Euskal Herriko Gazte Feministak-en izenean

Subjektuen estrategikotasunaz

Aitana Davila Zaldua eta Nahia Arnaiz Tebar
2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

Borrokarako tresna da feminismoa. Askorentzat da politizazio nahiz eraldaketarako iturri. Geure buruari galdera berriak egin, erantzunak bilatu zein irtenbide berriak planteatzeko tresna. Deserosotasunak eta talkak sortzekoa. Askapen borroka.

Horrela heldu ginen gutako asko Euskal Herriko Neska* Gazteen mugimendura. Ingurua feminismotik eraldatu nahiak batzen gintuen; Euskal Herrian eraldaketa feminista egikaritzekoak. Hargatik jardun gara ingurua desnormalizatzen, herrietan alternatiba feministak eraikitzen, jai eredua iraultzen... Mugimenduak berak batu gaitu. Alde batetik, elkar ezagutzeko eta boterea ulertzeko balio izan digu; bestetik, boterea lehiatzeko tresnak eskaini dizkigu.

Testuingurua aldatzen joan den heinean, geure buruak berrikusteko nahiz, feminismoak duen potentzial eraldatzailean berretsita, mugimendua bera eraldatzeko beharra dugu. Horregatik heldu da subjektu politikoaren aldaketa ere: Euskal Herriko Neska* Gazteak izatetik Euskal Herriko Gazte Feministak izatera igaro gara.

Bilakaera hori patriarkatua irakurtzeko ikuspegi berritik gauzatu da. Patriarkatuak emakume eta gizon klase sozialak sortzen ditu. Horiek elkarren arteko botere desorekatik eratzen direnez, bata zapaltzailea den artean bestea zapaldua da; zehazki, emakumeak gizonentzat egiten duen lan ez-ordainduak eragiten du desoreka. Ondorioz, neska subjektua problematizatu nahi izan dugu, hein batean, kategoria hau zalantzan jartzea botere-desoreka horri aurre egiteko urrats garrantzitsua baita.

Bide horretan askapen borroka zapaldu eta zapaltzailerik gabeko jendartera heltzeko tresna zaigu. Klase borroka, aldiz, klaserik gabeko, emakumerik eta gizonik gabeko, jendartea erdiesteko lanabesa. Hori dela eta, izena aldatzearekin batera, patriarkatua gainditzeko estrategia politiko berria mahaigaineratu dugu, askapen zein klase borrokari heltzeko subjektu politikoa eraiki nahi dugulako.

Subjektu politikoaren aldaketaz ari gara, beraz, neska* izatetik neska, bollera eta trans izatera igarota. Eraldaketa, ordea, ez da integrazioa bilatzeko zentzuan egina, bollerak eta transak ere mugimendu feministaren parte baitira. Borroka hauetatik datozen planteamendu eta estrategia politikoek eraman gaituzte mugimenduaren izaera birpentsatzera. Izan ere, subjektu politikoak, helmuga jakinetara heltzeko bidean, estrategia baliagarriak garatzeko beharrezkoak dira. Orain arteko ibilbidea ere esanguratsua izan da, mugimendu oso bat artikulatzeko gaitasuna eman baitigu; baina uste dugu bestelako bide batetik jo behar dugula Euskal Herri feminista eraikitzeko.

Beraz, ez. Ez gaitu neska izateak elkartzen, mugimenduaren baitan bagarelako kategoria hori gainditzen dugunak ere. Elkartzen gaituena feminista izatea da, patriarkatua gainditzeko estrategia kolektiboak sortzeko nahia, eta horregatik diogu, hain zuzen, proposamen hau feminista guztiontzat dela baliagarria.

Egongo da aldaketa modu hertsian ulertuko duenik. Hala ere, izendapen hau ez da betierekoa, ez baitugu estrategia estankoetan sinesten. Ez dugu bide-orri zurrunetan sinesten, geure errealitateetatik abiatzen gara. Patriarkatuagatik zapalduak izateak batzen gaitu eta hura gainditu nahiak. Testuinguruak hala eskatzen duenean, eraldatzeko prest gaude. Hasieran esan bezala, feminismoak eman diguna kolektiboki eraldatzeko gaitasuna da eta borroka honek duen potentzialitatean berresten gara. Gora borroka feminista!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.