Tantaka-tantaka... itsasoa

2011ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Euskal Estatu Sozialista, inor ezinbesteko ez denean baina denok hala bagina moduan jokatzen dugunean izango da posible. Asko dira gure herri zahar honen etorkizunaren alde egin dutenak, asko gara horretan ari garenak eta gehiago izango dira ariko direnak. Norbere ametsekin zintzo izan eta irmo eutsi diogu horien aldeko konpromisoari. Horrela egin dugu bidea, mendietatik jaisten diren urak bildu eta euri berrien indar eta bultzadarekin. Horrela iritsiko gara helmugara, milaka errekatxo bihurri itsaso bakarrean nasaitzen diren moduan, apal, geldiezin, herri aske batera. Geroz eta gehiago dira errekastoetara biltzen diren tantoak, geroz eta gehiago garelako herri honen askatasunaren aldeko konpromisoan berresten garenak. Ezin ukatu badirela egarri direnean hodeietara begira geratzen direnak, kanpotik bustitzearekin nahiko izan eta hertzetik begiratzen diotenak errekaren emariari. Milaka gara, ordea, herri zahar honen etorkizuna irabazi ahal izateko antolatzeak daukangarrantziaz jabetu garenak. Atzo han, gaur hemen, eta bihar beharra dagoen lekuan antolatuko gara.

Bista independentzia eta sozialismoan izanik, horrako bidean eraginkorrenak diren olatuetara lotzeko beharra ikusi dugunak asko gara. Bakoitzak hausnartu behar du, lehen moduan, orain eta gero, norberari dagokio urratsa egin eta aurrera egitea.

Ezker Abertzaleak, bere ibilbide luzean erein eta jasotakoari esker, baldintza berriak sortu ditu herri honentzat. Izan ere, egindako lana handia izan da. Irribarre, malko, lagun, kide, ilusio, konpromiso, bizitza proiektuak konpartitu ditugu, eta elkar ulertuta egin diogu aurre ekaitza eta enbatei, eguzkiak asmatu ditugun arte. Hori guztia da iraultzaren iturria, herri berri baterako arnasa,hori guztia eta gehiago da gure herriarenganako maitasuna. Eta oraingoan ere, aurreko testuinguruetan bezala, bakoitzak duen hoberena emateko garaiak dira. Tantaz tanta egiten direlako olatuak, eta olatuz olatu itsasoak. Antolatu gaitezen, beraz, olatuetan eta astindu dezagun Kantauri isuria.

Belaunaldi asko daramagu herria egiten, urte asko daramagu euskal nazioa eraikitzen, esku zabal, sormen eta ilusioz. Urratsez urrats, erronka handiek eskatzen duten eran. Gainontzeko herritarrekin elkarlanean, norbere herri eta auzoetako arazo eta eginkizunetan aritu izan gara gogotsu. Gogor ekin diogu euskal herritar egiten gaituzten zutoinen alde, inurrien moduan, bakoitzaren gogo eta gaitasunak besteenarekin batuta, eztabaidaren bidez konbentzimenduak finkatu eta borrokaren ikuspegi iraultzailean sakondu dugu. Horrela egin dugu aurrera. Eta orain, denok urrats bat haratago egiteko unean gaude. Orain arteko determinazio eta gogo berberarekin herri proiektu nazional eta ezkerrekoaren alde egiteko garaiak dira. Geroz eta hurbilago gaude. Txikitasunetik handitasunerako bide honetan geroz eta gehiago gara ametsetan sinetsi eta herri guztietako bazterrak bustiko dituen euri nekaezina izatea erabaki dugunak.

Gutako bakoitza da garrantzitsua; gutako bakoitzak dauka egunerokoa iraultzeko gaitasuna eta indarra, gutako bakoitza delako herri zahar honetako zati txiki eta eraginkorra. Geure buruaren jabe izan nahi dugula erabaki dugu, nor izan eta geurez antolatuko etxea eraikiko dugula hitzeman dugu, inoiz baino indar handiagoz, sekula baino gogo eta ilusio kutsakorragoaz. Horregatik egiten dugu irribarre, badakigulako zertan ari garen, badakigulako, denok batera, zertarako garen gai. Konpromisoa ikur hartuta etorkizunarekin lotu garelako egiten dugu irribarre, konfiantza dugulako geure buruarengan, herria dugulako buru bihotzetan egiten dugu irribarre.

Indarrak biltzeko garaia da, tantaka-tantaka, bata bestearen bultzadara gehituta uholdea eragiteko unea. Sormen, konpromiso eta kidetasun uholdea, denok batera maite dugun itsaso horretara iristeko. Ez dadila inor bazterrean edota atzera begira geratu. Ezinbesteko bagina moduan jokatu dezagun, gutako bakoitzak bere egin dezala herri honen askatasun osoaren aldeko ahalegina, antolatu gaitezen olatuetan eta borrokatu dezagun etorkizuna. Badago zeregina.

Aurrera eta bidean elkar ikusiko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.