Terrorismoez eta politika interesatuez

2019ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Duela gutxi filtrazio batzuk izan dira hasieran terroristatzat jotako talde independentista katalan batzuen asmo posibleen inguruan, eta merezi du horiei kasu egitea, hainbat arrazoirengatik. Lehenik, egitate partzial batzuen filtrazioak direlako, sumarioko sekretupean dagoen ikerketa bati dagozkionak; bigarrenik, izugarrizko etekin eta irabazi politikoa ematen dietelako alderdi batzuei, zeinak oso emanak baitira areagotzera oraindik ere etorkizuneko suposizio gertagarri baino ez direnak, jada errealitate gertatu bihurtzeraino; eta, hirugarrenik, erabili diren terminoek nahasmena eragiten dutelako, eta horrexetan zentratuko naiz.

Terrorismo terminoa aspertzeraino manipulatu izan da historian; maiz, egiatan bestelako jarduerak —hala nola indarkeria fisikorik gabeko sabotajeak, desobedientzia zibila eta disidentzia politikoa— praktikatzen dituztenak deskalifikatzeko eta kriminalizatzeko. Horregatik, zenbait komunikabidek eta erakundek ez dute termino hori erabiltzen —tartean, Amnesty International—. Hala ere, bada definizio bat sen onari dagokiona: indarkeriazko egintzak baliatuz terrorea eragitea, pertsonen bizitzan eta osotasun fisikoan eragiteraino. Alderdi juridikoari dagokionez, berriz, bada eztabaida bat oraindik burutugabea, baita Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan bertan ere, Dorre Bikien kontrako atentatuaz geroztik (2001) terrorismo jihadistan zentratua dagoelako bereziki, edota terroristen zerrendan sartzen diren taldeetan eta pertsonetan; oso erraza da zerrenda horietan sartzea, baina oso zaila irtetea. Iheslarientzako Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, terrorismotzat jotzen dira eskuarki zibilen kontrakoak diren indarkeriazko egintzak, helburu politiko edo ideologikoren bat ere badutenak; horrek, lehenik eta behin, auzitan jarraraziko lizkiguke gerra guztiak. Nazio Batuen Terrorismoaren Aurkako Borrokarako Bulegoa 2017an ezarri zuten, baina, urtebete lehenago, 2016ko uztailaren 1ean, Batzar Nagusiak ebazpen garrantzitsu bat onartu zuen, eta horixe nabarmendu nahi dut, honako hau berresten baitzuen: «...terrorismoaren egintzak, metodoak eta praktikak, bere forma eta adierazpen guztietan, jarduera molde jakin bat dira, zeinen helburua baita giza eskubideak, oinarrizko askatasunak eta demokrazia suntsitzea, Estatuen lurraldetasun osotasuna eta segurtasuna mehatxatzea eta gobernu legitimoki eratuak desestabilizatzea...».

Interpretazio horren arabera, edozein indarkeria sezesionista edo ezegonkortzaile sartu ahalko litzateke terrorismo kategorian, eta horrek bidea leuntzen dio akusazioari, baldin eta tartean sabotaje egintza edo zuzeneko ekintza asaldatzailerik badago, nahiz eta horrek ere ez duen konpontzen hasierako arazoa: indarkeriaren jatorrizko esanahia, eta haren adierazpide askotarikoak (fisikoak, sinbolikoak, kulturalak, egiturazkoak eta abar). Non dago indarkeria horien muga, eta zer zirkunstantziak inguratu behar ditu terroristatzat hartu ahal izateko? Eztabaida hori, oraingoz, burutu gabe dago, baina gauza bat seguru dakigu behintzat: terrorismo egintza hutsa da pertsonen kontrako edozein atentatu, aldez aurretik eta sistematikoki antolaturikoa eta direnak direlako arrazoirengatik eginikoa (politiko, erlijioso, etniko...). Hor sartzen dira, besteak beste, ETA, hiriak bonbardatzea, setio bidez jendea goseak erailtzea, eta gaur egungo ezin konta ahala kasu, gehien-gehienak estatuek praktikaturikoak, haiek berek errefusatu egiten badute ere estatu terrorismo terminoa. Aise askorik osatuko nizueke zerrenda bat halakorik gehien praktikatzen dutenekin, eta orobat egin liteke beste zerrenda bat terrorismoa modu sistematikoan praktikatzen duten talde armatuekin eta tarteka baino ez darabiltenekin.

Terminoaren erabilera interesatua agerian uztearren egin ditugu lehenbiziko kontsiderazio horiek, eta orobat komeni da argitzea indarkeriak (pluralean) erabiltzeak berekin ekarri ohi dituela ondorio hauek ere: beste pertsona batzuk mespretxatzea, deshumanizatzea, arerio irudiak sortzea, eta sustatzea gorrotoaren kultura, pentsamendu bakarra eta beste hainbat faktore, denak ere magmatzar baztertzaile eta dramatiko horren barrukoak. Hain zuzen, magma horrek justifikatu egiten du bestelako pentsamoldeekin eta bizimoduekin erabateko oldarkorrez jokatzea, eta hori ezin da inolaz ere justifikatu bere burua irekitzat daukaten gizarteetan. Bestetasuna desegin nahian lehenik ez baldin bagara arduratzen estigmak sortzen dituen fabrika horretaz, eta lehen eztabaidan soilik zentratzen baldin bagara —terrorismoaren inguruko an—, baliteke hori aitzakia huts bat baino ez izatea, hain zuzen, ezkutatu ahal izateko geure axolagabekeria politikoa, itsukeria edo konfrontazio arriskutsuak dakartzaten komunikazio dinamika suntsitzaileak, besteei botatzen baitiegu egiatan guk geuk sortua izan daitekeen arazo edo gatazka baten errua, zergatik eta gauza izan ez garelako errespetuz hitz egiteko eta eztabaidatzeko gure egintzez eta haiek dakartzaten ondorioez. Batzuetan, baliteke aski ez izatea indarkeria fisikoa esplizituki errefusatze hutsa.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.