Testigantza

Sara Majarenas Ibarreta
2017ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
(2017ko uztailaren 5eko gaua, Izar lokartu ostean)

Nik jada banuen dezente beldur urtarrilaren 15aren aurretik. Ni jada beldur nintzen bere aitak nire alaba hiltzen saiatu aurretik. Beldurra nuen. Beldur handia. Gau asko lo egin gabe, nire barruak harrapatuta zeuzkan beldurraren ondorioz. Hainbestekoa, ezen botikak eskatu bainituen eraman ahal izateko. Ez nuen beste aterabiderik ikusten: botikak hartu, ez sentitzeko. Izan ere, soil-soilik jasatea, beste konponbide edo irtenbiderik ez nuen (etengabe hil egiten duen gizarte patriarkal honetako milaka eta milaka emakume bezala...eta jasatea besterik ez digute erakusten).

Jarri nion hitza nire beldurrari. Konponbideak bilatzen saiatu nintzen. Baina benetan zaila zen bilaketa. Aurkitzea. Nik ez nuen jasaten ari nintzen tratu txarraren ebidentziarik. Ez ninduen jotzen. Inoiz ez ninduen mehatxatu. Baina nik banekien ni eta nire alaba arriskuan geundela. Berak aspalditik zuen nirekiko botere harreman bat. Niri kosta egin zitzaidan horretaz jabetzea. Nik banekien ez nuela harreman bat non samurtasuna, ulermena, elkarrizketa... gailentzen ziren. Baina justifikatu egiten nuen. Edo, ez nuen ikusi nahi horren guztiaren esanahia, edo ez nintzen ausartzen ikustera, edo espero nuen aldatu egingo zela (ziurrenik gizarte patriarkal honetako beste milaka emakume bezala, non ez diguten irakasten gertaeren aurrean defenditzen, baizik eta isiltzen, beldur izaten, eta jasaten).

Nire alaba gizon harekin berriro egon ez zedin ahalegindu nintzen, baina hutsaren hurrengoa zen hori lortzeko aukera. Hain zuzen ere, horregatik, ebidentziarik ez zegoelako. Nola baieztatu arriskuan geundela?

[...]

Eta iritsi zen urtarrilaren 15a (zerbaitez ziur banago zera da: data hori edo beste edozein egun izan zitekeela. Halaber, ziur nago nire alabaren gorputza izan beharrean nirea izan zitekeela sastaturikoa). Telefonoz deitu nuen 10:00etan, kezka handiz eta beldurrez. Batik bat beldur handiz. Telefonoa hartu bezain laster, alaba entzuten nuen, behin eta berriz errepikatzen nirekin egon nahi zuela. Orduan esan zidan berak ahazteko berriro ere hura ikustea, aurpegiratu zidan nik eta nire familiak bizitza hondatu geniola, eta, nire alabak nire ondora eraman zezala eskatuz berriro ere negar egin zuen une batean, labana sartu zion hainbat alditan. Nire alabaren oihu lazgarriaren lekuko izan nintzen une horretan, eta ondoko isiltasunaren lekuko ere izan nintzen, berak hiltzat jo zuenean. Nik haien izenak errepikatzen nituen, baina inork ez zidan erantzuten. Ni hil nahi izan ninduen, bizitzan daukadan gauzarik baliotsu eta maiteenarekin. Nire alaba. Alarma jo nuenean inork ez zuen nire hitza zalantzan jarri, eta beti-beti eskertuko dut.

Une horretan bertan bere burua poliziara entregatzen ari zen... nire alaba etxeko egongelako lurrean odolusten uzten zuen bitartean, erabat sinetsita zegoela hil egin zuela. Atxilotua izan aurreko haren azken ekintza nire aitari deitzea izan zen, hitzez hitz honako hau esateko: «Hor daukazue nahi zenutena. Zuen oparia. Zuen iloba hilda dago».

Ezin dut irudikatu ere egin zein une pasatu zuen nire aitak halako pertsonaia batek bere iloba hil zuela pentsatzean. Nire alaba. Ezin dut irudikatu... baina gauetan etengabe azaltzen zaidan pentsamendu bat da... zein eragin izan ote zuten ordu haiek nire familian. Egun, gertakari hartatik sei hilabete joan direnean, oraindik ere ez dakit, eta ezin izan dut hitz egin ere horretaz haiekin. Nire bizitzako pertsona maitatuenak eta garrantzitsuenak. Eta ez da gogo faltarengatik... baizik eta gauden baldintzetan egonda ezin dugulako. Ez didate uzten nire familiaren alboan osatzen, baina horretaz guztiaz hitz egiten ere ez didate uzten horretarako behar diren gutxieneko baldintzekin eta ezaugarriekin.

Nire alaba une hartatik borrokatu zen bizitzaren alde, inork irudika ez dezakeen moduan. Lehen 72 orduak hil edo bizikoak izan ziren. Baina inork ez zigun bermatzen zauri makabro horietatik onik atera ahal izango zuen. Izan ere, bere burua ateotzat jotzen zuten mediku askok mirari gisa kalifikatzen zuten. Edo mediku talde zoragarri bat eta nire alabaren indar garaiezin bat, zeinak inoiz ez zuen kale egin.

Ni, ordutik, nire alabaren osasun fisiko eta psikologikoa berreskuratzeaz baino ez naiz kezkatu eta arduratu, fisikoki, mentalki eta psikologikoki. Horrek dakarren higatze guztiarekin (maitasun, ilusio eta indar handiarekin egin dut). Eta, agian, horixe izan da denbora honetan guztian aitortu zaidan bakarra, ama naizela; baina ez biktima, emakume edo herritar.

Martxotik, Madrid VI espetxearen mende dagoen unitate batean gaude, non elkarrekin egon ahal izatea bermatzen diguten. Datu hori eman ez balitz, biotako inor ez geundeke gauden tokian. Egin dugun bidea egin dugu elkarrekin gaudelako. Baina hau ezin dugu berak eta nik bakarrik egin. Nik nire tribu guztiaren beharra daukat. Ez bakarrik nire alaba hazi, hezi eta osasuntsu hazten laguntzeko. Baizik eta neure burua zaindu ahal izateko. Ikaragarria da oraintxe(eta denbora honetan guztian) sentitzen dudan zama, mina, sufrimendua, beldurra, erruduntasuna,mesfidantza, kalteberatasuna... Nik maite nuen pertsona, nik hautatu nuen pertsona, babestu eta maite ninduela uste nuen pertsona nire alaba erailtzen saiatu zen. Eta hori ezin dut nik bakarrik gainditu. Eta, hala eta guztiz ere, nire etxetik 500 kilometrora nago oraindik ere, nire ingurune hurbiletik eta familiatik kanpo. Etengabeko mugekin, egunean hiru ordu bakarrik irten naitekeela. Segurtasun, konfiantza eta maitasun gunerik gabe. Nik orain gehien behar ditudan hiru gauzak.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.