Torturaren esperientzia latza pairatu zuten bost lagunekin (Iker Moreno, Marta Pikaza, Gorka Loran, Ainara Fresneda eta Amaia Urizar) egindako topaketa baten berri eman zuen BERRIAk 2025eko otsailaren 16an. Benetan amesgaiztoa eta ikaratzeko modukoa da pertsona horiek sufritu zutena eta, horregatik, hausnarketa sakon bat egin nahi dut gai honi buruz, euskal gizartean horren premia larrian baikaude. Gaiaren larritasuna kontuan hartuta, ezin gara gaitzespen hutsean geratu. Jakina, gertatutakoa irmo eta argi gaitzetsi behar dela esan beharrik ere ez dago, baina, hau erabat premiazkoa den arren, gai beldurgarri honek ertz asko ditu eta ezin gara, lehenaldiko kontua bailitzan, arbuio hutsera mugatu. Gogoeta sakonak egiteko aukera ezin hobeak eskaintzen dizkigu eta, hori dela-eta, egingo ditut, euskal gizartean dugun zauri sakon hori denon artean sendatzeko, edo sendatzen laguntzeko.
Lehenik eta behin, bada torturaren gaian betidanik interpelatu nauen gauza bat. Euskal Herriko gatazkari lotutako hainbat eta hainbat kontutan gertatzen denaren kontra, torturaren arloan guztiok ados gaude ikaragarria dela, inolako justifikaziorik ez duela, funtsezko giza eskubideen kontra doala eta gizarte demokratiko batean guztiz onartu ezinezko portaera dela argi eta garbi aldarrikatzeko orduan. Izan ere, hainbat eta hainbat gaitan (independentzia, autodeterminazioa, euskara...) oso ikuspegi desberdina du Euskal Herriko jendeak, gizarte libre eta demokratiko batean guztiz normala dena. Torturaren gaian, eta zorionez, aho batez denok gaude kontra, ezin zen bestela izan.
Horiek horrela, galdera bat datorkit etengabe burura: euskal gizartean, aho batez eta inolako ñabardurarik gabe denok egon bagara torturaren kontra, nola iraun ahal izan du amesgaizto horrek hainbat eta hainbat hamarkadatan euskal gizartean kontrako erreakzio askorik izan gabe? Benetan guztiok, neuregandik hasita, geure buruari egin beharreko galdera dugu hau, eta uste dut Jon Sarasuak Elkarri aldizkariak 1996ko ekainean egin zion elkarrizketan esandakoek torturaren gaiarekin gertatu dena ulertzen lagunduko digutela. Haren adierazpenen zati bat transkribatuko dut, ezin ederkiago azaltzen baitute torturarekin gertatu dena: «Pentsatu izan dut: ‘nik ez dut inoiz inor hilko’. Baina zientzia fikzioa eginez, gerra batean ikusten dut nire burua norbait hiltzeko gauza. Badakit, ordea, ez naizela inoiz iritsiko inor torturatzera... Eta gehiago esango dut... Tortura burutzea bezain grabea iruditzen zait ia, tortura hori izan dela gizarteari ezkutatzea, estaltzea. Tortura ziklo bat da eta kazetariak ere bere funtzioa betetzen du. Urrats bat areago emanaz, nire ikaskideak, nire lagunak ikusten ditut funtzio hori betetzen eta ostras! Orduan... berriz ere tolerantzia ariketa sakona egitea tokatzen zait lagun horiek irribarrez agurtzeko».
Ez dut uste Aretxabaletako bertsolari humanistak esandakoari ezer erantsi behar zaionik: haren hitzek euskal gizartean torturarekin gertatu dena argi azaltzen dutela uste dut: denok, kontra egonda ere, beste alde batera begiratu dugu eta behar adina ahaleginik ez dugu egin amesgaizto horren kontra.
Bigarrenik, beste gogoeta bat egingo dut: askotan abertzaletasunari lotutako ikuspegi politiko hutsetik aztertu dugu torturaren gaia. Izan ere, torturak erabat amorratzen gintuen arren, mugimendu abertzale zehatz bati zegozkion gaien artean sartu dugu. Horregatik, teorian borrokalari handiak zirela esan arren, praktikan askotan oso bakarrik utzi ditugu torturatuak eta haien senide eta lagunak, ez baikinen torturak hainbat eta hainbat pertsonari eragindako sufrimenduaz benetan jabetzen.
Horregatik, nik neuk behintzat, artikulu honen bidez keinu txiki bat egin nahi dut eta barkamena eskatu nahi diet Iker Morenori, Marta Pikazari, Gorka Lorani, Ainara Fresnedari eta Amaia Urizarri, baita torturaren biktimak izan diren guztiei ere. Barkamena, bai, atxilotu eta gogor torturatu zituztenean ez bainituen behar bezainbat sentitu haien oinazea eta sufrimendua.
Amaia Urizarren kasua bereziki aipatu nahi dut, oso mingarria izan zelako. 2004ko urriaren 29an atxilotu zuten Bilboko neska hori eta oso-oso bortizki izan zen torturatua. Haren hitzak hona aldatuko ditut: «Ni guztiz akabatuta nengoen, eta han, Soton [Madrilen], abokatuengana burumakur nindoala, kide batek deitu zidan: ‘Amaia!’. Buelta eman nuen, eta Xabier Alegria zen. Kristoren besarkada eman zidan, eta hitz batzuk xuxurlatu zizkidan: ‘Itziarren semea ez da existitzen; maite zaitugu, lasai egon, ez zaude bakarrik’. Esaldi horrek dena eman zidan une hartan». Bihoakizu zuri, Amaia, nire elkartasun osoa sufritu zenuenarengatik eta, bide batez, une gogor horretan lagundu zizun Xabier Alegriaren bihotz-zabaltasuna aditzera eman nahi dut, sentimendu handiko pertsona dela argi eta garbi adierazi baitzuen momentu latz horretan.
Hirugarrenik, eta aurreko puntuan esandakoei jarraipena emanez, pertsonak, herria eta komunitatea garen aldetik, barkamena eskatu behar diegu torturatu guztiei, askotan bakarrik utzi ditugulako. Jakina, torturatzaileek ere eskatu beharko diete barkamena eta Espainiako Gobernuak hartu beharko ditu horretarako neurriak, baina, behar-beharrezkoa izanda ere, beste batzuei dagokien eginbeharra da hori eta ez da gure ardura. Geuk geurea egin behar dugu, hots, torturaren biktima guztiei barkamena eskatzea, ahal den neurrian erreparazioa ematea eta, inolako planteamendu politikotan sartu gabe, laguntzea, haien ondoan gaudela ikus dezaten.