Tolosaldeak, AHTri ez!

2013ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Gaur AHTaren aurkako bizikleta martxa igaroko da gure eskualdetik, Tolosaldetik. Martxa horren bidez, agerian utzi nahi da azpiegitura erraldoi horrekin herritarrok dugun desadostasuna, eta, horren harira, guk, Ikaztegieta, Alegia, Tolosa eta Anoetako alkateok bat egin nahi dugu aldarrikapen horrekin.

Mila arrazoi ditugu, mila dira azpiegitura erraldoi horren aurka egoteko argudioak. Urteak dira proiektu horren aurka gizartea mugitzen, antolatzen hasi zela, eta egun ere berdin jarraitzen dugu.

Beti adierazi moduan, azpiegitura horrek gutxiengo batzuen interesei erantzuten die, batez ere negozioa egin nahi duten gutxi batzuen patrikei. Horrela, tren sarea egitea da helburu, ez horren kudeaketa, ezta herritarrei eskainiko dien zerbitzua ere. Gainera, azken asteetako berrien arabera, trenaren beraren lotura ez dago bermatua, Frantziak 2030 arte atzeratu baitu bere zatiaren gauzatzea. Ondorioz, EAEn azkar, oso azkar mugitzeko zentzugabeko azpiegitura izango da AHTa. Zertarako nahi dugu Bilbotik Donostiara 40 minutuan joango den garraio garesti bat, egun ordubete eskasean autobusez merke, oso merke joaterik dugunean? Justifikatua ote dago milaka milioi euro xahutzea 20 minutu aurrezteko? Denborak balioa du, baina gureak behintzat ez du horrenbesteko kostua.

Garai ekonomiko gogorretan gaude, ekonomiaren egiturazko krisi batean gaudela diote askok, eta krisian sartu gaituen ereduaren ispilua da tren harrapakari hori: esklusiboa, xahutzailea eta defizientea, energetikoki, ekonomikoki, ekologikoki zein sozialki. Inoiz justifikatuta egon ez dena, egun inoiz baino lekuz kanpoago dagoena. Langabezia, askorentzako eguneroko ogi da, gizarte zerbitzuetan mota guztietako murrizketak egiten ari dira, eta nola justifikatzen da txikizio sozial eta ekonomiko hori?

Horren gainean erabakitzeko indarra duten agintariak idiak bezala doaz aurrera, begiak estalita, itsu-itsu, gure gizartea amildegira eraman nahian bezala. Iraganeko kontzeptuetan funtzionatzen dute, azpiegitura kopurua bizi kalitatearekin lotu nahian, konturatu gabe gizarte bat benetan moderno, aurreratu eta oparo egiten duten gauzak gizarte zerbitzu, hezkuntza eta osasun zerbitzu doakoak nahiz kalitatezkoak izatea dela.

Garraioari dagokionez, mila bider aipatu bezala, gure biztanleen %90ek herri, eskualde zein lurralde mailako joan-etorriak egiten dituzte, eta azpiegitura horrek ez die behar horiei erantzuten. Bestalde, gure errepideen arazo nagusia merkantzien garraioan datza, eta azpiegitura horrek ez die irtenbidea ematen. Ez da normala espainiar estatua izatea, Txinaren ostean, AHT kilometro gehien duen estatua. Hasieran esan bezala, milaka dira argudioak, eta ez ditugu denak adieraziko, baina argi dugu bat egiten dugula Mugituk antolaturiko bizikleta martxarekin. Azpiegitura zentzugabe horren aurka gaudelako, gizartearen alde, etorkizunaren alde gaudelako.

AHTaren egitasmoaren atzean dagoena gizartea ikusteko eta moldatzeko eredu jakin bat da. Egitasmo hori horren isla da, mundu azkar, gris, kutsagarri eta perspektiba gabeko horren isla, desarrollismo itsuenarena. Baina ez da bakarra, zurrunbilo eta korronte horren ispilu dira tentsio altuko linearen proiektua, errauskailuarena eta Pasaiako kanpo portuarena ere, beste askoren artean.

Luzera begira jartzen hasteko garaiak dira, gure ondorengoek guk bezainbesteko eskubideak dituztelako. Hori dela eta, gure eskualdetik pasatuko den bizikleta martxa zein antolaturiko ekitaldietan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Artikulu hau hauek sinatu dute: Peio Estanga, Anoetako alkatea; Unai Iraola, Alegiako alkatea; Iker Otamendi, Ikaztegietako alkatea; eta Ibai Iriarte, Tolosako alkatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.