beltza.

Hara hor behingoz konpondu beharreko injustizia itzela. Adibidez, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendari izandako Jon Mirena Landak aspaldi proposaturikoari kasu eginez. Hau da, tortura eta tratu ankerrak salatu dituztenei ezinezko frogak exijitu beharrean, frogaren zama tortura ukatzen dutenen gain jarriz.

Berak proposaturiko soluzioa izan zen «egiaren bilaketarako mekanismo proaktibo bat sortzea», azken hamarkada hauetan Euskal Herrian gertaturiko giza eskubideen urraketa guztiak argitzen saiatzeko. Eta, zer esanik ez, torturarekin gertatua ikertzea izan beharko lukeela mekanismo horren zereginetako bat.

Zuzenbidean esaten zen frogaren zama beti zerbait salatzen duenaren gain dagoela eta ez ukatzen duenaren gain. Gero, ordea, argi geratu zen, hainbat kasutan, ukatzen duenak froga bere esku izan arren, fede txarrez ezkutatzen duela, eta aldi berean salatzen duenari ezinezko zaiola dioena egia dela frogatzea. Horregatik sortu zen jurisprudentzian gaur egun onarpen zabala duen doktrina bat, frogaren zama dinamikoen banaketarena, zeinak dioen, kasu horietan, frogaren zamak ukatzen duenaren gain izan behar duela.

Hamarkadetan, Euskal Herrian izandako tortura salaketetan, nabarmen bete izan dira doktrina hori aplikatzeko beharrezko diren baldintzak. Batetik, estatua ukatu egin delako atxiloaldiak gutxieneko baldintza batzuekin grabatzera, nazioarteko hainbat erakunderen eskaerei muzin eginez, eta horrela eragotzi egin duelako benetan gertatua ezagutu zedin. Bestetik, inkomunikazioaren eraginez, salatzaileei ia beti guztiz ezinezko izan zaielako frogak ematea.

Pako Etxeberria mediku forentseak gidaturik, Eusko Jaurlaritzarentzat EHUk egin zuen ikerketa pauso oso garrantzitsua izan zen torturaren errealitateari bide egiteko. Izan ere, frogaren zama tortura salatu dutenen gain jarri zuten arren, modu egokian egin baitzuten, Istanbuleko Protokoloaren bidez neurtuz haien sinesgarritasuna.

Hori bai, torturatuak izan direla salatu dutenen sinesgarritasuna neurtu ondoren, guztiz beharrezkoa da tortura ukatzen dutenen gain jartzea frogaren zama eta Portu-Sarasola kasua egoki askoa iruditzen zait ikerketa horri ekiteko. Kasu horretan, estatuko botere guztiek hartu baitzuten parte tortura ukatu eta torturatzaileak babesteko orduan.

Hala azaldu nuen duela urte batzuk idatzi eta Interneten jarri nuen liburu batean, El caso Portu-Sarasola. Los encubridores de la tortura al desnudo. Bertan, estatuko laugarren boterea diren komunikabideei dagokienez, argi utzi nuen zeintzuk duten ardura nagusia: «iturri antiterroristak» deiturikoengandik jasotzen dituzten gezurrak zabaltzen espezializatuak dauden kazetari batzuk. Adibidez, Portu-Sarasola kasuan, Guardia Zibilak La Razón egunkariko zuzendariorde den Jesus Maria Zuloagaren bidez zabaldu zituen gezur gehienak.

«Iturri antiterroristak» aipatu zale diren kazetari horien arabera, espainiar gorputz polizialek «batere indarrik erabili gabe» lortu izan dute inkomunikaturiko euskal militanteek den-dena «zehatz-mehatz» kontatzea. Aldi berean, ordea, espainiar komunikabideek behin eta berriro azpimarratu izan dute militante horien «ohiko isiltasuna» frantziar estatuan atxilotu dituztenetan. Aitorpenak trumilka espainiar estatuan eta isiltasuna errege frantsesean.

Errealitate ukaezin horren aurrean, aipatu komunikabideek inoiz ez diote lerro bakar bat ere eskaini hain esanguratsua den kontraste itzel hori aipatzeari. Javier Ortiz kazetariak ederki nabarmendu zuen bezala, ez baitute ezer jakin nahi torturaz, «oso ondo datorkielako horri buruz ezertxo ere ez jakitea».

Horregatik da hain garrantzitsua exijitzea lehenbailehen osa dadin Jon Mirena Landak proposatu zuen egia bilatzeko mekanismo proaktibo hori. Besteak beste, torturaren ukazioa iker dezan, frogaren zama ukatzaileen gain jarriz. Torturatuak izan diren milaka herritarrek soilik horrela jasoko baitute behingoz hain beharrezkoa duten egia osoa, justizia eta erreparazioa, inoiz berriro halakorik gertatuko ez zaien bermearekin.

Zeren beldur dira ikerketa hori egiteari uko egiten diotenak?

Egiari diote beldur. Egia osoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.