Terrorismoa: etxean inoiz ez, kanpoan bai

2023ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Covite Terrorismoaren Biktimen Kolektiboak gutun bat igorri zion Bilboko alkate Juan Mari Aburtori (EAJ) 2023ko irailaren 13an. Bertan, bi egun lehenago Zorrotza auzoan Jon Urzelairi egindako omenaldi baten berri ematen zion. Guardia Zibilak tirokatu eta hil zuen ETAko militante hori 1974an, auzoko pisu batean sartzen ari zela. Barnean zenbait guardia zibil zain zituen. Alkateak gutuna jaso eta gutxira, urriaren 2an, Coviteri jakinarazi zion Zorrotzan gertaera haiek oroitarazteko zegoen monolitoa kendua zutela. Azkartasun administratiboa. Alkate bizkorra.

1974a zen, errepresio frankistako urterik gogorrenetakoa. Guardia Zibilak Jon Urzelairi leporatu zion ezen, egun batzuk lehenago, kontrol batean, tiroketa izan ondoren, Bilbon polizia bat hil zuela. Baieztapen polizial sakrosaindua froga bakarra izanik ere, Jon Urzelai ofizialki heriotza haren egiletzat hartu zuten betiko. Horrela nahi zuten, nola edo hala, hari paratutako zelata justifikatu: tiroz hildakoa terrorista arriskutsua zen eta harekin ez zitekeen begiramenik izan. Eta Aburto alkateak men egin zion Coviteri.

Memoria Demokratikoari buruzko Legearen 3. artikuluak, diktaduraren biktimei dagokienak, haien artean deskribatzen ditu gerrilla antifrankistan parte hartu zuten pertsonak, bai eta, laguntzaile gisa, sostengu aktiboa eman ziotenak ere, Errepublikaren defentsan edo demokrazia berreskuratzeko erregimen frankistaren aurka egin zutenak ere. Aitortza berantiarra, hagitz berantiarra, baina erabat beharrezkoa. Gauzak horrela, tenore batean piztia odolzaleak bailiran terrorista hustzat jo zituztenak frankismoaren biktima eta demokraziaren aldeko borrokalaritzat hartzen dira orain.

Frankismoaren aurkako makiak garrantzizko jarduna izan zuen Estatuko zona zabaletan: Leon, Galizia, Andaluzia, Extremadura, Asturias, Kantabria, Aragoi, Levante, hiriko gerrilla Madrilen eta Bartzelonan... Zehazkiago, arrunt aktiboa izan zen 40ko hamarkadan eta 50ekoaren zati handi batean. PCEren hasierako sostengu irmoa —hura makiaren euskarri nagusia izan baitzen urteetan zehar— bukatu zen SESBen estrategiaren aldaketarekin eta 50eko hamarkadan alderdi hark «adiskidetze nazionalaren» politika berria bere egin zuenean. Horrek akabera eman zion ordurako, errepresioa zela eta, hagitz ahuldua zegoen gerrillari. Hondar txiki batzuk gelditu ziren aktibo, bai eta orientabide anarkista zuten zenbait talde ere.

Makiaren jarduna, naziek okupatutako Europan zeuden antzeko taldeena bezala, askotarikoa izan zen: segadak guardia zibilei, bahiketak, lapurretak, sabotajeak, faxisten fusilatzeak, bonba bidezko atentatuak... Erran gabe doa borroka mota hori abandonatu zenean ez zela gogoeta etiko edo moralengatik izan, arrazoi erabat politikoengatik baizik. Eta arrazoi politikoak izan dira ere, orain, ezarritako ahanzturaren 80 urte iragan ondoren, pertsona horiek diktadura frankistaren biktimatzat hartu dituztenak, gorazarre eta ordainaren subjektu bihurtuta. Espero dugu horrela izatea. Orobat espero dugun bezala Jon Urzelai eta bera bezalako aunitz frankismoaren biktimatzat hartuak izatea, begiramen berberaren objektutzat. Ezpal onekoa izatea da.

Berriro ere gerra danborrak ari dira jotzen Palestinan. Egia erran, 1948an Israelgo estatu sionista sortu zutenetik ez dira isildu. Data hori baino lehenago, orduan terroristatzat hartuak ziren taldeek (Irgun...), bonba-eztanda itzelekin eta ingeles eta palestinarren aurkako atentatu bereizi gabeekin, bidea ireki zioten Estatu israeldar teokratiko eta arrazistaren sorrerari. Erresistentzia palestinarra, gutxieneko duintasuna duen edozein herrirena bezala, orduan sortu zen, garbiketa etnikoko politikaren aurka, milaka pertsonaren egoztearen aurka, haien lurren lapurretaren aurka, bai eta gelditu zirenen zokoratzearen aurka ere.

Gaur den egunean, Estatu israeldarrak munduko Guinness marka du NBEk haren aurka hartutako ebazpen orori jaramonik ez egitean: politika anexionista, apartheid erregimena, harresiaren eraikuntza, legez kanpoko kokaguneak, Gazaren blokeatzea... Esparru horretan, Israelgo Gobernuak eta Palestina Askatzeko Erakundeak 1993an izenpetutako Osloko Akordioak suebaki-akordioak baino ez ziren izan, erresistentzia palestinarra kaiolatzea xede zutenak, estatu sionistak lur palestinarrak indarrez kolonizatzeko aurretik zeukan politikari segida ematen zion bitartean.

Netanyahuren gaurko eskuin muturreko gobernuan, Ben Gvir Segurtasun ministroa, judu supremazista eta gutxi batzuk bezain arrazista, harroputz agertu da duen helburuaz, hots, Israel Handia eraikitzea Mediterraneotik Jordaneraino. Harendako Gaza zein Zisjordania mapatik ezabatu beharreko errealitate politikoak dira. Aurten, egun hauetakoak baino lehen, armada eta kolono israeldarrek 243 palestinar hilak zituzten dagoeneko, horietarik 50 adin txikikoak. Hala ere, gatazka palestinar-israeldarrari buruz hitz egiterakoan, NBEk, Europar Batasunak, AEBek, gobernu espainiarrak eta komunikabide nagusiek erabiltzen duten terminologia ofizialak terrorista izenondoa Hamas eta erresistentzia palestinarra aipatzean bakarrik darabil. Baina benetako terrorismoa da hainbat hamarkadatatik hona Estatu sionista israeldarrak gauzatzen duena.

Une hauetan, gatazka belikoaren jokatzaileak oso egoera politiko eta militar desberdinean daudela kontuan hartuta, gobernu israeldarraren eta erresistentzia palestinarraren arteko elkarrizketa eta negoziazioa eskatzea klima aldaketak atzera egin dezan erregutzea bezala da. Aitzitik, egin behar dena da gaurko indar korrelazioa aldatzeko lanari ekitea, Palestinarekin elkartasun finkoa bultzatuz eta Estatu sionista israeldarraren eta bere gobernuaren adierazpen guztiak (diplomatikoa, politikoa, soziala, kulturala, kirolekoa...) boikotatuz.

Gerrilla antifrankista eta erresistentzia palestinarra gauza aunitzetan bat heldu dira. Edo ez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.