Tortura psikologikoa, odolik gabeko zauria

2017ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Ertzaintza nire etxera etorrieta atxilotuta eraman ninduten 1997ko otsailaren 7an, hiru egun Arkauten inkomunikaturik. Ez zuten indarkeria zuzena erabili, indarkeriaren mehatxua baizik. Gaueko itaunketetan, hormaren aurka postura berean luzaz egonarazten zidaten, haiek nire atzean, ezin atzera begiratu, ezin posturaz aldatu, jipoiarekin mehatxua. Atzetik oihuka hurbiltzen ziren, horma jo, eta keinu mehatxagarriak egiten zizkidaten. Postura erlaxatzen banuen, berehala jipoiarekin mehatxuka. Beti mehatxuka, egoerarekiko, etorkizunarekiko, familiarekiko... Mehatxuka, hitzez, keinuz, ekintzez eta armen bidez. Ziegan nengoela, kanpoan armarekin zaratak egiten zituzten, klak, klak! Madrilerantz eramateko ziegatik ateratzerakoan, ertzain batzuek, barrezka, beraien uziekin apuntatu zidaten, ihes egiterik izango banu bezala. Ziegan lasaitasun une gutxi izan nituen, kanpoan zaratak egiten ibiltzen ziren, latekin futbolean, loa galarazten. Azken gauean, hamar minutuan behin, bat ziegaren ate aurrean jarri, bota nahiko balu bezala atearekin kolpeka hasten zen, leihatila zabaldu eta txanodun baten gorroto begiak ikusten nituen, ziegara sartu eta jipoitzeko zuen gogoa adierazten. Hormaren aurka nindutela, guardia zibilen eskuetan uzten nindutela esan zidaten, begien aurrean guardia zibilaren uniformea zuen beso bat pausatu eta «gurekin ez duzunez hitz egin nahi, ea hauekin isilik zauden» iseka artean esan zidatelarik. Atxiloaldian, preso bat eta HBko mahaikide bat hil ziren. Horretaz ere baliatu ziren, haiek bezala amaituko nuela mehatxatuz, eta nahiz eta inkomunikatuta egon, min egiteko asmoz informazio hura niri esanez. Laburtuta, hori izan zen nire aurka erabilitako metodoa. Hasieran, psikologikoki torturatua izan nintzela ulertu banuen ere, 2006an, dokumental batean Guantanamoko preso ohi baten lekukotasuna entzutean, oharpena aldatu nuen. Azaldu zuenaren arabera, estatubatuarrek bere aurka erabilitako metodoa mehatxupean ordu luzez jarrera berean egotera behartzea izan zen. Niri egindakoa gauza bera zen, intentsitate ezberdinez. Fisikoki ere torturatua izan nintzela ohartu nintzen, baina era ez nabarmen batean.

Tortura fisikoa nabarmenagoa da, norberarentzat edo besteentzat. Kolpatzen bazaituzte, zer gertatzen den ulertzea ez da zaila; bide sotilagoak erabiliz, gauzak ez dira hain argi ulertzen. Sotilena tortura psikologikoa da. Nola jakin tortura psikologikoa pairatu duzula? Non daude zauriak eta orbainak? Tratu txarretan, jazarpenean... ere, psikologikoa antzematen zaila da, fisikoa ordea ez. Zauri eta orbain psikologikoak, antzemateko sendatzeko besteko zailtasuna dute. Izandako ondorioak ikusiz, tortura psikologikoak atxiloketa unetik haratago jarraitu zuela ikusi nuen. Ziegaren atearen aurka joka ibilitako gauean, beldur handia eragin zidaten, nire bihotza asko azkartu zen, etxera iritsi eta bigarren gauean ere. Gero, kalean, edozein unetan, ertzainen furgoneta bat albotik pasatzean, askotan, barrutik txapan kolpe gogorrak jotzen zituzten, Arkauten igarotako gau latz hori berriro gogora ekarriz. Oraindik, zarata mota horrek aztoratu egiten nau. Bermepean kalera, lehen hilabete eta erdian guztia hasi zen ertzaintzaren komisaria berera egunero sinatzera joan beharra nuen, ondoren urte eta erdiz astero. Sinatzera joaterakoan, nahiz eta beti ordu berean joan, ordubete inguru itxaronaraztea ere, tortura psikologikoaren hedapen bat izan zela ulertu dut. Kalean jarraitzen duen zigorra. Hainbeste hedatzen da, bizitzan zehar jarraitzen baitizu, eta torturatua izan zarela ukatzea bera tortura gehiago da.

Tertuliakide batzuek arinkeriaz errepikatzen dute Ertzaintzak inoiz ez duela inor torturatu. Baina ez dira egia esaten ari. Azken egunetan, Eusko Jaurlaritzak berak ere ez du egia esan. Aurrez azaldu dudan bezala, Ertzaintzak psikologikoki eta era fisiko sotil batean torturatu ninduen. Ondorioz, hasieran arazo fisikoak eta aurrerago arazo psikologiko larriak izan ditut. Ez dakit gaur egiten duten, baina Ertzaintzak torturatu egin du, eta ez naiz bakarra izan.

Helburua torturatua norbanako gisa birrintzea da, behin babesak suntsiturik, autoinkulpazioa lortzea, bestela emango ez zuen informazioa lortzea. Ez badute lortzen, ahal duten min gehien egitea, beldur gehien sartzea, gizarte mailan hutseratzeko. Deuseztatze hori tortura psikologikoak edo fisikoaren ondorio psikologikoek eragiten dute.

Psikologikoak, fisikoaren laztasunaren aurrean, garrantzi txikiagokoa dirudi, baina ez da horrela. Unean, norberarentzat eta besteentzat, leunagoa dela dirudi, baina, denbora aurrera doan neurrian, tortura fisikoa baino gogorragoa dela esango nuke. Tortura fisiko gogorrena jasan behar izan dutenek ez dute soilik tortura mota hori jaso: psikologikoa ere jasan behar izan dute, tortura fisikoak berak beti eduki eta ondorio psikologikoak baititu. Fisikoaren min eta zauriak sendatzerako, min eta zauri psikologikoak, bizitza osorako bidaide izango dituzte, ahal duten hobekien kudeatuz, baina hor. Tortura fisikoak batez ere psikologikoki eragiten digu. Tortura fisikoa zuzenki jaso gabe, ondokoak jasotzen duen mina ikusi beharra norberaren mina baino mingarriagoa da. Zer esan tortura fisiko gogorrenak ezarriz ere, bainera, kirofanoa, elektrodoak, poltsa... beraien borondatea apurtzea lortu ez dutenez. Jasan ahal izan dute, baina, haien aurrean, senar, emazte, alaba, seme, guraso edo bihotzeko inori tratu hori ematearen mehatxua beste kontu bat da. Ez badira makurtzen, mehatxutik ekintzara, maitea zigortuko dute, gogor, fisikoki eta psikologikoki, amore eman arte. Hori da tortura psikologikoa, horrela erabili zuten, dute, eta mundua aldatu ezean, odol gabeko zauriak sortzen jarraituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.