Toki garapenaren ikuspegi politikoa

2016ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Egiaz, tekniko edo teknokratiko hutstzat jo dezakegun ikuspegi batetik aztertu eta landu ohi da tokiko garapen ekonomikoa. Antzeko zerbait gertatzen da, behin baino gehiagotan, politika ekonomikoaren beste arlo batzuetan, baina guztiz orokorra da toki politiken esparruan.

Alderdi teknikoak, jakina, nahitaezkoak dira helburuak zehazteko orduan, kudeaketa estrategikoan eta plangintzen gauzatzean ere. Baina toki garapenaren ikuspegi politikoa behar bezala kontuan ez hartzea eta ez baloratzea da, hain zuzen, beharrezkoa den kudeaketa «tekniko» hori beharrezkoa ez den kudeaketa «teknokratikoa» bihurtzen duena.

Tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko politikek, nahiz eta ikuspuntu tekniko hutsetik bideratu, berez, ondorio politiko handiak dituztela kontuan hartzea garrantzi handiko kontua da.

Toki politika hauen ondorioz, hiritarrengandik erregio edo estatu mailako politikak baino askoz hurbilago dagoen udal edo eskualde mailako inguruetatik abiatzen da politika ekonomikoa. Hori dela eta, gauzatu behar diren estrategia eta ekintzak askoz zehatzagoak izaten dira eta eragile ekonomikoak askoz gehiago inplikatzen dira.

Hala ere, errealitatea gehiegi idealizatzea ez da komeni. Tokiko garapen ekonomikorako kudeaketa estrategikoaren ohiko ereduak ez dira lurraldeko hiritar eta eragileen inplikazio orokor batean oinarritzen. Erregio edo estatu mailan bezala, eragile ekonomiko jakin batzuk dira estrategiak landu eta gauzatzeko prozesuetan parte hartu ohi dutenak.

Beraz, alde honetatik, funtsezko ezberdintasun bat aurkitzen dugu, ziur asko, erregio eta estatu mailako estrategiak alde batetik eta tokiko estrategien artean bestetik. Gehienetan, enpresa handiak dira erregio eta estatu mailako prozesu estrategikoen protagonistak diren eragileak. Aitzitik, tokiko prozesuetan, askoz gehiago hartzen dute parte lurraldeko enpresa txiki eta ertainek. Errealitatean, tokiko garapen ekonomikorako prozesuak sustatzeak, berez, politika ekonomikoetan askoz enpresa eta eragile ekonomiko gehiagoren parte-hartzea sorrarazten du. Bai eta inplikazio politiko eta administratibo handiagoa ere, tokiko eragile publikoek garapen ekonomikoan duten interes eta sentsibilitatea sustatzearen ondorioz.

Tokiko garapeneko estrategiek garrantzi politiko handia dute, beraz, politika ekonomikoa garatzeko orduan enpresa handietan ala txikietan gehiago edo gutxiago oinarritzearen ikuspegitik. Hala ere, tokiko estrategia horien ondorio politikoak askoz handiagoak izan daitezke, estrategia horiek lantzeko eta gauzatzeko erabiltzen den ikuspegiaren arabera.

Tokiko eragile publikoek ez badute nahikotzat hartzen estrategiak enpresa txiki eta ertainak eta merkatarien inguruan eraikitzea, berehala aurkituko dira tokiko politika ekonomikoaren erronka handiaren aurrean: tokiko garapena ikuspegi politiko demokratikotik ala ikuspegi tekniko edo teknokratiko hutsetik abiatzea.

Tokiko garapenaren ikuspegi tekniko edo teknokratikoa ez da politikoki neutroa. Egiaz, alderantziz, enpresa ertainak eta txikiak eta merkatariak tokiko ekonomiaren protagonistak bihurtzearen aldeko apustua dakar berarekin, eta, aldi berean, udal edo eskualdeko biztanleria osoari protagonismo hori emateari uko egitea.

Gure ustez, horixe da, hain zuzen, tokiko garapeneko gure estrategia askok gauzatu gabe duten erronka politiko handia. Hau da, garapen ekonomikoaren errealitatea ez dela bakarrik enpresetan —handiak zein txikiak— oinarritzen kontuan hartzearen erronka. Epe ertain eta luzera, biztanleria osoa da garapen ekonomikoarentzat garrantzitsuena. Eta, zehazki, hezkuntza eta prestakuntzaren aldetik hiritarrek duten maila, lanerako gaitasuna eta gogoa, biztanleriak duen antolaketarako gaitasuna eta garapen ekonomikoan duten protagonismoaren kontzientzia bera.

Tokiko ekonomiaren protagonistak hiritarrak bihurtzeak ondorio nabariak ditu —edo izan behar ditu— prozesu estrategikoen helburuetan, estrategietan, metodologian eta estrategiak gauzatzeko ekimenetan ere. Hiritarren balioak, hezkuntza, prestakuntza, lanerako gogoa eta aukerak dituzten baliabide tekniko eta teknologikoak, hiritarrekin lotura zuzena duten erakundeen inplikazioa (enpresak ere bai, jakina, baina herriko elkarteak, sindikatuak eta abar ahaztu gabe) aztertu, baloratu eta sustatzeko estrategiak eta ekimenak abiatzea da benetako erronka.

Azken urteotan Euskal Herrian abiatu diren tokiko garapeneko prozesuek aurrerapen handiak ekarri dituzte inplikatutako eragileen aniztasunean eta politika ekonomikoaren prozesu eta estrategiak lurraldera hurbiltzean. Garapena eta ingurugiroa, lanbide heziketa edo —zenbaitetan— ikerguneak ere integratu eta koordinatzeko ahalegin handiak egin dira. Tokiko garapen ekonomikoaren protagonista gisa hiritarra bera kokatzea da, EKAI Center-en ikuspegitik, prozesu hauek oraindik landu gabe duten funtsezko erronka politikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.