Historiaurrean bi harriren talkak lehen txingarrak eragin eta suaren erritual magikoa pizten zuen lez, materialak entzunez eta beraiek eskaintzen ziotenaz jabetuta ondu zuen bere ibilbide eskultorikoa duela ehun urte jaio zen Eduardo Txillida artista donostiarrak. Bazuen arkaikotik naturara errotu nahi hark. Greziarren kultura klasikoan hezitako begiek sendotuak zituzten gure lurretan sustraiak, baina materiaren lanketak, harri, buztin ala burdinen arakatze etengabeak, mundura zabaltzeko ahalmena eskainiko zioten artelan memorableak osatzea ahalbidetu zion. Espazioa eta materia, biak ala biak zituen jomuga eta printzipio maisuak. Elementu pare hori bera izan du ziurrenik Antonio Lauzurika (1964, Miranda de Ebro) konpositoreak buruan Euskadiko Orkestrak bere abonu denboraldian estreinatu duen Chillida-Elogios pieza sortzerako garaian. Nola kondentsatu, ordea, Txillida oso bat musika pieza bakar batean? Erronka ez da, inolaz ere, makala.
Kriterio zuzenari jarraituz, Lauzurikak lau perspektiba desberdin eta osagarri eskaintzen dizkigu bere lanean. Guztia errenkada amaigabean pilatu gabe, testura kontrajarriak tartekatuz, materialtasunaren garrantzia fin ikusarazten digu perkusioaren eta dentsitate orkestralaren eskutik. Nabari zaio bai konpositoreari, esku klasikoa. Txillidak Pariseko galeria ezagunetan mitologiako pertsonaia zizelkatuei so egiten zien gisan, Lauzurikak ere ezagun du idazketa tradizio oso baten semea dela. Carmelo Bernaola, eskultore donostiarraren belaunaldi kidea eta hogeigarren mendeko euskal musikagile esanguratsuenetarikoa, izan zuen irakasle. Teoriaren oinarriek eta teknikaren ezagutzak egunetik egunera balio urriagoa duten merkatu artistikoan, Lauzurikak hortxe jarraitzen du konposizio klaseak eskaintzen. Bada, beraz, aprendizentzat esperantzarik.
Nioen materiaren eta espazioaren baitan sortua izan dela joan den astean hiriburuz hiriburu erakutsi duten pieza. Lau estanpetatik lehenengoan, magma solido baten transformazio etengabeak ortzi-mugaren bilaketa irudikatzen —entzunarazten, nahiago bada— digu. Hirugarren mugimendu erritmikoak, berriz, eskultorea burdinolako kolpe hotsen orkestra zuzentzen imajinatzea ahalbidetzen digu. Hortxe ageri dira nabarmen Txillidaren iruditerian ezinbestekoak diren kontrapuntua, zoriaren kolpe eta giza interbentzioen arteko harmonia, isiltasuna ala guztia blaitzen duen espiritualtasuna. Haize instrumentuek forma iradokitzaileak eskaini zizkiguten horren guztiaren gainean, orraziaren beso hirukoitzak ala grabitazioetan sortu ohi diren kausazko efektu zenbait azaleratuz.
Matiz eta detaile ñimiño ugari, beraz, hamabost minutuko espazio tenporala bereganatzen dituen omenaldi honetan. Sumatu nuen bere aulkian behin eta berriz mugitzen zenik, atsedenaldia musika garaikidearen aurkako diskurtso suntsitzailea zabaltzeko probestu zuenik ere. Galdera sorta neraman bigarren zatia hasterako buruan. Gainontzeko diziplina artistikoei baino gehiago eskatu ohi zaio musikari, garaikidea denean behintzat. Txillidaren eskulturak izan badira, espazioan daude, begi aurrean diraute. Nola ulertu —edo horretan saiatu, behintzat— gure kanon estetikoak hausteaz gain ikusten ez duguna? Arrotza eta begi-bistan hutsala dena? Horretan datza konposizio garaikidearen erronka, zentzumen-errezeptore desberdinak aktibatzean eta entzuleak ezezagunaren labirintoan sartzera bultzatzean.
Lauzurikak topatzen ditu mekanismoak, eszenaratze formalagoa izan zezaketen elementuen laguntzarekin. Obra berak asko irabaziko luke hots sortzailetzat hartzen diren harri, burdina eta txaflanek presentzia beteago bat izango balute lanaren interpretazioan. Ala soinu orkestrala artista omenduaren lanen irudi, grafia eta hitz proiektatuen altzoan burutuko balitzateke. Zerbait, finean, ikusmenetik lagungarria izango zaiona noraezean sentitzen den belarri reggaetonzale eta sarritan nagi horri. Mugak arakatzea eta bilaketa horretan zentzu estetikoa elikatu eta heztea. Txillidaren kolpeen, Lauzurikaren hotsen eta hartzaile guztion taupen motorra.