Zuk zeuk, adibidez, datozen bost hauteskundetatik zenbatetan bozkatuko duzu alderdi bera? Ezagunei esperogabean harrapatzen die galderak, eta hoberena da erantzunek norabide harrigarriak hartzen dituztela.
Berehala bost bozka teilakatuko dira Hego Euskal Herrian. Apirilean bi: Kongresua eta Senatua; eta jarraian beste hiru, maiatzean: Europa, Udalak eta… Autonomikoak Nafarroan edo Foralak EAEn. Bost kinka eta guztiak elkarren segidan, guri buruz guk uste baino gehiago esango dutenak.
Jasotzen ditudan erantzunetan bi nortasun mota bereizten dira. Ondo sentitzen direnak guztietan bozka bera emango dutela aitortzean eta, kontrara, gaizki sentituko liratekeenak hori bera esanda. Ziurtasuna proiektatu nahi duten konbentzituak eta irekitasun pragmatiko bat proiektatu nahi duten moldaerrazak. Harrizkoak eta urezkoak, hara, bi gizatalde nabarmen berezita galdera sinple baten aurrean. Iruditzen zait ezohiko hauteskunde pilaketa honek agerian jartzen dituela aparteko bi mundu axiologiko, balio atxikipenean ditugun sakoneko ezberdintasunak azalarazita.
Bitxia da ere erantzunek hartzen duten forma konkretua. Urezkoek, esaterako, tankera honetan formulatzen dute: “bi (edo hiru) ziur, besteak oraindik ez ditut erabaki”. Printzipioz ez dute baztertzen, edo ez dute baztertu nahi, bostak alderdi berari bozkatzea.
Konbentzituetan berriz bitxiena gertatu zait abstenituko direnak izatea guztietan konbentzituenak. Izango da, agian, bostak-bat bozkatzen ditugun gehienok badakigula guztietan horrela lerrokatzeko bazterrean utzi behar izaten direla bestelako balorazio zorrotzagoak.
Gainera: Zenbatetan ‘bozkatuko’ duzu alderdi bera? Ordez, gehitu intentsitatea eta galdetu: zenbatetan ‘sarituko’ duzu alderdi bera? Eta zenbakiak behera egingo dizu, inor gutxik ikusi nahi duelako bere burua alderdi politikoak saritzen.
Botua aldatzeko gako asko daude baina gako kulturala da hemen aipatu nahi dudana. Bizimodua aldatu da, kultura politikoa aldatu da eta nortasunak aldatu egin dira. Richard Sennet filosofoaren diagnosiari helduta, kontsumitu egiten dugu politika, aktore politikoak izatera iritsi gabe. Besteak beste, William Davies politologoari jarraituaz, alderdi politikoek ere ordezkaritza funtzioa baino mobilizatzaile funtzioa lehenesten dutelako. Twitterren aroan emozionala da deia eta emozionala erreakzioa, berehalakoa, urjentziazkoa, iraganik gabea, etorkizuna arrazoiz marrazten uzten ez dizuna, atzean arrazoi objektibo eta estrukturalek funtzionatzen jarraitu arren.
Zein alderdi bozkatuko dut europarretarako? Moviestar, Vodafone, Orange, Pepephone, Euskaltel edo Izarkom. Ia mimetikoki funtzionatzen du.
Egungo garai global, digital eta prekariotan hazitako belaunaldi berrien nortasun moldakor, mosaikolako eta jostariari ‘likido’ izenlaguna Bauman filosofo/soziologoak jarri zion. Eta berehala biralizatu zen, belaunaldien arteko kontrastea bikain metaforizatzen duelako. Fermin Etxegoienek beste metafora bat erabili zuen gure kasurako. Baserrietan bizi ginen; kanpinetako autokarabanetan bizi gara.
Aitonamon eta bilobak herri berean baina bi mundutan bizi dira. Gaztaroa frankismoan gogortutako belaunaldiak, orain erretiroan bizi denak, nortasun ainguratuak ditu. Ez bakarrik adinagatik, edo auto-narrazio itxiengatik, garaiagatik eta bizimoduagatik baizik. Aingura zuten etxea, auzoa eta herria. Aingura zuten eguneko jarduna, lanpostua eta ogibidea. Aingura zuten egunkaria, irratia eta telebista. Eta bizi izan zituzten berunezko testuinguru haietan, posizio politikoak nortasuna itsasteko indarra zuen.
Orain kontrastatu hori egungo gazte-nerabe belaunaldiarekin. Aingura bakar gurasoen etxea eta aiton-amonen narrazioa dutenak, gaur hemen eta bihar han bizi direnak, kalatxorien modura batetik bestera. Euren aitonamonek ezagututako egonkortasuna, aurrerabide pertsonala eta bizi baldintzen hobekuntzak ezagutuko ez dituen belaunaldi berri hori bozkatzen hasi da. Eta Goizalde Landabasoren poesia politiko ederrean jarrita, hain berunezko ez den hezurdura horrekin, informazio jario geldiezin baten erdian erabaki behar dute zer bozkatu.
Nork mobilizatuko ditu gazte ero berri hauek? Zerk mugituko ditu bozkatzera? Egongo dira galdera horiek aztertzeko adituak, baina haien lekuan jarri nahi izan gabe, bi ondorio guztiok atera ditzakegula esango nuke. Hauteskunde pilaketak gehien kaltetuko dituen alderdiak izango dira, batetik, gazteen bozkaz elikatzen direnak, gazteek alderdiekiko leialtasun txikiagoa erakutsiko dutelako aurreko belaunaldiek baino; eta, bestetik, bigarren aukera inor gutxirentzat diren alderdiak, beste guztiek bezala fugak sufritu arren itzulera urriak izango dituztelako.
Datozen hauteskundeetan, bostetik zenbatetan bozkatuko duzu zuk alderdi bera?