Estatuaz estatua zeharkatu dugu beltz Europa odolustua, tolerantziak behatu baino ez du egiten ezkutuan, errefuxiatuak kontzentrazio esparruetan, beldurtzeko paratutako metalezko zakur zelatarien aurrean. Herri indezentea, dirubakoa, zeruaz ez dakiena, soilik torturaz, korridore likinez eta kontrahorma bihurrituez, dibidenduen euro-mafiaren mezenas horiez.
Ederra da tolerantzia, materiala bezainbeste: zenbat eta boteretsuagoa, orduan eta toleranteagoa izan zaitezke. Sufritzen duzun hori ezin duzu toleratu, tolerantzia zerbait gustuko ez duzunean eta, hala ere, onartzen duzunean gertatzen baita. Tolerantzia ez da momentu oro praktikatu dezakegun zerbait, tolerantearen eta toleratzen denaren arteko erlazioa menderakuntzazkoa izan ohi delako. Errefuxiatuek Europa pairatzen dute, ezin dute Europa toleratu, ezta ez-toleratu ere. Europak, aldiz, errefuxiatuak toleratu ditzake ala gosez edo itsasoan hiltzen utzi. Baina ez dira desagertzen, mendeen gaindi, hor diraute pobretuak, menderakuntzak eta sumisioak bezala, europar moderno eta tolerantearen kastitate gotikoa argitu zuten bortxa guztiek bezala.
Luxuzko zertzelada bat du tolerantziak zutabetzat.
Europar elite politiko eta finantzarioak, zure herrialdeko establishment-ak, toleratu zaitzake, langile xume, baina zuk ezin duzu elitea toleratu, sufritzen dituzulako.
Pentsamendu liberal patriarkalak ulertzera eman nahi digu tolerantzia erabaki indibiduala dela (eta bada, baina ehuneko hogei). Horregatik, gehienek erlijio eta jatorriarekin erlazionatzen dute tolerantziaren auzia (ez prekarizazioarekin, hezkuntza pribatizatzearekin edo emakumeek gutxiago kobratzearekin), kanpotarra/bestea toleratzeareneta haren aurrean makurtzearen arteko ardatzean kokatuz eztabaida. Tolerantzia etika politikotik giltzatzen da, baina botere eta egitura afera da, afera kolektiboa, eta«kanpotarra/bestea toleratu behar al dut» galdera unibertsal indibidualista eta horrexegatik guztiagatik, zikina, ez da egokia. Ez baita berdin kanpotarra pobrea (behartuak, errefuxiatuak...) ala aberatsa baldin bada (errusiar mafia...). Eta ez da berdin kanpotar horiek estatu aberats eta indartsu batera iristea (Estatu Batuak, Alemania) ala komunitate minorizatu edo pobretu batera. Beraz, norberak bere burua tolerante, intolerante ala memelotzat hartzeaz, nahikoa da esatearekin oso zaila dela New Yorken edo Madrilen jaiotako klase altuko gizon zuri kristau batentzat memeloa izatea kulturalki, eta oso erraza tolerantea izatea, hegemonikoa delako bere identitate kultural, sozial eta ekonomikoa. Tolerantziaren zati bat delako etika politikoa; beste biak, baliabide kontua.
Bestetik, gustuko ez duzuna-dituzunak onartzea herri ororen oinarrietako bat da. Arazoa: zergatik toleratu gustuko ez duzun zerbait, zure gustuak ez badira toleratzen? Kanpotar izan, nerabe, beltz, euskaldun edo emakume.
Zergatik toleratu gustuko ez duzun hori, gizartean/munduan gustuak ezartzeko ahalmena intoleranteki baldin badago banatua?
Gustu eta interes jakin batzuk bilakatzen dira estatu, normalitate, Europar Batasun eta Banku Zentral, beraz, egitura, estatu, banku edo hedabide bilakatzen ez diren gustu eta interesak ezin dituzte aurrekoen desioak eta interesak toleratu (edo ez toleratu), horiek sufritzen dituztelako. Eta zer dago jokoan pairamenaren eta toleratzearen arteko espazioan? Demokrazia, eta kasu honetan, Europa, agora erbesteratua, hitz bakoa, eskuarte arrotzez ehundutako erdigune ezereztua, Europa, barrenik gabeko biolontxelo barrokoa, harien arteko duelu eternala zure lepoan, urkatua nahi gabe Mi maiorrean, adagio, udaberriak Berlin elurtzen duen moduan.
Azkenik, tolerantziaz aritzean zergatik lotzen da belo, gurutze eta txerrikiarekin eta ez takoizko zapatekin edo kirol-segregazioarekin?
Zergatik ez da lotzen europar xenofobia eta klasismoa tabernetan toleratzen diren elkarrizketekin? Tolerantzia botere afera dela esateak ez dakar arduragabetasun mugagaberik, oso zehatzak diren ardurak baizik, gaitasuna dugun une eta tokietan eragiteko.
Ez dituzue toleratzen arrazaren arabera banatutako komunak eta soldatak, baina toleratzen dituzue sexuaren arabera banatutako komunak eta soldatak. Soldata baxuagoak jasotzen dituztenak, emakume izateagatik, dira gero bortxatzen dituztenak, emakume izateagatik, Batasuneko mugetan eta sarrera truke (Nazio Batuen azken txostena irakurri). Zuen tolerantziak muga oso zehatzak dituelako: zuen pribilegioa. Europak bere mugetan erakusten dituen pribilegio berdinak. Lantokietan, hedabideetan eta eskoletan ikusten dugun biolentzia sexistak eta arrazistak eragiten dituen pribilegio berberak. Ez dago Europa kapitalista patriarkal eta arrazista honen kontrako ofentsiba zuzen eta zabalik, Europako ezkerra zuria, profesionala eta gizona delako oraindik.
Tolerantzia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu