Terrorismoaren biktimei omenaldia bihotzetik

2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Gaur, martxoak 11, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Europako Eguna da. Europako Parlamentuak eta Europako Kontseiluak hartu zuten egun hau ezartzeko erabakia, 2004an.

Egun horrek oihartzun berezia izaten jarraitu behar du Euskadin ere, terrorismoaren esperientzia traumatikoa gure baitan pairatu baitugu. ETAren terrorismoak, ia mende erdi bat iraun zuenak, 853 pertsona hil zituen; berunez mindu zituen euskal gizartearen hegalak, eta aske hegan egitea eragotzi zigun. Horretaz gain, eskuin muturreko terrorismo-adierazpenen, talde parapolizialen, GALen eta motibazio politikoko indarkeriaren esperientzia beltza ere izan dugu.

Euskal gizarte osoaren izenean hitz egitea gustatuko litzaidake, gure lehen oroitzapena, gure lehen pentsamendua, biktimei zuzenduta dagoela esanez. Eusko Jaurlaritzarentzako horrela da. Biktima guztiei omenaldi sentitua egiten diegu, parekorik gabekoa, kontrapisurik gabekoa, bazterketarik gabekoa. Erailak, mehatxatuak, estortsionatuak, hertsatuak, torturatuak. Ordezkari politiko eta instituzionalei, Ertzaintzako eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako agenteei, enpresaburuei, enpresetako zuzendaritzetakoei. Terrorismoaren zentzugabekeria lehen pertsonan pairatu zuten herritar guztiei.

Oroitzapen hori, pentsamendu hori eta begirada hori hurbiltasuna, enpatia eta elkartasuna dira. Pertsona horiekin guztiekin, eta gizarte osoarekin, ondorio saihetsezin bat partekatzen dugu, argi eta garbi aldarrikatzeko bidegabea izan zela, erabat bidegabea.

Gaur ere, martxoak 11, egun berezia da biktima guztiak lehen pertsonan aitortzeko. Zuen erresilientzia eta eskuzabaltasuna balioesten ditugu. Biktima izateak ez du arrazoi politikoa ematen, baina bai erreferentzialtasun morala. Horrekin batera, eskerrik asko, eskerrik asko, eskerrik asko, gure esker ona, bai bizirik dauden biktimei, bai bizi izandako guztien senide eta gertukoei, zuen jarreragatik, talio-legeari ez heltzeagatik, zuen ikuspegi eta ekarpen eraikitzaileagatik.

Pertsona aktiboak zarete eta izaten jarraitu behar duzue, etorkizun bat eraikitzen, desberdinen arteko bizikidetzari dagokionez. Gure oroitzapena eta omenaldia ez da iraganean geratzen, ez zarete iragan amortizatu bat. Batez ere, eraiki beharreko oraina eta etorkizuna zarete.

Urtero, azaroaren 10a izaten den bezala, Euskadin, gaur, Terrorismoaren Biktimen Europako Egun honetan ere, guztiok hartzen gaituen arreta-deia egin nahi dugu. Geure buruari galdetzen diogu: zer egin dugu?, zer egiten dugu?, zer egin behar dugu?terrorismoaren biktimei dagokienez.

Ordezkari politiko, instituzional eta sozial askok autokritika bat egin eta partekatu dugu behin baino gehiagotan, batzuetan ez genuelako jakin gertu egoten eta behar zenuten bezala laguntzen. Sentitzen dugu. Autokritikarekin batera, gure konpromisoa adierazi dugu memoria- eta aintzatespen-politiketan aurrera egiten jarraitzeko, hartutako zorra kitatzetik urrun dagoelako oraindik.

Martxoaren 11 Europako Eguna da eta, inoiz baino gehiago, terrorismoaren biktimei eta giza eskubideen urraketei dagokienez nazioarteko zuzenbidearen printzipioak gogorarazten ditugu: Egia, Justizia, Errekonozimendua eta Erreparazioa, eta ez errepikatzeko konpromiso kolektiboa.

Printzipio horiekin Euskadik duen konpromisoa irmoa da, hala adierazten baitu Bizikidetza, Giza Eskubide eta Aniztasun Planak, Udaberri 2024 deiturikoak.

Instituzionalki, ibilbide horrek bermatzen gaitu. Terrorismoaren Biktimei buruzko 4/2008 Legea onartu dugu, garatzen jarraitzeko potentzialtasunekin. Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko Legea onartu dugu. Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua eta 12/2016 Legearen Balorazio Batzordea ditugu.

Ideia, programa eta ekimen berriak ekartzen dizkiguten topaketa- eta partaidetza-esparruak ditugu: biktima hezitzaileen Adi-Adian, Deustuko Unibertsitateko Padre Arrupe Institutuaren Txostenak, EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedra eta Kriminologiaren Euskal Institutua edo egia judizialik edo argitasun nahikorik gabeko kasuen Memoria eta Errekonozimendu Koadernoak.

Gure konpromisoa helburu partekatu batean aurrera egiten jarraitzea da: terrorismoari zilegitasuna kentzea eta gure printzipio eta balio etiko eta demokratikoak indartzea, giza eskubideen defentsa eta sustapena bultzatzea, bereziki belaunaldi berrien artean.

Bide bat egin dugu, zereginak eta erronkak ditugu egiteke, baina norabide onean aurrera egiten jarraitzen dugu. Sentimendu bat eta ideia bat partekatzen ditugu: gure etorkizunak memoria kritikoa, etikoa eta biktimekin eraikitako memoria izan behar ditu.

Martxoaren 11k terrorismoaren biktimak oroitzeko Europako Eguna izaten jarraituko du. Azaroaren 10a ere izango da Euskadin. Memoria egingo dugu eta beti gogoratuko zaituztegu. Ikasgai bat ikasi dugu: ez dago bizitza bat galtzea justifikatzen duen kausa edo arrazoirik. Hori da, hain zuzen ere, zabaltzen jarraitu behar dugun ikasgaia, horixe baita gaur egiten dizuegun omenaldi zentzudunaren arrazoia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.