Tortura eta errelatoa

Inaxio Mendizabal
2024ko uztailaren 28a
05:00
Entzun

Iaz, motibazio politiko hutsagatik Espainiako Estatuaren bortizkeriaren biktima izan direnei, hamarkada luzetan ukatuak eta isilduak izan dituztenei, aitortza publikoa egin nahian, Eusko Jaurlaritzak urriaren 31n ekitaldi bat antolatu zuen, lehenengoz, Donostiako Kursaalean. Beste gisa bateko omenduak agurtzera joan zale zen goren kargua azaldu ez bazen ere, han ziren besteren artean Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Malgosa, eta biktimen Balorazio Batzordeko buru Juana Balmaseda anderea.

«Eskuin muturreko terrorismoaren eta indar parapolizialen gerra zikinaren biktimek, eta torturatuak izan direnek, herri honen memoriaren liburuan atal berezian txertatuak azaldu behar dute, eta Espainiako Estatuari benetako aitortza eta dagokien erreparazioa egin dezan eskatu behar zaio», esan zuten.

Dantza modernoaz, musikaz eta kantu ederrez giro zirraragarria sortu zuten, baltsamo bailitzan zaurien sendagarri. Gonbidatuen artean zeuden lehen torturatu ofizialki aitortuak ere.

  • «Benetako aitortza», erraz ulertzen da.
  • «Dagokien erreparazioa», nola neurtu? Airean geratzen da.
  • Hori guztia zergatik gertatu den? Ez zen galdetu!

Eta aurten ere, Eusko Jaurlaritzaren izenean Gogora-k Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna izenarekin ekainaren 26an Bilbon ekitaldia antolatu izana urrats bat gehiago da. Norabide onean doan urratsa. Eta horrexegatik, txalotzekoa!

Oiartzunen mediku ari zela atxilotu eta torturaren ondorioz hil zen Esteban Muruetagoiena ondarroarraren oroimenez, haren alaba Tamararen mina adierazten duen dokumentala —Indarkeriaren oi(h)artzunak— eman zuten argitara aretoan bertan. Ondoren, torturatua izandako batek bere testigantza eman zuen jendaurrean, lehenengo aldiz. Eta EAEko Gobernuaren Giza Eskubide eta Justizia sailburu berria ere, PSEko Maria Jesus San Jose, mintzatu zen. Haren hitzetan:

«Ez dago biktima bat bedera ere memoria, justizia eta erreparazioa ez dagokionik, eta horretarako lanean jardungo dugu, jakitun berandu gabiltzala bizi izan den min guztia ulertzeko». «Inork ez zukeen eraila, torturatua, estortsionatua, edo bahitua izan behar, ez arrazoi politiko ez eta estatu arrazoiengatik ere». «Ez da erailketa terrorista bat bakarrik ere izan judizial edo polizia abusua justifika zezakeenik, izan ez den bezala sekula judizial edo polizia abusurik erailketa terrorista bat justifika zezakeenik».

Giza eskubide urraketa guztiak aintzat hartzeko eta guztiei tratamendu bera emateko helburuarekin ari dira! Izan den minari ikusgarritasuna eman nahian, zein aldetakoa den begiratu gabe! Kezkagarriak suertatzen direnak, Justiziako sailburu berriaren hitzak dira. Mina eta sufrimenduak alde batekoentzat bezala bestekoentzat berdinak badira ere, minaren iturburuak ere berdintzat jotzeak, «judizial edo polizia abusuak» batetik, eta «ekintza terroristak» bestetik, biak pareko egiteak, historia eta errealitatea itxuraldatzen ditu.

Dena den, ez da lan makala egin dutena, ezkutatua izan duten torturaren errealitate gordina plazaratze bidean jartzean. Txalotzekoa, beraz! Urte askoan, hamarkada luzetan egon baita hemen tortura ukatua. Tortura modu basatian, krudelki eta sistematikoki erabilia izan da hemen, torturatzaileek inpunitate osoa izan dutelarik. Bakarren batzuk, aztarna gehiegi bistan uzteagatik kondenatuak izan direnetan ere indultuak izan dituzte bizkor, eta medailak ondoren. Hildakoak ere badira torturapean. Bizi osorako markatuak geratu direnak ere bai, fisikoki edota psikologikoki.

Orain, Arantzadi Elkartearen lan eskergari esker, Kriminologiaren Euskal Institutuko Pako Etxeberria forentsearen laguntza ezinbestekoarekin zientifikoki frogatutzat ematen ari dira milaka pertsona (badira 5.000tik gora) torturatuak izan diren egiazkotasuna. Eta jakitun gaude gehiago direla egin ziotena kontatzen hasteko ere kemenik gabe geratuak.

Baina gertatzen dena da Espainiako poliziak eta guardia zibilak bezalaxe EAEko Gobernuaren mandatupean ari diren ertzainek ere torturatu egin dutela hemen. Ehundaka dira dagoeneko ertzainek torturatutakoen kasuak, Arantzadik frogatutzat eman dituenak. Non dira delitu horien egileak, antolatzaileak, finantzatu dutenak, konplizeak, kolaboratzaileak, arduradun politikoak, zenbait juje, zenbait komunikabide...?

Elkarbizitzaren alde ari bagara, nazioartean gatazken konponbiderako bitartekaritza alorrean adituak direnek diotenari jarraituz, hiru ardatz dira landu beharrekoak:

  • Gertatu den guztiaren aitortza.
  • Biktimekiko errekonozimendua eta erreparazioa.
  • Berriro ez gertatzeko bermeak.

Eta hirugarren puntu hori da garrantzitsuena, noski. Ez baita aski zer gertatu den aitortzea eta gertatu diren sufrimendu guztiak aintzat hartu eta erreparatzea. Hori ere derrigorrezkoa den arren. Berriro ez gertatzeko bide ziur bakarra, lehenik, gertatu dena zergatik gertatu den jakitean datza. Horrek jarriko baitu garbi, zer den egin behar ez dena, gatazkarik sor ez dadin. Horretan behar dugu erreparatu eta garbiki mintzatu!

Ardatzera jo nahi badugu, galdera zehatz bakarra da erantzun beharrekoa: Zergatik torturatu da hemen? Eta ezbairik gabeko erantzun zuzena honako hau da:

  • Hemen gatazka politiko bat egon delako eta dagoelako oraino.
  • Zapaldua eta ukatua dagoen nazio bat dagoelako hemen.

Eta ukapen horren aurka modu askotako borrokak altxatu dira, borroka armatua tarteko. Egoera horretan, zapalkuntza eta ukapen horri aurre egiteko ausardia eta kemena erakusten dutenekin hasten dira tortura praktikatzen. Zertarako? Borrokalariek lituzketen asmo eta planei buruzko informazioa ateratzeko, borrokalarien morala eta duintasuna birrintzeko, eta baita, praktika horiek ukatu egiten dituzten arren, borrokarekin zerikusirik ez daukan edonor torturatuz herritarrengan izua eta beldurra sortzeko ere.

Beraz, bi fronte dauzkagu: Euskal Herria menpeko izaten jarraitzeko Euskal Nazio izaeraren ukapenari eusten diona, bata. Nazio batek aurrera egiteko beharrezko dituen instrumentu politiko eta juridikoak berreskuratzeko borrokatzen duena, bestea.

Talka horrek urte oso gogorrak izan ditu. Borroka horretatik sufrikario latzak etorri dira bi aldeetakoentzat. Alde batek utzi zion sufriarazteari, borroka armatuari amaiera emanez eta bide demokratikoetatik soilik borrokatzen jarraitzeko hautua eginez. Baina beste aldeak ukazioari eusten jarraitzen du, gatazka mantenduz, eta urte luzeetako kartzela zigorrei jarraipena emanez, sufrikarioa areagotuz. Beraien aldeko inor ez dago egin dituzten delituengatik preso egun. Baina beste aldekoentzat mendekuzko politikak egiten jarraitzen dute.

Ez dira berdinak herri bat ukatuz eta zapalduz mantentzeko erabili den biolentzia, eta herria aitortua izan dadin eta zapalkuntzatik libratzeko erabilitako biolentzia. Sortzen duten mina da berdina, bietan. Baina helburutan ez dute zerikusirik. Zapalkuntza eta ukazioaren aldekoa, guztiz kondenagarria den bezala, askatzearen aldekoa, zuzena, noblea eta Nazioarteko Zuzenbideak onartua baita. Urrats handia egingo genuke egiazko bake iraunkor baten alde gatazkaren muina zertan datzan behingoz aitortuko balitz. Egoera horiek sortzea baita saihestu behar dena.

Horregatik, «estuvo mal» (ETAren ekintzekiko soilik) esateak ez bakarrik ez du ezer konpontzen, baizik eta gure nazio izaera eta eskubideak ukatzen jarraitzen dutenei babesa ematen die.

Ordua da herriaren eskubide kolektiboen alde borrokatu dutenak, preso eta iheslariak denak, libro jar daitezen eta, sufrimenduari amaiera emanez, behingoz etxera itzuli. Gure gizarteari elkarbizitzarako hesiak irekiz. Horrek egingo baitu posible dauzkagun indar guztiak batuz gure herri hau berdintasunean eta zuzentasunez eraikitzea, inguruko beste herriekiko eta nazioarteko harremanetan gizatasunez eta ekitatez jokatuz.

Une honetan gainera, presoekiko, ez da hori eskatzen ari garena. Soilik, Espainiako legedi arruntaren aplikapena baizik. Eta horretarako ere kezka sortu dute hemen bertan Pradalesen gobernu berrian Justizia sailburu berriak oraintsu egin dituen adierazpenek. ETAko presoek, zigorra betetzearekin aski ez eta, eragindako mina onartzeaz gainera, egindakoaz damutu eta ekintza haiek zuzenez bestekoak izan zirela aitortu beharko dutela esan baitu.

Herri hau borrokatzera kondenatu dutenekiko, deus ez. Herriaren alde dena emanez borrokatu direnei, ordainetan kartzela zigorra osoki betearaziz, trabak eta mespretxua. Uste du norbaitek oinarri horietan eraiki daitekeenik horren desiratua dugun elkarbizitza baketsu eta iraunkorra?

Inor ez da hil behar, maltzurki diote, Euskal Herriari defentsa eskubidea ukatuz eta gaitzetsiz. Aldiz, Ukrainari armak bidaliz laguntzen diote potentzia nuklearra den Errusiari aurre egin diezaion. Errelatoaren dema dabil hor!

Orain berean, herri honen eta herri honetako herritarren alde gaudenok galdu ezin dugun abagune historikoa daukagu aurrean, itxaropen leiho bat ireki baita Espainiako Kongresuan, lurraldetasunari buruzko eztabaidari bidea irekitzeko konpromisoa adierazi duelako Espainiako presidenteak. Eta, beraz, EAEko Gobernu berriak aukera paregabea dauka, Legebiltzarrean erabakitzearen eta subiranotasunaren alde orain arte sekula izan gabe zegoen gehiengo zabalaz baliaturik, inori beto eskubidea utzi gabe, Nafarroa Garaiarekin batera, herri bezala, Espainiako Gobernuarengandik nazio aitortza lortu, eta berdintasunean negoziatuz, Euskal Nazioarentzat estatus berria erdiesteko, denborarik galdu gabe.

Izan dezagula adorea gaiak, giroak eta uneak eskatzen duenaren pareko, elkar hartuz, aurrera jo eta herri hau dantzan jartzeko!

Damurik ez da izango! Elkarbizitza sendotu eta ziurtatuko luke. Gora Euskal Herria askatuta!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.