Sua ez da erraz itzaliko

Javier Muñoz eta Edorta Jimenez
2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Luis Irizar hil da. Doluminak sendiari, doluminak gure jendarteari, doluminak kulturaren munduari eta doluminak hala edo nola harekin tratua izan eta seme-alaba sentitu ginenoi. Haren jakintzaz eta adiskidetasunaz, ontasunaz eta apaltasunaz gozatzeko parada izan genuenok lutoz gaude. Gizandi bat joan zaigu, oinordetzan ondare miragarriaz utziz. Ondare horren parte da Comer con Hemingway / Eat with Hemingway / Manger avec Hemingway, 2016ko liburuan egin zigun ekarpena.

Liburua, Javier Muñozek idatzi, taxutu eta argitaratu zuen, Edorta Jimenez aholkulari zuela. Liburuak bidaia bat proposatzen digu, gastronomiak gidaturik, Nafarroa, Euskadi, Errioxa, Aragoi, Iparraldea, Paris eta Madrilen barna, bidean hainbat eta hainbat sukaldariren errezetak eskainiz. Sukaldariok Luisen Sukaldaritza Eskolan ikasitakoak izanik, Luisek berak egin zion sarrera eta gainera, azken orrietan «Hemingway menua» utzi zigun. Lanak saritua izan da, hala etxean nola kanpoan ere, alde horretatik aipagarria izanik 2016ko Euskadi Saria Gastronomiaren arloko libururik hoberenari.

Lan horri esker hura ezagutzeko eta denbora batez harekin tratua izateko zortea izan genuen. Etxeko ateak zabaldu eta horrez gain Donostiako bere leku kutunak erakutsi zizkigun, bidean munduko bazterrik ezustekoenetatik etorritako ikasleak aurkeztuz. Hala ere bere guretzat aberasgarriena Ernest Hemingwayren irudia kulturari, gure herriari zion maitasunari eta, nola ez, bertako gastronomiari lotzeko eman zigun aupada eta laguntza izan ziren.

Luisekin egonda ez zen erraza pentsatzea jenio batekin edota igarle jenial batekin zeundela. Bere bizitzakoak halako soiltasun batez azaltzen baitzituen, ematen zuen bizitzan zehar hartu behar izan zituen erabakiak hartzea eta ibili zituen bideak ibili izana berezkoa izan balitza bezala, eta ez, orokorrean bizitzaz zeukan ikuskeraren eta, batik bat, lanbideaz eta munduaz zeukanaren fruitu. Izan ere izan ziren moduan.

Gaurko gure samina ez da gurea bakarrik, zure galeraz minez diren guztiena baizik. Askorena, alegia. Jakin badakigu, ordea, samina denboraren igaroak leunduko digula eta beste ezeren gainetik zuk, Luis, bizitzaz zeneukan ikuskerarekin geratuko garela. Gastronomia onaren aldeko grina utzi diguzu eta; beti gogoan izango dugu zerorren ahalegina pasio hori sukalde eta sutondo guztietara zabaltzearren, hots, herriari helarazteko. Hori bai, beti ere sorkuntzari eta berrikuntzari emana eta denean eskola sortuz.

Sukaldaritzan Robinson legez hasi zinen hori, jakin ezazu zerorrek orduan piztu zenuen sua ez dela erraz itzaliko. Gure artean bederen.

Zaude zauden horretan, Luis. Bakean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.