Xabier Lasa Gorraiz.

Toki Administrazioaren berrantolaketa

2016ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Nafarroako indar politiko guztiak ados daude gure Toki Administrazioa berrantolatu behar dela onartzean. Ez da kontu berria, aspalditik gure instituzioetan sarri askotan azalarazten den arazoa baizik, kontzejuez, udalez edo mankomunitateez mintzatzen garen aldi guztiotan, eskola-mapa edo mediku harrerarako zonaldeak bezalako politika sektorialei aurre egiten diegunean, edota udal bakoitzak Nafarroako Gobernuari bere 0-3ko Haur Eskola finantzatzeko urteko diru-laguntza eskatu behar dion orotan... agertzen dena.

Arazoaren konponketa 1990eko Toki Administrazioa arautzen duen Foru Legea eguneratzean datza; izan ere, gure tokiko entitateen errealitatea zeharo aldatu baita azken 26 urte hauetan: teknologia berriak gure udaletara sartu dira, etengabeko aldaketan ari den gizarte batek eskakizunei erantzuteko zerbitzu berriak sortu dira... Horretaz gain, gaiari buruzko Estatuko legeria goitik behera aldatu da 2012ko aurrekontu-jasangarritasunaren legea eta 2013ko Toki Administrazioaren Arrazionaltasun eta Jasangarritasunerako legea onartu zirenetik. Legeria eta gizartea abiadura berean ibiltzen ez direnean neurriak hartu behar dira legea gizartearen erritmoari egokitzeko. Horixe da egin nahi duguna.

Nafarroak erabakitzeko ahalmena du tokiko gaiei dagokienean; azken urteotan ahalmen hori erabili nahi izan du, baina ez du bere helburua lortu. Berriz ere saiatu behar dugu. Ezinbestekoa da eskaera ahobatekoa delako eta iraganeko porrotek ezin lezaketelako sekula oraingo geldotasuna zuritu.

Lehenago saiatu izana ez da arazo, aldiz, porrota jaso arren saiatzeak meritua du. Horregatik, saiakera berri honek ez du lehenago egindakoa baztertzen, kontuan hartzen ditu Nafarroako Lurralde Estrategia bezalako ekarpenak edota azken bi legealdietan Parlamentuan garatu dituzten txostenak. Baina, horrekin batera, akatsak zuzendu behar dira. Planteamendua hobetzeko asmoz, saiakera honen arrakastarako gako izaten ahal diren hiru berrikuntza planteatu ditugu; orain, laburki bada ere, azaltzen saiatuko garenak.

Lehenengoa da tokiko entitateei dagozkien arazo guztiak bere osotasunean hasieratik landuko direla, ardatz nagusietako bat ere bazter utzi gabe: eskumenak, tokiko planta eta finantzazioa landuko ditugu, beraz. Aurrekoetan, tokiko planta aldatu eta eraberritzearen gaineko eztabaidara sobera zuzendua egon da lana (eztabaidari «tokiko maparena» deitzen zitzaion), zenbat udal edo kontzeju desagertu behar ziren eztabaidatzen bukatu arte. Bistan denez, horrela zaila da gauzak adostera iristea. Oraingoan, hasieran, eskumenen antolaketa izanen da aztergai, tokiko entitate bakoitzak zer egin eta nola egin behar duen jakiteko. Horrekin batera, finantzazioaz ere mintzatuko gara tokiko entitateek beren gain hartuko dituzten eskumenak baldintza hoberenetan burutu ahal izateko. Gure ustez, ikuspegi integral honek eztabaida bere marko egokian kokatuko duela eta iraganean ager zitezkeen derrigortze susmoak guztiz baztertuko dituela.

Bidea parte hartze prozesu baten bitartez eginen dugu. Hauxe da bigarren berrikuntza handia: protagonismo nagusia tokiko entitateei ematen zaie. Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak bere gogoeta egin badu ere, ez du eztabaida baldintzatuko aldez aurretik hartutako erabaki batez. Prozesu honi bi urtetako epea emanen diogu. Nafarroako Gobernua bera, legebiltzarreko taldeak, tokiko gaietan adituak diren pertsonak eta, batez ere, toki entitateetako hautetsiak —Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren bidez koordinatuak- izanen dira parte hartuko duten agenteak. Eta azkeneko hauek izanen dira behin betiko erabakiak planteatuko dituztenak eta Nafarroako Gobernuari azken proposamenak helaraziko dizkiotenak, gero gobernuak lege proiektuak prestatu eta legebiltzarrari emanen dizkio bertan onartuak izateko, hautetsiek izanen baitute erabakitzeko ahalmena. Agerikoa denez eztabaidak gogor eta trinko burutuko dira. Gure tokiko hautetsien heldutasunean konfiantza osoa paratu nahi dugu, konbentzituak baikaude gaiak lantzeko prozesuaren barrenean noiz gogor aritu eta noiz amore eman desberdintzen jakinen dutela, beti ere ontasun orokorraren alde.

Hirugarren berrikuntza dugu Nafarroako Gobernuak ere bere burua inplikatuko duela modu orokor batez. Gobernuko Sail bakoitzak bere lan antolaketa propioa eztabaidatik ondorioztatuko den toki ordenamendu berrira egokitzeko ahalegina eginen du. Irakurketa komun batetik lurraldearen antolakuntzari buruzko ikuspegi berbera eraikitzean datza kontua.

Gaur egunera egokitutako berrikuntzak dira erronka zahar bati aurre egin ahal izateko. Jarrera eraikitzailea nahi dugu. Nafarroako Gobernuak argi utzi nahi du lan hau aberatsagoa izanen dela legebiltzarreko indar politiko guztien parte-hartzearekin. Horrexegatik guztiei eskua luzatzen die hasieratik. Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Lurralde AntolamendukoKontseilariak agerraldi ofiziala eskatu du legebiltzarrean proiektua azaltzeko eta, horregatik ere, alderdi guztiekin buruz buru elkarrizketatu nahi du, Gobernuari babesa eman edo oposizioan badaude ere. Aukera paregabe baten aurrean gaude Nafarroari politika handia denon artean idazten dela erakusteko eta posiblea dela lan egiteko gogoa eta gure aniztasuna onartzeko jarrera badago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.