Irakaslea

'Titanic' beltza

2024ko urriaren 25a
05:00
Entzun

Titanic dugu –Bilboko gabarraren baimenarekin– munduko itsasontzirik ospetsuena. Zinemak izan du zerikusirik noski, James Cameronek zuzendutako film erromantikoa historian sari gehien irabazi eta diru gehien bildu dutenetako bat baitugu. Gainera, Leonardo DiCaprio eta Kate Winslet aktoreen antzezpen zoragarriak, filmak aurkezten dizkigun eszena epikoak eta istorio osoa zeharkatzen duen klase-gatazkak arrakastarako osagai paregabeak izan ziren. Nolanahi ere, Titanic itsasontziak berezkoa zuen zirrara eta ikusmira sortzeko gaitasuna. Izan ere,  XX. mende hasieran, ordura arte inoiz eraikitako garraio handiena, luxuzkoena eta ikusgarriena izan zen: 46.328 tona, 270 metroko luzera eta 53 metroko altuera. Are, transatlantikoa hori baino askoz gehiago zen: 1914ko Gerra Handiaren aurreko europar gizarteak bizi izan zuen garaiaren isla hain zuzen ere, Belle époque delakoa; aurrerapen zientifikoaren, aldaketa kulturalen eta kapitalismoak zein inperialismoak sortutako aberastasunaren gorazarre argia alegia. 

Aitzitik, oso bestelako ezaugarriak dituzte Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan liburuan deskribatzen dizkiguten itsasontziek: haizez puzteko bederatzi zulo dituzten zodiakak, eskuzko edo hanka azpiko ponpekin puztu behar direnak; asko puztu behar direnak, bidean haizea galtzen dutelako, behar baino jende gehiago daramatelako. Ondoren, motorra lotu, iparrorratza hartu eta hil ala biziko bidaiari ekingo diote. Hiltzen lehenak, tiro batez, izu-ikarak hartuta hondarretan geratutakoak. Eta itsas zabal eta amaigabean galduta dagoen zodiaka haizea galtzen hasiko da. Bidaiarietako askok ez dakite igeri egiten, akaso itsasoa ikusten duten lehen aldia da. Ez da musika-banda edo biolinik aditzen, bai ordea kapitainaren negarra. Orduan, infernua bera zeharkatuz egoera horretara heltzeko egindako ibilbidea gogoratuko dute: naturarik bortitzenak eragindako mina, bere basamortu eta muturreko klimekin, gizakirik zitalenak, bere kalaxnikov eta kartzelekin.  

Guk, bitartean, datorren asteburuan Artedramak antzerkira egokitutako Miñan antzezlanaz gozatzeko parada izango dugu, Bilboko Arriaga antzokian, Ander Lipusen gidaritzapean eta azken Besarkada sarietan aktore berri onenaren saria irabazi duen Sambou Diabyren antzezpenarekin, besteak beste. Tira, Balderen hitzak nire eginik, ez dakit gurera hainbeste sufritu eta gero heltzen direnen begiek gu begiratzerik merezi ote dugun, baina, dudarik gabe, maisuki eta maitasun osoz idatzitako liburu zoragarrian oinarritutako antzezlana ikustea mereziko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.