Hannah Arendtentzat, gizateria gizatasun balioan ezaugarrituko da lehenik; alabaina, egungo gizarte aurreratuetan, mundu digitalaren agerpen disruptiboak ekarri duen eraldaketa bortitzak esandakoa zalantzan jartzen du. Giza bizitzaren alderdi asko, merkatu legearen aginduz, oharkabean, digitalak bihurtu zaizkigu. Gizarte tekno-digitalak giza gaitasuna birsortzeko baldintza sozialen testuingurua erabat aldatu du. Gizarte digitalizazioa munduera globalaren leku guztietara hedatuz joan da, merkatu interesak hala aginduta, eta prozesu horrek bai hezkuntzarako bai sozializaziorako ditugun giza baldintzen subjektibotasun ekoizpena errotik aldatzen du.
Subjektibotasuna diogunean, zera diogu: gizakia, identitatea eta sozializazioari esker, zentzu-ekoizpen etengabean birsortzen da munduan eta giza harremanen bitartez egiten da gizaki, taldekidetasun sentiera eta munduera bere eginda. Izan ere, gizatasun oro giza harremanetan gorpuzturik dago. Gure ustez, hori posible egiten duten sozializazio-baldintza horiek izugarri aldatu ditu egungo gizarte teknokraziak, subjektu teknologikoa/digitala edo teknopertsonak (J. Echeverria, 2020) birsortzeko moldaeran jarrita gaudenez.
Norbere balioen, hezkuntzaren, prestakuntzaren, ezagutzaren, etikaren eta lan praktikaren bidez gizarteratutako subjektutik egungo pantailetako subjektura igaro gara. Mundu birtualaren morroi, datuen ekoizle eta kontsumitzaile nekaezinak gara honezkero. Alabaina, giza izaeraren harremanen higadura gain behera daroan aroan, subjektu gorputz-esperientziarik gabea ugaldu egin da, eta pantailen distirak zelatatzen duen berehalakotasunak bizi gaitu. Subjektu tekno-digitalaren mundua pertsonen arteko lotura zuzenik gabea da: subjektibotasun hutsalen (G. Lipovetsky) gizarte aroan bizi gara.
Egungo gizarte telegidatuetan, hizkuntza eta pentsamendu sakona bazterreko bihurtu ditugu. Egungo gizakiak «mutazioak» jasaten ditu aurrerapen teknologikoekin dituen hartu-emanen ondorioz. Izan ere, funtsean, teknologia da gu aldatzen gaituena. Mundua ulertzeko hitzaren nagusitasuna (gaitasun sinbolikoa) pantailek itotzen dute. Mundu birtualak eragindako harreman higatuen aurrean, «elkarrizketa onen» (M. Sigman) balioa inoiz baino beharrezkoagoa zaigu.
Hitzaren balioa da lehena. Kultur garapena sortu, birsortu eta bultza egiten duen indarra da. Pentsamendua hitzetara ekarriz eta pentsatzeko moduak idatziz. Idazketa pentsatzeko modua bihurtuz. Aldiz, sistema neoliberalak inposatu duen subjektu tekno-digitala merkatu legeari lerratu zaio; haatik, pentsamendu abstraktua (konplexua) problematikoa egin zaigu. Pantailek garaitutako munduan, merkatua bihurtu zaigu bizitzaren benetako ugazaba. Pantailen gizarte telegidatuak inposatu nahi digun gizaki berdinduaren ordaina da.
Hezkuntzaren eremuan pantailen ordaina gutxienez aldebikoa da: alderdi linguistikoari dagokionez, azken urteetan egiaztatzen den diskurtsoaren galera kezkagarria da. Diskurtsoaren gaitasun narratiboaren murrizketa asaldagarria delako. Lehen bi mila hitzek betetako ikaslearen erregistroa seiehun hitzek edo gutxiagok betetzen dute gaur. Maila gramatikalean eskasia eta esamoldeen murrizketa nabarmena da. Pantailaren aurrean egotea, egoera askotan, horma baten aurrean egotea bezalakoa da: komunikazio-itxuraren azpian hutsalkeriaren iruzurra jasaten duen norbanako bakartua dago. Haatik, egun, inoiz baino beharrezkoagoa da eskolaren ezagutza esperientziala eta harremanezkoa sustatzea, bizipenen eta gertakarien bidetik landu beharreko sorkuntzaren kultura behar dugu bizigai eskolan, hala eskatzen digulako bizi dugun aroak.
Arretari eusteko prozesuei dagokionez, arretaren ahultze progresiboa gero eta nabarmenagoa da, baita helduen artean ere. Pantailetan ageri diren estimulu azkar eta aldakorrak arreta etenen eragile dira, arreta zatituz eta desegonkortuz. Era berean, eskola zeregin luzeagoetan eta sakonagoetan arreta gaitasuna murriztuz joan da, ikuskizunaren pantailek lagunduta. Horrek guztiak ikas-trebetasun kognitiboak azalekoagoak bihurtzen ditu.
Michel Desmurget neurozientzietan doktorea Kretino digitalen fabrika liburuan argi mintzo zaigu: Europako iparraldeko herrialdeetan, Danimarkan edo Suedian esaterako, denbora asko daramate honako gaia aztertzen. Herrialde horietako datuei begiratuta, ikusten dugu gaitasun intelektuala nabarmen jaitsi dela, eta hori azaltzen duten arrazoien artean pantailen erabilera dago.
Desmurgetentzat, hizkuntza gaitasuna faktore kritikoa da. Argi dago pantailek eragina dutela adierazpenaren kalterako. Are, mintzatzeko gaitasun gutxiago baldin badugu, ez gara hain gizatiarrak izango, gure berezko ezaugarri diren gauza asko galtzen ari garelako bidenabar; enpatia, esaterako.
Harreman sozialak eta elkarreragin sakona izatea funtsezkoa da gizateriarentzat, eta bereziki gure gazteentzat. Hau da, gizaki batekin pantaila bidez hitz egin eta hura pantaila bidez ikustea edo aurrez aurre ikustea ez dira gauza bera. Hor dago neurria. Subjektu tekno-digitalak oso kontsumitzaile onak izan litezke ultra-kapitalismo digitalaren aroan, baina beldur naiz, Arendten esamoldera itzuliz, ez ote garen hain gizaki izango, gizaki egiten gaituena lapurtu eta gero.