Stefan Zweig, idazle vienarra, europar zintzoa izan zen, gizon zibilizatu, kultu, libre eta kosmopolita.Europazale suharra,bere «egiazko aberri» bakartzat eta zibilizazio eredutzat zeukan Europa. Azkenean, Europaren hondamendia ezin jasanda, beren buruaz beste egin zuten berak eta Lotte bere bigarren emazteak Brasilgo Petropolisen («amodioan bat eginik, elkar ez uztea erabaki dugu»). Orain bete dira 70 urte.
Europar kontzientzia sortzen lagundu zuten egileei gorazarre egin zien austriar idazleak Europäische Erbe (Europaren legatua) saiakera bilduman. Europar izaeraren funtsezko ezaugarriak adierazten jakin zuten pentsalari eta idazleak goraipatu zituen kartsutasunez, haien oroitzapenak hilezkor iraun zezan gure kontzientzian. Zweig Europa zatitua berreraikitzen saiatu zen, posible zuen mundu bakarrean, espirituarenean. Erasmo Rotterdamgoa eta Michel de Montaigne izan zituenbidelagun berregite lan horretan. Humanista handi haien bizitza eredugarrien kontakizunean aurkitu zuen aterpea garaiko izugarrikerien aurrean.
XX. mendea hasi eta berehala, Gerra Handia etorri zen, konta ezin ahala hildako egin zituena. Zoritxarreko gudu hura zentzugabekeria hutsa izan zen, inola ere («katastrofe ulertezina izan zen niretzat», adierazi zuen Rudolf Carnapek bere autobiografian). Triskantza lurralde bihurtu zen Europa. Sekula ez ziren nabariago ageri izan hondamenaren ondorioak. Bat-batean zalantzan jarri ziren errealitatearen ikuspegi optimista guztiak, aurrerapenaren ideia arranditsu guztiak, oinarrizko balore etiko guztiak, printzipio goren guztiak. Inoiz ez zen munduaren historian tamaina hartako lurrikara politiko-moralik ikusi.Ezintasunez eta saminez beterik,Europak «burua galdu izana» deitoratu zuen Zweig bakezaleak.
Montaigneri buruzko entsegu bikaina da Zweigen azken lana. Nazismoaren izutik ihesi, Montaigneren ispiluan aurkitu uste izan zuen bere bizialdi gatazkatsuaren isla (haren ispiluan begiratuta, nonbait, hobeki ulertzen zuen bere burua). Antzekotasun nabaria ikusten zuen 1930. urteetako Europaren eta erlijio gerrak gertatu ziren XVI. mendeko Europaren artean. Bere biziera asaldatuan gerraren anabasa bizi izan duenak bakarrik daki zer-nolako kemena behar den «ni» barnekoenari leial irauteko. Horregatik miretsi zituen Zweigek Montaigneren jakituria eta handitasuna. Haren adiskide ordezkaezina bihurtu zen azken urtetan, hain antzekoa izan baitzen haien patua!Montaigneren esperantzak, beharbada, Europaren egunsenti berria iradokitzen zion Zweigi. Etsiak hartu zuelarik, Brasilgo udako hiriburuan, Petropolis lasaian aurkitu zuen aterpea, baina ez sosegua. Goethe, Shakespeare, Tolstoi, Montaigne, Erasmo… irakurtzen igaro zituen azken egunak, zinez idazle handiak bakarrik irakurri behar direlakoan (idazle klasikoen aipuez beteta daude haren Saiakerak).
1933 urtearen eta 1942ko bere buru-hilketaren artean, ZweigLondresen bizi izan zen lehenik, New Yorken gero eta Brasilen azkenik. Jaitsiera geldia izan zen etsipenaren infernuetara: ez herriminarengatik, inguruko ilunpeen aurrean bere artea indargabea zela ulertu zuelako baizik. Humanismo soil-soilik intelektuala eta nagusitasun soil-soilik morala ez dira nahikoa basakeria menderatzeko, garaipena lortzeko. «Bizi osoan inoiz ez dut giza ezintasuna krudelkiago frogatu mundu gertaeren aurrean», adierazi zuen. Izurrite guztietan txarrena den nazionalismoak europar kulturaren lorea pozoitu zuela zioen.
Bere buruaz beste egin aurretik, Zweigek minez idatzi zuen 1914 aurrekomundu galduaz. Lehen Mundu Gerrak eragin zion ondoez sakonaren berri eman zigun bere Die Welt von Gestern (Atzoko mundua) oroitzapen liburuan. Azpititulutik (Europar baten oroitzapenak) azken orrialdeetara, Europa da autobiografia liluragarri honen leitmotiv-a. Tolerantziazko eta elkartasunezko leku baketsu irekia zen Europa Zweigentzat eta atsekabea adierazi zuen «konfiantzazko urte haietan gazte ez zirenengatik.»
Gogora ekartzen digu nola, 1914 baino lehenago, «Lurra guztiena zen. Jende guztia nahi zuen lekura joaten zen eta nahi zuen denbora egoten zen bertan. Ez zen ez baimenik ez autorizaziorik existitzen; 1914 baino lehen Indiara eta Amerikara bidaiatu nuen pasaporterik gabe eta, egia esan, nire bizitzan ez nuen bat bera ikusi inoiz.» Zweig zoriontsu sentitzen zen «ziurtasunaren mundu» hartan. Orain «gure aberri sakratua, Europa», itxaropenez eta ametsez beteriko mundu zaharra, gainbehera etorri da: «nire hizkuntza propioaren unibertsoa hondoratu eginda niretzat eta Europa, nire atxikimendu espiritualaren lekua,suntsitu egin da orobat.» Europako tragediak etsipenera eraman zuen, azkenean.
Stefan Zweigentzat, unibertsaltasun humanistaren molde bat da Europa, baina unibertsal europarraren ikuspegi horrek ez dio eragozten kultur identitate nazionalak aintzat hartzea: Europa, Zweigen arabera, aniztasunaren, pluraltasun linguistikoaren eta itzulpenaren zibilizazioa da. Atzoko mundua-ren hitzaurrean, bere burua «austriar, judu, humanista eta pazifista» gisa definitzen duen Zweigek, beretzat dena galdua dagoela susmatzen du eta «Europako federazio baketsua» —berak deitu zuen bezala— «birrindua» izan dela aitortzen du 1939an.
Entzute handiko idazle arrakastatsua izan zen gerra arteko Europa hartan, eta Literaturako Nobel Saria eman zioten 1929an. Oporraldi hauetan zer hoberik austriar idazle handiaren lanen bat irakurtzea baino? Euskaraz Emakume ezezagun baten gutuna, Xake nobela edota Hogeita lau ordu emakume baten bizitzan aukera dezakegu.
Stefan Zweig, egiazko europarra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu