Teoria eta errealitatea

2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ameslariak gara gazteak definizioz. Utopiazaleak. Errealitateari muzin egin eta bertatik urrun eraikitzen ditugu ametsak, desioak; eta handik ere egituratu geure gizarte perfektuak, gizakien arteko harreman idealak, antolamendu politiko ahalik eta demokratikoenak, eta abar. Pixkanaka, ordea, utopien eta errealitatearen arteko distantzia amiltzen dela ohartzen garenean, errealitatea teoriarekin neurtzetik errealitatetik teoria eraikitzera igarotzen gara, errealitate kolpe ugari jaso ondoren. Amildegi horretatik urrunduz, utopiak dogmatikoki defendatzetik haiek erlatibizatzeko (errealitatera tolesteko, alegia) ahalegina egiten dugu. Batzuk, ordea, utopian geratzen dira. Eta horrela, razionalinski asko ibiltzen da gure parajetan, errealitatea ukatuz haien teoriak errealitatean inposatzeko prest.

Gazteok, buruarekin baino bihotzarekin pentsatzen dugun arren, arrazionalista erradikalak (itsuak) izaten gara edozein arazo (ekonomiko, sozial, generozko… finean, politiko) ebazterako orduan. Beti izan ohi dugu edozein gatazka politikorentzako soluzio teoriko biribila. Problema izaten da, gehienetan teoria mailan biribilak izaten diren soluzioak errealitatean ez dutela inoiz funtzionatzen. Arrazionalismo erradikal horrekin errealitatearekin aurka ematen dugun danbatekoa fulminantea izaten da behin baino gehiagotan. Arazo hori ez da, ordea, gazteon esklusiboa, guztiona baizik.

Arrazionalismo erradikal horren oinarri filosofikoa hau da: teorian balio duen soluzio batek errealitatean balio behar duela pentsatzen da. Kontua da, ordea, teoria mailako baldintzak ez direla errealitateko baldintzen berberak. Adibide batzuk jarriko ditut ilustratzeko.

Filosofian, erlatibismoak jasaten du arrazionalismo itsuaren erasoa. Erlatibismoa kontraesankorra dela esaten da. Hau da, erlatibismoak baldin badio ez dagoela egiarik, esaldiak berak egiazkoa izan nahi duenez, auto-kontradikzioan jausten da, egiarik ez badago esaldia bera ezin daitekeelako egiazkoa izan. Dedukzio razionalista horrekin, erlatibismoaren problema uxatu dela uste izaten da. Afera da, razionalki (adibidez) bi gehi bi lau direla: errealitatean, ostera, bi zapata gehi bi sagar ez dira lau zapata. Hortaz, erlatibismoa razionalki (teorikoki) kontraesankorra izan daitekeen arren, errealitateko elementuak erlatiboak izaten jarraitzen dute. Operazio horrek teorikoki errealitate bat estali baino ez du egiten.

Arrazionalismo erradikal horrek, beraz, teoria mailako baldintzak ezarri nahi dizkio errealitateari. Hegelek esan bezala, «errealitatea ez bada nire sistemara moldatzen, beretzat kalte». Ikuskera hori argiago antzeman daiteke beste adibide batekin. Orain asko errepikatzen da estatu demokratiko batean legea betetzen duen alderdiak legala izan behar duela (teoria mailan). Problema da, egia dela, teoria mailan estatu demokratiko batean legezko izan behar zaren arren, errealitatean 1) Espainia ez da Estatu demokratiko bat, eta, beraz, 2) legea betetzeak ez du bermatzen hauteskundetan egongo zarenik. Beraz, teoria horren predikuak ez du ezertarako balio, ez bada ilegalizazioa probestuko duen alderdi batek bere burua zuritu nahi izateko. Ondorioz, eskubidearen arrazoia erabiltzen da (teoria mailan), errealitatearekin inongo loturarik ez daukanean.

Halaber, eskubidearen arrazoia erabiltzen da subjektu politikoa definitzeko kezka dugunean. Zergatik da nazioa Euskal Herria, eta ez Araba edo Berriz? Ez al dute denek subjektu politiko izateko eskubide bera? Planteatzeak ere ez du zentzurik. Errealitateko baldintzek ez dute lekurik uzten eskubidearen galdera hori mundu honetan erreala izateko. Berriztarrek teoria mailan nazio izateko eskubidea izateak ez du legitimo egiten eskubide baten aldarrikapena. Errealitatean baldintzak egon behar dira eskubide hori gauzatzeko. Orduan, askatasunak ez dizkigu eskubideak ematen (teoria mailan bai, errealitatean ez), kasu honetan subjektu batekkontzientzia izan behar du (borondatea); kontzientziaz gain, noski, beste gauza asko: presioa, organizazioa, subjektu politiko denaren herritarren onarpena… efikazia eta arrakasta. Errealitateko baldintzak ez dauzkan bitartean, eskubidearen errebindikazioa teoria mailako aldarrikapen hutsa da. Beraz, teoriaren baldintzak eta errealitatearenak ez dira berdinak: ezin da teoria mailan zerbait errebindikatu errealitatearen baldintzak kontuan izan gabe. Hots, teorian nik ere munduko abeslaririk onena izateko eskubidea daukat…

Beste adibide bat pazifismoaren predikua litzateke (pazifismoa eta bide pazifikoak ez ditzagun nahastu). Pazifismo instituzionala, lotsagarria izateaz gain, errealitatearekin lotzen ez den prediku santua besterik ez da. Batzuek bakea tresnarik eraginkorrena dela predikatzen dute. Teoria mailan hala nahi izateak, ordea, ez du errealitatean eraginkor bihurtzen (ezta ere biolentzia ez-eraginkor). Errealitateko baldintzek kontrakoa adierazten dute (begira bestela nola hornitzen diren estatu guztiak armez eta ejerzitoz). Teoriak, beraz, ezin dio errealitate horri muzin egin. Bestela, pazifismo horrek norberaren biolentzia ezkutatu baino ez du egiten.

Argi dago, beraz: teorian balio duen zerbaitek praktikan ez badu balio, praktikako baldintzak hartu behar dira kontuan. Mundua transformatzeko, ez da errealitatea hobeto pentsatu behar, baizik eta errealitateko baldintzetatik abiatuta pentsatu. Errealitatea onartzeak ez du esan nahi hura ontzat ematea «moralki» edo politikoki baizik eta, beste gabe, errealitatea aztertzea bertako elementuak aldez aurretik ukatu gabe. Hain zuzen, den bezala onartzen dudalako aldatu nahi dut. Baina bertatik abiatuta analizatu beharko dut, aldaketa nola egin hobekien jakiteko.

Ondorioz, gazteok errealitatea ukatzen duen teorietan murgiltzea normala deritzot, errealitatea berehala aldatzea baita gure xedea. Hori bera bere burua heldutzat daukan Estatu batek eta bere intelligentsiak egitea, ordea, barkaezina da, teoria guzti horiek errealitatea ezkutatzekopredikatzen baititu (eta ez aldatzeko, gazteok bezala): giza eskubideak horien urraketa etengabeak estaltzeko, pazifismoa bere biolentzia nardagarria isiltzeko, demokrazia de factoko faxismoa ezkutatzeko … finean, teoria errealitatea estaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.