Lander Majuelo.

Suteak

2017ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Badira amaitzen ez diren suteak. Inoiz hasi, auzo, landa edo begiradak desagerrarazi eta, baretu ordez, guregan esperoan etzaten direnak. Sutea jasotzen dugu ikasten ari garela oraindik, eta hauspotu, besteei aukera bat balitz bezala eskaini, ezer gaizki doanean. Berotzen ditu antzeko larruak, ilunagoak eraso. Are, lanik edo duinik ez bada, beti duzu azalaren goria, zuria, domina bezala zintzilik, itzaletan ibili ez eta urrunagotik etorri langileren bati errua egozteko.

Arrazismoa itzaltzen zaila den sute bat da Alemanian. Berdin kiskaliko du aldiro herrialdea iparretik hegora, ezkutatuko zaizu lerroburuetatik, ageriko da iritzi zintzo gisa. Hasieratik antolatu da politikoki era ezberdinetan, etzan da gizartearen erdian. Baina hor dago, betiere, inor bizirik erretzeko.

Hemen da Alternative für Deutschland (Alemaniarentzako Alternatiba). Etxea sutan dela bada zopa egiten dakienik. Lau urteko bidean, lortu du Europar Parlamentuan, eskualdeko 14 parlamentutan, eta 92 aulkirekin hirugarren indar gisa Bundestagean esertzea. Alderdi ultraeskuindar bat, barne gatazka denak are eskuinerago lerratzen konpontzen dituena. Talde faxista kontrajarri ugariren txapa eta margo berria.

Zer gertatu da tartean, Georgi Zhukov eta lagunek 1945ean oporretara bidali zituztenetik, naziek Alemaniako parlamentuan berriz ere hitza har dezaten? Itzali gabeko sute luzeegi bat. Arrazismo politikoaren eta ultraeskuinaren haria luze ardazten bada ere, 1945 ostean berreraiki ziren bi Alemaniek egin ez zuten, eta bereziki 1990etik aurrera egungo Alemaniak ezinean egin duen auziaren lanketa dira gaur fakturak kobratzen dabiltzanak.

Gerraosteko Mendebaldean ez zen garbiketarik egin. Ekialdeko blokearen aurkako giroan, Nazismoan ardurak izandako herritarrak birgizarteratu ziren, estatuko estrukturetan berriz ere parte hartuz. 1968ko gazteek belaunaldi auzi gisa mahai gainean jarri arte ez zen nazismoa sakon landu. Ekialdeko Alemania gogor desnazifikatu zen, erregimenean ibilitako gehiengoari parte hartze publikoa ukatu eta askotan are ondasunak desjabetuz. Doktrina ofiziala antifaxismoa zela eta arrazismoa gainditutzat jo bazen ere, nazi ohi ugarik parte hartu zuten estatuan eta alderdian. Gazteen artean protesta jarrera gisa azkar zabaltzen ari zen faxismo berritua ez zen ikusi nahi izan.

Harresia bota eta Mendebaldeak Ekialdea ia kolonialki desegin zuenean sortu zen zirta berriz ere, arrazismoa ehizan irten zedin. Atzerritik etorritako langileen aurkako biolentzia orgia bat izan zen 90eko hamarkadan. Ultraeskuinaren antolaketa, zonalde askotan eskaini zigorgabetasuna, polizia eta zerbitzu sekretuen konplizitatea, maila basatietara iritsi ziren. Labankatu zituzten migranteak, bonbaz hil, «gonbidatutako langileentzako» eraiki aterpetxeetan bizirik erre. Auzokide eta polizien begiradapean hartzen zuten su azal ezegokiek.

Biolentzia arrazistaren errautsen sakona. 188 hildako eragin ditu 1990 eta 2017 artean ultraeskuinak Alemanian, kasu gehiago argitzeke daudela. NSU bezalako talde armatu bat migranteak akabatzen ibili da, zerbitzu sekretuetako kolaboratzaile sare baten laguntzaz, 2011 urtera arte. Haizea beti alde duten suak. Alemania batu eta demokratikoaren narrazioa hausten duten inarrak. Arrazismoaren hedadura soziala izugarri zabala da egun.

2015eko errefuxiatuen etorrerak berriz xaxatu zuen biolentzia antolatuaren sugarra, aterpetxeen aurkako 1.077 eraso piztuz. 2016an are gehiago izan ziren, 1.578 eraso. Sute bat duzu auzokide. Harresia erori zenetik, soilik 27 urtetan, ia berrehun hilketa eskaini eta erre usaina sumatu ez. Estatuak ez du lortu ultraeskuina etetea, arrazismoa sozialki ez du gutxitu. Saiakera nagusiak auzokideek edo antifaxistek osatu ekimenek dakartzate.

Erreakzioaren iraultza. Ultraeskuindar zaharrak, politikoki eraberrituta. Arin datoz alderdi nagusiek eragin degradazio soziala probestera. Nazionalismo baztertzaile bat ezberdinen aurka. Lurra zuritu diete azken urteotan, eta ultraeskuina aurkariak baino hobeki egokitu da krisi ekonomikora. Abilak dira guda eremua hedatzen, Gramsci irakurri dute. Modernoki borrokatzen dute modernitatea.

Armeniar poeta batek idatzita utzi zuen, behin, hizkuntza sute bat izaten ahal dela. AfDk irabazi du jada migrazioaren inguruko eztabaida. Egun onartzen da etorrerak ekiditea, mugak azal ilunei ixtea. Alemania eskuinera lerratu da azken hauteskundeetan. Milioika boz jaso ditu AfDk beste alderdietatik, ezkerra barne. Ultraeskuinaren gorakada ulertu behar den bezala egin behar zaio aurre. Jendearen kexak aditu, arrazismoa zuzenean borrokatu. Ekialdeko Alemaniaren desegiteaz, sozialdemokraten politika neoliberalez edo estatu arrazismoaz hitz egin, AfDri normaltasuna ukatzen zaion aldi berean. Sute luzeegia argitu, eta itzali.

Wajdi Mouawadek idatzi Suteak (Incendies) antzezlanak Edipo dakar bueltan Libanoko gerra zibilera. Zure anaia eta aita bera direla aitortzeak sutea hasi baino, ahitzeko bidea dakar. AfDko piromanoak 1933an parlamentua erre zuten nazi berak dira. Aita eta anaia bakar bat. Zukhov itzul dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.