Tantak gehitu, urtarrilaren 11ko itsasoa sortzeko

Amets Martinez eta Jone Galarza
2013ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Azaroaren 9an Tantaz tanta ekimena eta urtarrilaren 11rako prestatzen ari garen mobilizazioa aurkeztu genituen. Ez genuen Gernika aukeratu itsu-itsuan. Gernika gerraren izugarrikerien ikonoa da, eta gaur egun bakearen sinboloa. Eta Astra, arma-lantegi zaharra, herri kulturaren faktoria bat da gaur egun.

Konstatazio baten ondorio da ekimen hau: gizartearen gehiengo handi batek aurrerapausoak eskatzen ditu gatazkaren konponbide prozesurako; gizarteak atzean utzi nahi du sufrimendua, eta bakea nahi du herritar guztientzat. Eta, horretarako, ezinbestekoa da espetxe-politika egoera berriaren zerbitzuan jartzea.

Hala ere, estatuek ez diete heldu nahi gatazkaren ondorioei, gatazka bera bizirik mantentzeko asmoarekin. Giza eskubideak urratzen jarraitzen dute, konponbideei eta bide berriei oztopoak jartzen. Beraz, interes-gatazka larria gertatzen ari da gizartearen eta Espainiako eta Frantziako elite politikoen artean, eta Euskal Herriko klase politikoa ere ez da egoera desblokeatzeko gauza izan orain arte. Horregatik, une zail eta erabakigarri honetan, uste dugu herritarren inplikazioa izugarri garrantzitsua dela balantzak giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldera egin dezan. Eta hori da gure helburua, hain zuzen ere.

Tantaz tanta zer den nabarmendu nahi dugu lehenbizi. Ekimen sozial bat gara, hainbat sektoretako pertsonek osatutako iniziatiba bat, zeregin bakarra duena: urtarrilaren 11n eginen den mobilizazio handia bultzatu eta antolatzea. Beraz, ez gara mugimendu bat, ez erakunde politiko bat, ez zorrotz antolatutako egitura bat. Eta ez dugu ez asmorik ez gaitasunik lehenagoko inongo erakunde ordezkatzeko. Oraingoz, herritarren sare jaioberri bat besterik ez gara, tanta talde bat, baina zainak esaten digu badaudela milaka eta milaka gehiago itsaso bat sortu nahi dutenak, gaurko egoerarekin kezkatuta daudelako eta gauzak aldatu nahi dituztelako.

Horregatik, ekimen honen izaera plurala eta soziala babestu nahi dugu. Proposatzen dugun itsasoa tantek osatzen dute, ez siglek, ez blokeek. Alderdi, sindikatu eta eragile sozial guztien lana errespetatzen dugu, eta denei eskatzen diegu ekimen hau bultzatzeko eta konponbideen alde lan egiteko, baina ez diegu atxikimendurik eskatuko, ez eta mobilizazioaren hasieran deklarazioak egiteko ere. Gizon eta emakumeak bilatzen ditugu, aita-amak, seme-abalak. Zurginak bilatzen ditugu, langabeak, arkitektoak, begiraleak, kirolariak, ikasleak, arrantzaleak, ostalariak, artistak… Tantak bilatzen ditugu.

Euskal preso politikoei ezartzen dizkieten salbuespen neurriak gainditzea da gure erronka, neurri horiek eskubide funtsezkoenak urratzen dituztelako. Sakabanaketaren amaiera nahi dugu, presoa bere gertuengandik eta inguru sozialetik urrundu eta bakartzeaz gain, familiartekoen bizia arriskuan jartzen duelako astero-astero errepidean. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia berehala bete dadila eskatzen dugu. Beharrezkoa da, halaber, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzea, osasunerako eta tratamendu egokia izateko eskubidea bermatzeko, legeak berak hala jasotzen baitu.

Neurri horiek mantentzea eraso bat da presoentzat eta gizarte osoarentzat, gatazka, sufrimendua eta eskubide urraketak luzatzen dituztelako, atzean utzi beharreko egoera luzatzen dutelako. Beraz, oraina eta etorkizuna ditugu jokoan, gure bizitzak eta gure atzetik etorriko direnenak. Ez dugu nahi gure herrian garaileen eta garaituen arteko banaketarik, ez baitugu egiazko bizikidetzarako proiekturik ikusten horretan, batzuek irabazi eta besteek galdu behar badute. Gure itsaso sakonean giza eskubideen errespetua eta herri honen aniztasuna daude, konponbideen beharra eta guztion eta guztiontzako bakea.

Mezu horrekin beteko ditugu Bilboko kaleak. Eta gaurtik aurrera tanta izateko eskatzen dizugu, bustitzeko, ekiteko. Tanta izatea konponbideen aldeko herri harpidetzako kanpaina erraldoi honekin bat egitea da, zure ingurukoekin elikatzea, zure gaitasun bereziez baliatuz.

Aurrerantzean, kanpaina osoa atalez atal azalduz joango gara, eta luze eta zabal hitz egingo dugu tantei buruz. www.tantaztanta.info webguneak tanta izateko aukera ematen dizu, eta datorren urtarrilaren 11ko itsasoari buruzko informazio guztia jasoko duzu bertan.

Tantaz tanta, itsasoa gara. Izan zaitez tanta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.