Tortura badago

Andrés Krakenberger,, Sabino Ormazabal, eta Nagore Pérez
2014ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Nazioarteko zuzenbidea osatzen duten nazioarteko arauek eta printzipioek aitortu egiten dituzte giza eskubideen urratze zein gehiegikerien biktimek dituzten eskubideak; hala, arau eta printzipio horiek itun lotesleetan gauzatzen dira, esaterako, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean edota Torturaren aurkako Konbentzioan. Halaber, Nazio Batuen Batzar Nagusiak erregulartasunez onesten ditu printzipio eta gidalerro-sortak, aplikazio gidatzat balio dutenak, sor daitezkeen interpretazio arazoak konpontzeko eta estatuei dagozkien oinarrizko betebeharrak nabarmentzeko. Halaxe jokatu dute giza eskubideei buruzko nazioarteko arauen urratze argien nahiz nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urratzeen biktimek errekurtsoak jarri eta erreparazioa lortzeko duten eskubideari dagokionez.

Hain zuzen, printzipio eta gidalerro horiexetatik sortu da biktimen eskubideen hirukoa, gure inguruan horren maiz aipatzen dena: egia, justizia eta erreparazioa. Eta, oso erreala izanik ere, hirukoak ez ditu islatzen Nazio Batuek zehaztutako eskubide guztiak. Izan ere, hirukoaren goiburu horretan ez da oso alderdi garrantzitsu bat aipatzen. Egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eskubideei bereizkeriarik ez jasateko eskubidea batu behar zaie. Eta zentzu horretan, Nazio Batuen printzipio eta gidalerroak argi-argiak dira: oinarrizko printzipio eta gidalerroen aplikazioa eta interpretazioa «bat etorriko dira, salbuespenik gabe, giza eskubideen nazioarteko arauekin eta nazioarteko zuzenbide humanitarioarekin, bereizkeriarik gabe, mota edo arrazoia edozein direla ere». Baieztapen erabat argia da,berdintasunean eta bereizkeriarik ezan oinarritua, funtsezko bi printzipio horiek giza eskubideei buruzko nazioarteko arau ororen euskarri dira eta.

Gure aburuz, ez da ustekabekoa berau ez aipatzea biktimen eskubideez aritzean; aitzitik, nahita egiten da. Izan ere, giza eskubideen urratze larrien biktimak aitortzeko egoerak asimetria eta gabezia handiak ditu gure inguruan. Adibidez, motibazio politikoko indarkeriaren biktimak, legeak betearazteaz arduratzen diren agenteen eskutik sortutakoak, ofizialki hein txikienean aitortutakoen artean daude. Eta talde horren barruan are hein txikiagoan aitortu dituzte —edo ez dituzte aitortu, halakorik dagoela zuzenean ukatzen baita— torturen edo tratu txarren biktimak.

Gaur egun, akats handia egiten da, eta gainera hedatu egin da (asmo txarrez, beharbada): uste izatea tortura salatzen duten pertsona guztiek EAErekin lotutako testuinguruan egiten dutela. Baina datuak egoskorrak dira: «suminduen» gizarte protestetatik sortutako salaketen kopurua eta pertsona atzerritarrek edo etorkinek eginikoena —kutsu arrazista dutenak maiz— EAEko egoerarekin zerikusia dutenena baino handiagoa da. Baina, hala bada ere, egia da kasu horiek argitzen zailenak izan daitezkeela, kontu horrek karga politiko handia duelako. Estatu espainiarrak dio ETAren argibideak direla, eta balizko eskuliburu bat aipatzen du; horren arabera, atxilotzen duten erakundeko kide orok torturak salatu behar omen ditu, gertatu diren edo ez alde batera utzita. Eta Estatuak horrela jokatzen du salaketa guztiak faltsutzat jotzeko. Zenbaitek diote aipatu eskuliburua apokrifoa dela, baina hori guztia hutsala da, Espainiak agindu duelako salaketa guztiak ikertuko dituela, Torturaren aurkako Konbentzioa eta horren aukerako protokoloa sinatu eta berretsi baititu. Hartara, ikertzen ez dituenez, ez ditu nazioarteko betebeharrak betetzen. Eta oraingoz, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak hiru epai eman ditu Estatu espainiarra zigortzeko, ez dituelako salaketak ikertu ere egin. Hiru kasuok EAErekin lotuta daude.

Horiek horrela, honatx galdera: zein da konponbidea? Jakina, ezin dira gauzak bere horretan utzi eta hutsetik hastea sustatzea, 1977ko Amnistiaren Legearen modura, nazioarteko arauak bete-betean urratzea litzatekeelako. Baina, horri jarraikiz, nola ebatzi eginiko salaketak egiazkoak —edo faltsuak— ote diren, asko eta asko duela urte dezente egin zirela aintzat hartuta?

Nazioarteko zuzenbideak badu konponbidea. Eta ez da gurpila asmatzea bezainbestekoa. Istanbuleko Protokoloa da, hain zuzen, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen goi-mandatariaren bulegoak 2000. urtean hartu zuena. Helburua nazioarteko gidatzat erabiltzea besterik ez da, torturatu dituzten pertsonak ebaluatzeko, tortura gertatu ahal izan den kasuak ikertzeko, eta aurkikuntzen berri emateko justiziari edo agentzia ikertzaileei. Nazioarteak aitortutako estandarrak eta prozedurak jasotzen ditu tortura sintomak aztertzeari eta dokumentatzeari buruz, dokumentazio hori froga gisa erabili ahal izateko justizia-auzitegi baten aurrean. Hots, besteak beste, salaketak egiazkoak ote diren ebazteko balio du.

Hortaz, bada kontu hori argitzeko tresna bat. Ukatzeko joera eta arazoari egokiro aurre egiteko borondaterik eza ikusita, tresna hori erabili beharko dugu horrelako biktimen egia, justizia, erreparazioa eta —ez dezagun ahatz— bereizkeriarik eza lortzeko benetako prozesuari ekin ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.