Xabier Makazaga.

Tortura estaltzen

2016ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Uste nuen ondo ezagutzen nituela espainiar komunikabideek hamarkadetan erabili dituzten metodo guztiak torturaren errealitatea estaltzeko, baina oker nengoen. Duela gutxi, erabil zezaketenik ere inoiz bururatu ez zitzaidan beste bat deskubritu baitut. Hain zuzen, propio ezkutatzearena postu garrantzitsu bat betetzen zuen polizia torturatzaile batek oso zauri larriak jaso zituela atentatu batean.

Kasualitatez egin nuen topo lehen aztarnarekin, Egin egunkariko langile eta feminista ezaguna zen Ana Ereño torturatzeagatik kondenaturiko Antonio Asensio Martínez poliziari buruzko informazio bila nenbilela. Zehazki, ABC egunkariko ale zahar bat irakurtzean, 1996ko urriaren 5ekoa. Izan ere, bertan baitzioen, oso labur, «Sevillan egoitza duen Interbentzio Berezietarako Unitatearen buru» omen zen inspektore nagusi hura Iruñean ospitaleratua zegoela, «atentatu bat jasan ondoren».

Sorpresa galanta hartu nuen jakitean torturatzaile hura urte haietan ETAren kontra espainiar Estatu guztian hainbat operazio burutu zituen unitate berezi hartako buru izan zela, eta are handiagoa izan zen ene harridura irakurtzean atentatu bat jasan zuela. Horregatik, erabaki nuen datu haietan sakontzea.

Lehenik, baieztatu ahal izan nuen egia zela Antonio Santosek unitate berezi hura zuzendu zuela, eta gerora beste datu esanguratsu batekin egin nuen topo. Ospitaleratu eta hilabete batzuetara, 1997ko abenduaren 12an, erretiroa eman ziotela, soilik 45 urte zituenean. Atentatuan jaso zituen zauri larriek erabat ezindua utzi zutelako eman ere.

ABC izan zen Antonio Asensiori gertatua aipatu zuen komunikabide bakarra, eta horrek biziki zaildu dit ikerketa lana, baina azkenean argitu ahal izan dut zein atentatutan jaso zituen zauri larriak, eta nola moldatu ziren, gezurren bidez, gertaturikoa estaltzen.

Bi izan ziren atentatu hartan zauri larriak jaso zituzten unitate berezi hartako poliziak, eta hara non haietako bat, aipatu inspektore nagusia, epaitzekotan ziren handik gutxira Ana Ereñoren tortura kasu sonatuan. Haren kontrako frogak hain sendoak zirenez, kondenatu egingo zutelakoan zeuden, eta halaxe gertatu zen. Horregatik, egin zituzten ahaleginak eta bi komunikabideek ez zezaten hitz egin bi poliziek atentatu hartan jasandako zauri larriez. Eta baita lortu ere!

ABC egunkariaren irristada salbu, isiltasunaren legea jaun eta jabe izan zen, tortura salaketak estaltzeko orduan beti gertatu izan den bezalaxe. Eta oso kasu larrietan salaketak guztiz estaltzerik izan ez dutenetan, haien eragina ahalik gehiena txikiagotzeari ekin diote helburu nabarmen batekin, jendea ez zedila hunkitu torturaren biktimekin.

Horretarako, oso kontuan hartu izan dute Deustu Unibertsitateko Etika Katedraduna den Xabier Etxeberriak ederki azaldu zuena Sobre la tortura: perspectiva ética y propuesta pedagógica lanean:

«Hunkitu egingo gaitu komunikabideen bitartez 'ikusten' den torturak, baina ez gaitu hunkituko estalia geratzen denak, arrazoi sendoak izanik ere susmatzeko tortura erabiltzen dela—are gehiago: nolabait ikus ez dadin desira dezakegu, uste badugu horrek mesede egiten digula—.

»Hunkitu egingo gara errugabe bat torturatua izan dela ikustean, baina nekez hunkituko gara espontaneoki 'krimen lazgarriak' egin dituen norbaitek jasandako torturen aurrean—are gehiago: poztu egin gaitezke torturatu egin dutelako—.

»Eta errugabeei dagokionez, sakonago hunkituko gaitu hurbilekoa sentitzen ditugun pertsonek jasandako torturak, haiek gure bizipen kolektibo berdintsuak dituztelako, eta hotz utz gaitzake urruneko pertsonek jasandako tortura berberak».

Espainiar komunikabideek soberan dakite hori dena; hargatik, jokatu izan dute jokatu duten bezala tortura salaketak estaltzerik izan ez dutenean:

1. Torturak salatu dituztenek oso delitu larriak egin dituztela azpimarratuz, horretarako erabateko sinesgarritasuna emanez polizia-inputazioei, nahiz eta hainbestetan frogatu izan den inputazio horien faltsutasuna.

2. Torturatuen testigantzak ez emateaz gain, haien familia, lagun eta abarrez hitz egitea saihestu dute, jendeak hurbileko sentitu ez ditzan.

Nabarmena da komunikabide horiek oso bestela jokatu izan dutela ETAren biktimei dagokionez:

1. Zeharo errugabeak zirela azpimarratuz, biktimak zibilak izan edo ez.

2. Ahaleginak eta bi eginez jendeak oso hurbileko senti ditzan. Adibidez, Plan ZEN delakoak gomendatzen zuena eginez: «Polizia batek atentatua jasanez gero, berehala pertsonalizatu eta, ahal bada ,haren emazte, ama eta seme-alabei buruzko datuak eman».

Helburua biktima horiekiko ahalik eta enpatia handiena lortzea izan da. Torturaren kasuan, aldiz, helburu guztiz kontrakoa izan da; hori dela eta, jokatu dute guztiz alderantziz, espainiar gizarteak torturari aurre ez egitea izan dutelako beti helburu.

Eta lortu dute, lortu dutenez, Javier Ortiz kazetariak zorrotz asko azaldu zuen moduan: «Espainiar gizarteak—gutxiengo oso duin bat salbu— ez daki ezer torturari buruz. Eta ez daki ezertxo ere, horretaz ez duelako jakin nahi. Oso ondo datorkiolako torturaz ezer ez jakitea».

Noiz egin behar dute horri buruzko autokritika?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.