Felipe Gonzalez Presidente aukeratua izan orduko jarri zuten martxan Plan ZEN ezaguna, 1982ko bukaeran. Gomendio asko zekartzan plan famatu hark eta, tartean, oso argi zioen tortura salaketen aurrean egin beharrekoa: salatzaileen kontrako kereilak jarri. Helburu nabarmenarekin jarri ere, haien kontrako kondenak lortzea, bi aldiz pentsa zezaten salatu aurretik.
Horixe egin dute geroztik hamaika aldiz, kereilak jarri, torturak salatu dituztenen kontra ez ezik, baita salaketa horiek hedatzen saiatu direnen kontra ere. Bereziki, salatzaileen abokatuen kontra, eta begi bistakoa da hala jokatuz zabaldu nahi izan duten mezua: torturak salatzea oso garesti ordain dezakete… baita abokatuek ere.
Kereila horien ondorioz, duela lau urte Aiert Larrarte abokatua epaitu zuten. Guardia Zibilak atxiloturiko gazte batek jarritako tortura salaketa prentsaurreko batean ezagutzera emateagatik epaitu ere. Errugabe zela erabaki zuten. Orain, ordea, kondenatu egin dute beste tortura kasu ezagun batean Larrartek egindako berbera egin zuen Alfonso Zenon.
Ertzaintzak atxiloturiko bederatzi gaztek salaturikoa berretsi besterik ez zuen egin abokatuak prentsaurreko batean. Ondarroa eta inguruetan atxilotu zituzten 2010eko urtarrila bukaeran, eta Zenonek garai hartan Barne Kontseilari zen Rodolfo Aresi egotzi zion gazteek jasandako torturen ardura.
Honek, orduan, abokatuaren kontrako kereila jarri zuen, «era lotsagarrian» gezurretan jardun zelakoan berari eta Ertzaintzari buruz. Aresek zioenez, atxilotuek egindako tortura salaketak zeharo faltsuak izan baitziren. Epaiketan berretsi egin zuen salaketa, baina ezin izan zuen inongo azalpen sinesgarririk eman faltsutasun hori frogatzen omen zuten grabazio batzuen inguruan. Izan ere, Arartekoak grabazioak eskatu baitzizkion Aresek gidatzen zuen Barne Sailari, eta ukatu egin zioten haiek ikustea.
Atxilotuak batere tratu txarrik jaso ez zutenaren froga gisa jarri zituzten grabazio haiek, segurutzat eman zutelako inongo epailek ez zituela eskatuko. Oso oker zebiltzan, ordea, Arartekoak ez ezik, Durangoko instrukzio epaile batek ere eskatu egin baitzituen, eta aitzakia merkeak besterik ezin izan zituzten eman ez erakusteko, bai kasu batean bai bestean.
Arartekoa izan zen haiek eskatzen lehena. Alfer-alferrik eskatu ere, eta azkenik oso ebazpen gogorra plazaratu zuen esanez baliozko inongo arrazoirik ez ziotela eman grabazioak ikustea ukatzeko. Geroago, berriro eskatu zituen eta orduan zera erantzun zioten: «iraganda dago jada grabazioak gordetzeko gutxieneko epea [hiru hilabete] eta grabaturiko materiala suntsitu egin dugu».
Urte batzuk lehenago, ordea, oso bestelako azalpena eman zioten halako kasuetan egiten zutenari buruz. Arartekoak bere 2006ko Informean jaso zuenez, Barne Sailak esan zion, «susmoa, kexa edo salaketa zegoenetan», ertzainek grabazioen kopia bat egiten zutela eta «gorde ikerketak irauten zuen bitartean». Beraz, Ondarroa eta inguruetan atxiloturiko bederatzi gazte haien kasuan, derrigorrezkoa zen kopia bat egitea, arrazoiak soberan baitzeuden horretarako: atxilotuen eta abokatuaren salaketa, Aresen kereila, Arartekoaren ikerketa...
Bestalde, 2010eko Informean Arartekoak azpimarratu zuenez, bere taldeak ikusiak zituen hiru hilabete baino askoz ere denbora luzeagoan gordetako beste grabazio batzuk. Batere garrantzirik gabeak zirenak, gainera. Horregatik, oso itxura txarra hartu zion hari guztiari, eta esan zuen «bereziki kezkagarria» iruditu zitzaiola, bederatzi atxilotu haien kasuan, grabazioak suntsitu izana. Izan ere, «haien edukia ikusteko interesa behin baino gehiagotan eta esplizituki agertu baikenuen, eta, gainera, atxiloketa horien ondoriozko prozedura penalek martxan jarraitzen baitute».
Alfonso Zenon abokatuak ere behin eta berriro eskatu zien Rodolfo Ares eta Barne Sailari grabazioak erakuts zitzaten. Hainbat erakunde herritarrek ere beste horrenbeste egin zuten, azpimarratuz tortura salaketak faltsuak edo egiazkoak ziren frogatuko zutela bideoek. Halakoetan ohi denez, ez zieten batere erantzunik eman eskaera haiei guztiei.
Lehen aipatu Durangoko instrukzio epaileari bai, hari erantzun zioten atxiloturiko baten grabazioak eskatu zituenean, Urtza Alkortarenak, zeina iaz oso ezaguna egin baitzen ekintza ikusgarri bategatik. Ondarroako zubi baten inguruan ehunka lagunek osaturiko herri harresiak bost egunez lortu zuen eragoztea Ertzaintzak berriro Urtza atxilotzea.
Durangoko epaileari erantzun zioten hark eskaturiko grabazio haiek ez zirela existitzen eta orduan epaileak, inongo azalpenik eskatu gabe, kasua beste auzitegi batera transferitu zuen. Azkenik, ohi denez, artxibatu egin zuten. Eta beste tortura salaketa guztiekin ere gauza berbera gertatu zen. Haietako bat berak ez zuen aurrera egin.
Azpimarratzekoa da beste inongo epailek ez zuela batere beharrezkoa ikusi tortura salaketen faltsutasuna frogatzen omen zuten grabazio haiek eskatzea Ertzaintzari. Eta are gutxiago eskatu zituzten azalpenak haiek suntsitu izanari buruz, nahiz eta suntsiketa hura hain susmagarria izan. Horrela, berriro ere, espainiar (in)Justizia oso nabarmen geratu zen.
Bitartean, Alfonso Zenonen kontra Rodolfo Aresek jarritako kereila ez zuten, ez, artxibatu, tortura salaketak bezala. Eta azkenik kondenatu egin dute. Hara beste adibide esanguratsu bat espainiar (in)Justiziaren jokaeraz torturari dagokionez. Torturatzaileen eta tortura estaltzen dutenen kontra jo beharrean, tortura salatzen dutenak ditu jomugan, eta horrenbestez torturaren estaltzaile gisa jokatzen du berak ere.
Noiz arte?!
Torturaren estaltzaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu