Denok irentsi behar izaten ditugu teleberriak eta era guztietako txutxu-mutxuak, nor ez dago jakitun maiatzeko hauteskundeek eman zutenaz eta uztailekoek emango omen dutenaz, edo, kirolzalea ez izan arren, nork ez daki Alaves Lehen Mailara igo dela edo Tourra Bilbotik abiatu dela. Belen Estebanen begi-zuloak eta Pedrocheren soinekoak ikusi gabekoak ere, gutxi. Baina bada beste informazio mota bat, eta zenbaitentzat interesgarriagoa, Interneten indusketak egin ezean lortu ezin dena. Eta hori adierazpen askatasunaren eta prentsa librearen gizartean bizi garela. Indusketa horietan, beste batzuen artean, Adrian Zelaia agertzen zaigu sarri, informazio eta iritzi txit interesgarriak eskaintzen, atzerriko hedabideetan ia beti, non solaskide oso estimatua den. Hemengoetan nekez, ikusiezin bihurtu baita gureentzat, nahiz eta euskaraz ere jardun, kooperatiba mundutik etorri eta estremistatzat inork ezin jo. Azken batean sozialdemokrazia jator bat proposatzen ari da, egungo egoerara egokitua. Baina badirudi belarriko mina eragiten diela askori haren iritziek.
Interneteko atari horien bidez hiztegi berri bat geureganatzen ari gara:Elite korporatiboak, Vanguard eta BlackRock, Big Pharma, Grand Reset, Davos eta Bilderberg, BRICS eta herrialde emergenteak, eta abar. Alde batera utziko dugu azken hiru urtean askori obsesio bihurtu zaigun gaia, tabu izaten jarraitzen baitu. Baina ezin aipatu gabe utzi zenbait berri: OME Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Batzordeak Osasun Txartel Berdea ezartzea adostu dute batasun guztian. Mundu osoan ezarri nahi dute, jakina. Europako Parlamentuan laster proposatuko omen da, eta ziur asko onartuko. Hala balitz, OMEren esku geratuko litzateke datozen pandemien gestioa. Eta etorri, etorriko omen dira, iturri onetik dakite. Aurrerantzean gobernuek ez lukete erabakimenik izango, denon hobe beharrez, jakina, koordinazioaren eta ongizate orokorraren izenean, noski. Pasaporte berde digitala eskuratuko genuke hiritar bakoitzak, non gure osasun-datu guztiak agertuko diren, ez bakarrik dagoeneko poltsiko gehienetan dabiltzan txertaketenak. Mihi gaiztoek diotenez, hau guztia pasaporte orokorrago baten lehen pausoa besterik ez litzateke izango. Bertan, besteak beste, gure CO2 isuriak agertuko lirateke, zenbat erregai fosil kontsumitu dugun eta dezakegun. Klima aldaketa gelditzeko, bistan da. Hori bideratzeko, diru guztia digitala izango da, diru fisikoa guztiz desagertuko da, gure transakzio guztien pista jarraitu ahal izango dute. Dena jakingo dute gutaz. Orwellek 1984 idatzi zuenean datarekin bakarrik egin zuen huts.
Frogatuta omen dago behien puzkerrek asko kutsatzen dutela, eta horregatik munduko abereak erdira jaitsi behar dira, abeltzainei galarazi egin behar zaie orain arte bezala ekoizten jarraitzea. Haragi artifiziala eta zomorroak dira etorkizuna. Oso gozoak omen dira ondo prestatu ezkero. Bill Gates eta enparauak lurralde zabalak erosten ari dira etorkizuneko elikagai horiei begira. Eta hegazkinen eta jet pribatuen CO2 isuriak aipatzea demagogia hutsa da.
Bitartean, nahiz eta honetaz ez den gure hedabideetan hitz egiten, badirudi iraultza geopolitiko bat abian dela. Mendebaldea orain arteko hegemonia galtzen ari da. Txina-Errusia ardatzaren inguruan ari dira biltzen munduko herrialde asko, Afrika, Asia eta Latinoamerikakoak batez ere. BRICS+ deitzen zaion fenomenoa. Honek ekar ditzakeen ondorioekin, Estatu Batuen kolonia bihurtzen ari den Europan bereziki. Ondorio ekonomiko larriak epe motzera edo erdira, baina baita militarrak ere. Uztailaren 11n eta 12an egingo da Vilniusen, Lituanian, NATOren goi-bilera. Auskalo zer irteten den hortik. Ukrainaren kontraofentsiba famatuak porrot egin ondoren, urduri dabil aliantza atlantikoa, eta nekez onartuko du burua makurtzea. Aditu gehienen ustez, NATO bete-betean sartzea da Mendebaldeak gerra irabazteko duen bide bakarra. Espero dezagun zentzuna nagusitzea, baina eskalada baten alde joko balute, hirugarren mundu gerraren atarian geundeke, eta nuklearra izango da, ziur, horrek denontzat izango dituen ondorioekin.
Gurean badirudi inor ez dela gogoratzen 1986ko erreferendumaz. Euskal Herrian boto emaileen %65ek bozkatu zuten NATOn jarraitzearen aurka. Iritziz aldatu ote dute hain sutsu jokatu zuten alderdi eta politikoak? Behintzat ez da manifestaldirik konbokatzen NATOren edo armak bidaltzearen kontra; eta ezta Gerraren aurka eta negoziazioaren alde edo horrelako lelo bigun eta ekidistanteen babespean ere, noiz eta milaka milioi ateratzen direnean gure poltsikoetatik armak erosteko eta alde bietako soldadu gizajoak heriotzara eramateko.
Kostaldeko gure lagun irudimentsu bati zera entzuten genion azkenaldiko zurrunbiloak hasi baino lehen: «Oraindik gure ilobak gerrara joaten ikusiko ditugu NATOren uniformearekin, eta ez dute jakingo ez nora, ez zergatik eta ez zertara doazen». Ea hurrengo ikusten dudanean «fantasma» deitzen diodan eta ez «profeta».
Osterantzean, dena ondo. Ekonomia motorra letxe doa, hoteletako erreserbak ia %100ean daude eta Realak Hamari Traoré defentsa fitxatu du.
Sumendiaren gainean dantzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu