Tortura: aitortzarik gabeko milaka biktima

Unai Romano eta Sandra Barrenetxea
2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Joxe Arregik esan zuen egun horren ezaguna zaigun «oso latza izan da» hura, 1981. urteko otsailaren 13an, jasandako tortura bortitzek eragindako zaurien ondorioz hil baino ordu batzuk lehenago. Orduz geroztik da egun hau Euskal Herriko torturaren aurkako eguna. Gaurkoan oroitzen ditugu infernu hura jasan zuten pertsonak, Estatuak modu latzenean euren eskubideak jazarri zizkien gizon-emakume guztiak.

Aurtengoa jada bigarren urtea daesku artean duguna EAEko torturaren inguruko txostena, zeinak egiazkotzat aitortzen dituen, Istanbulgo Protokoloaren bidez, gutxienez 3.415 pertsonak salatutako torturak. Txostenak jasotzen duen erradiografia beldurgarria da erabat: sistematikoki errepikatutako krimen zigorgabe baten testigantza argia da, Frankismoan, Trantsizio delakoan eta «demokrazia» garaian aurrera eramana, Guardia Zibilaren, Polizia Nazionalaren eta Ertzaintzaren komisarietan. Zauri lotsagarria benetan, bere burua zuzenbide estatutzat duenaren bisaian.

Hortaz, bi urte igaro dira jada horrenbeste pertsonak bizi izandako dramak berme akademiko eta instituzionala duenetik. Oraindik, baina, lan andana dago egiteke. Esate baterako, eskasak dira, oso, aitortza ofizialen bat jaso duten torturaren biktimak: 31 pertsona soilik aitortu dira sententziaren baten bidez «torturaren biktimatzat»; eta, gainontzean, 1960. eta 1978. urteen arteko kasu gutxi batzuen testigantzak soilik jo ditu Eusko Jaurlaritzak egiazkotzat(72 zehazki). Guztira, txosten ofizialean zerrendatutako pertsonen %3 soilik dira aitortutakoak.

Beste alde batetik, oraindik sekula ez da erakundeetatik torturaren biktimen aitortzarik gauzatu, ezta modu sinbolikoan bada ere. Eta, oraindik, ikertzeke diraute kasu askok eta askok: frankismo garaiko torturek, torturaren ondoriopeko heriotzek, Nafarroako kasuek... Azken honi dagokionez, bereziki kontraesankorra da Nafarroako Auzitegi Gorenaren erabakia, zeinak bertan behera utzi zuen herrialdeko kasuak ikertzeko diru laguntza, jakina bazen ere gutxienez 292 kasu bazirela, EAEko txostenean aintzat hartu ez zirenak, lurralde eremuari lotutako arrazoiak zirela medio. Horrelako egiak publiko egiteak instantzia judizialak ere, beste askoren moduan, larritzen dituen seinale.

Tortura gure herriak bizi izandako gatazka politikoaren testuinguruan gertatutako drama handienetarikoa da. Euskal Memoria Fundazioak dio giza eskubideen urraketa larri hori gutxienez 4.643 pertsonak jasan dutela. Zifra honi gehitzen bazaio biolentzia praktikara eraman duten agente ezberdinek eragindako heriotza kopurua (1.200etik gertu beharko lukeen zenbakia), argazki argi bat izango dugu parez pare: zauriak sendatzeko eta elkarbizitzen hasteko beharra duen jendarte batena, hain zuzen.

Heldu da garaia gertatutako guztia aitortzeko, eta horrela bermatzeko modu efektibo batean ez dela berriro errepikatuko antzeko ezer sekula. Garaia da biktimei eskaintzeko beharrezko dituzten medikuntzazko eta asistentziazko baliabideak, zauriak senda ditzaten. Garaia da behingoz eta behin betiko amaitzeko giza eskubideen kontrako gaitz honekin. Garaia da ikertzeko oraindik ezezagun zaigun hori guztia, eskura ditugun bitarteko guztiekin.

Azken finean, garaia da torturaren biktimak bigarren mailakotzat jotzeari uzteko, eta merezi duten eran onartzeko: giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten biktima gisara.

Hori dela eta, gaurkoan, dei egiten diegu gure gobernuei eta gure herriko erakundeetan ordezkatzen gaituzten pertsonei, konpromiso hauek bere egin ditzaten, horrela posible izan dadin azken urteotan ibilitako bizikidetzaren eraikuntzaranzko bidean aurrera egiten jarraitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.