Topa AHTaren aurka

Mikel Alvarez, Ibon Garcia, Gorka Ovejero eta Julio Villanueva
2012ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
AHTaren aurkako tarten lehen urteurrena ospatugenuen urriaren 27an. Kandela itzali eta urtebetetze tarta jan genuen azpiegitura faraoniko honek duen hondamendi finantzarioagatik topa egiteko.

Barcina andereak bere oparia jaso ondoren, AHTaren eraikuntza lanek «inoiz baino bizkorrago» jarraituko zutela iragarri bazuen ere, errealitatea tenkorra da. Ordudanik, AHTaren akzioak burtsan beherantz joan dira, eta, azkenaldian, maldan behera: Zainketa intentsiboetako unitatean dagoen espainiar Estatu honetan AHT modernitatearen totem mailara igoa eta «ekonomiaren motore» gisa saldua, gainbehera betean doa ezinbestean. Zentzugabekeria handiuste hau inoiz baino erantzun zabalagoa izaten ari da, jendeak ez baitu naturaren txikiziora eta ekonomia hondamendira garamatzan hormigoiaren apologia hau batere ulertzen: autobide hutsak, hegazkinik gabeko aireportuak, zerbitzurik gabeko AHT lineak, mantentze-lan kostuei aurre ezin eginik, erdipurdiko erabilera duten kultur etxe eta kirol pabiloiak.

Estatuak Euskal Autonomia Erkidegoan heldu den urterako eginen duen inbertsioa %40 jaitsi du. Iñigo Urkulluk «euskal sistema kardiobaskular» gisa izendatu zuenari, erabateko by-pass-a ezarri diote. Eta Nafarroako Foru Erkidegoan zer esanik ez. PPk, UPNk eta PSNk hain ohikoa den nafar burugogorkeriari eutsiz gero, inoizko lotsagarrikeriarik handiena eginen dute ehunka milioi euro komuneko zulotik botaz, Castejon eta Eskirotzhiri «jendetsuen» artean ziztuan joanen den bala-trena eraikiz.

AHTa hondora doa, bai, baina erabat urperatzen lagundu behar dugu. Leku honetara heldurik, desobedientzia eskubide bat izatetik betebeharra izatera pasatu da. Jende xumea hilabete akaberara ezin helduz eta eskubide sozialen murrizketekin dabilen bitartean ezin ditugu guzion diruak zarrastaltzen utzi, azkenerako, betikoak —bankariak, politikariak eta eraikuntza enpresak— pastel guziarekin geldi daitezen. Herri honetako laborarien lur hoberenak lapurtuz gure elikadura subirautza kolokan jartzen jarraitzea saihestu behar dugu. Basoak soiltzen eta lurrak kutsatzen, heldu diren belaunaldien etorkizuna kolokan jar dezatela eragotzi behar dugu. Bidegabekeria hau onartezina da. Mugitu! mugimendutik desobedientzia aktiboaren aldeko deialdiak eginen ditugu behin eta berriz, eta honen harira, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, azaroaren 10etik abenduaren 1era burutuko dugun txandakako baraualdian parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Era berean, lehen urteurren hau probestu nahi dugu, AHTaren aurkako ezpata kriminalizatzaileak geure buruen gainean jarraitzen duela oroitarazteko. Lau eta bederatzi urte arteko kartzela eskaerak bere horretan jarraitzen du, horregatik, artikulu hau sinatzen dugun laurok, Euskal Herritik abiatuko dugun elkartasun kanpainari atxikitzeko eskatzen dizuegu. Kanpaina hau Estatura eta nazioartera zabalduko dugu heldu den hilabeteetan, AHTaren zentzugabekeria salatu eta Nafarroako Gobernuaren mendeku nahia erakusteko, azken horren helburua, gu kartzelan sartzea baita; mendebaldeko edozein herritan,ordea, era honetako protesta ekintzak isun arinekin ordaintzen dira.

Zuen laguntzarekin, salatuak izatetik salatzaile izatera pasatuko gara. Izan ere, zer salaturik badago! Klase politiko ustel eta handiustea, frankismoaren oinordeko den sistema judiziala, izain odol -xurgatzailez beteriko bankariak, edota beren porlan eta galipotean ito gaitezkeenik axola ez dien eraikuntza enpresak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.