Euskara irakaslea

Terminologia ideologikoa aldrebesten

2025eko apirilaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Askotan erabiltzen ditugu kontserbadore eta aurrerakoi bezalako hitzak, baina egiazki ez dugu hausnartzen beren esanahi zehatzari buruz. Eguneroko hizkuntzan, gehiegitan erabiltzen dira tresna ideologiko gisa, iritziak baztertzeko edo norbait goraipatzeko, beren edukia sakon aztertu gabe. Hitz horiek, behinola, neutralak ziren, baina gaur egungo testuinguru politikoan karga emozional handia hartu dute.

Azken urteotako eztabaida publikoek agerian utzi dute hizkuntzaren eta pentsamenduaren arteko loturaren garrantzia. Gure errealitatea hizkuntzaren bidez eraikitzen dugu, eta hitzen esanahi okerrak edo erabilera interesatuek eragina izan dezakete iritzi publikoan. Horregatik, baitezpadakoa da hitz horiek etimologiaren, semantikaren eta historiaren ikuspegitik arakatzea.

Ez da kontu akademikoa soilik, baliagarria izan baitaiteke neurtzeko zer-nolako eragina eduki dezakeen gure gizartean hitzen erabilera zuzenak. Halatan, beharrezkoa da argitzea: zer da kontserbadorea izatea? Zer esan nahi du aurrerakoia izateak? Eta noiz bihurtzen da norbait erreakzionario? Egunero entzuten ditugu termino horiek, baina askotan esanahirik gabeko etiketa besterik ez dira bihurtzen.

Kontserbadore terminoak honako honi egiten dio erreferentzia: statu quo-a atxikitzeko edo bertan kanbiamendu gradual eta zuhur samarrak egiteko joerari. Historikoki, kontserbadoreek, egonkortasun instituzionalaren estakuruan, erreforma apal eta oihartzun handirik gabekoak defendatu dituzte. «Ezerk ez ditzala erregimenaren zimenduak inarrosi, otoi!». Definizio horrekin bat dator PSOE.

Bai, hala da. PSOEko kideek beraiek beren burua aurrerazaletzat duten arren, egiazki, alderdiaren egungo joera kontserbadurismoaren markoan sar genezake erreparo gaberik. «Konstituzioaren edukia eraldatu? Bai, zera!». «Enpresa publikoak sortu, oligopolioetako konpainia sarraskijaleekin lehian aritu daitezen? Larregi eskatzen duzue!». «Justizia-sistema oinarritik eta deblauki mudaraztea? Erotuta gaude, ala?». Statu quo-a mantendu, gehien jota urrats txiki eta kasik sumagaitzak eginez, sistema benaz kontrolatzen duten horiek ez haserrearazteko.

Bestalde, aurrerakoi terminoa dugu. Hain da gorabeheratsua kontzeptu gisa izan duen bilakaera, non, gaur egun, berebiziko saski-naski bihurtu den, anitz helburu ezberdin duten korronte politiko franko barne biltzen dituena. Jatorriz, aurrerakoitasuna beti egon da lotuta justizia sozialarekin eta gizarte berdinzaleagoa erdiesteko ahaleginarekin. Alabaina, azkenaldian, erabat urardotu da haren esanahia hainbat testuingurutan; izan ere, modernotasun terminoaren sinonimo soil gisa enplegatzen dute askok, esaterako PSOEko buruzagiek. «Alderdi modernoa, XXI. mendekoa».

Erretorika elektoralista hutsa. Aurrerakoitasunaren bandera astintzea atsegin dute. Mitinetan soinekoak urratu bidegabekerien kontra. Baina, momentu erabakigarrietan, beste partidu edo talde batzuek benetako aurrerapauso eta abantzamenduak ekarriko dituzten politika iraultzaileak proposatzen dituztenean, sozialistek muzin egiten diete proposamen horiei. «Horrek sistemaren oinarriak astintzea lekarke». «Oreka lortu behar dugu, langileen alde egiteko goikoak ernegarazi gabe». Non gelditzen da hor aurrerakoitasunak funts duen justizia soziala?

Kontraesan perilosa, sozialistek esaten eta benetan egiten dutenaren artean. Are perilosagoa Euskal Autonomia Erkidegoan darabilten diskurtsoa: «Aurrerakoia naiz, baina ez dut onartuko nire udalerrian, lurralde historikoan edo autonomia erkidegoan beste alderdi batek gobernatzea; nahiago dut babesa eman betikoei. Ustelkeria, amigismoa, entxufismoa, bezero-sareak eta zerbitzu publikoen gainbehera tamalgarria ahalbidetu dituen betiko partiduari». Erreproduzitu nahi nituzke Alicia Gimenez Bartlett mantxar idazleak Donde nadie te encuentre lanean izkiriaturiko hitz batzuk: «Gizakiak egin ditzakeen astakeria guztietan, okerrena bere burua engainatzea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.