Sozietate demokratiko sozialki faxistak

2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Demokratikoki inbaditu du Errusiak Ukraina eta demokratikoki gerlan sartu da Ukraina. Demokratikoki dira baliabide naturalak ustiatzen, ondorioz organismo bizidun guztiak aldatzen, merkantzietan eraldatzen eta haien erreprodukzio autonomoa eragozten. Jendea bera, gizakiak ez diren beste animaliekin batera, monopolioen erabateko desjabetze beharretara eta tekno-zientzien alorreko erraldoien arteko lehiara moldatzen doa pixkanaka. Horrek egokitzapen berriak eragiten ditu. Geratzen diren autonomia-espazio eta natura basatiak suntsitzen dira, bai izaki bizidunentzat, bai ekosistementzat.

Berrikuntzaren hondorik gabeko zurrunbiloak suntsipen sistema erreproduzitzen du, baliabide guztien agortzea eragiten du, gaixotzen gaituen ingurune ezberdinen kutsadura atzeraezina, gatazka gero eta bortitzagoak eta odoltsuagoak aktibatzen ditu, eta zigorrik gabeko genozidioak bultzatzen ditu.

Manera interesatuan errudun bakarra seinalatzen digute, «klima aldaketa», hori gizarte industrialaren ondorioa dela ezkutatuz. Egungo ustiapen-mekanismoak inposatzen diren abiadura ikusirik, bizitza eta habitat menpegabetik geratzen den apurra ezinbestez suntsitzen dira. Dominazioaren behin betiko zentralizazio planetarioa etetea beharrezkoa da. Bestela, etorkizun hurbilean bizitza autonomoaren eta askatasunean oinarritu bizikidetzaren xantza guztiak betirako desagertzen ikusiko ditugu, berezko ezaugarri historiko-kulturalen deserrotzearen eta desjabetzearen ondorioz. Euskal Herrietan, euskara, imajinario kolektiboan oraindik bizirik dauden komunitate eta berdintasunezko antolakuntza moldeak eta abar aipagai ditugu. Ez dago alternatiba demokratikorik.

Nork ez du ikusten demokraziak tranpa bat duela? Argi baino argiago dago eskubide politikoen berdintasunean baizik ez duela arreta jartzen, botoa emateko eskubidea bermatuz eta ez beti. Oinarrizko desberdintasun politikoa sasi-berdintasuna bihurtu zen, demokrazia deiturikoan. Dena den, desberdintasun sozialak eta aberastasunaren banaketa ezak posible egin izan dute gaur arte batzuk esplotatzaileak diren eta beste batzuk gehiengo zabala esplotatuak garen mundua. Horren guztiaren bermatzaileak Estatua eta haren botere legegile, betearazle eta judizialaren monopolioa dira. Sistema hau berezko, kontrolik gabeko guztia eta are gehiago, arriskutsutzat jotzen diren erresistentzia guztiak baliogabetzen dituzten dinamika zentralizatzaileetan oinarritzen da. Ez dugu biktimizazioaren ideologian sinisten, honek baitio Estatua dela denen erantzulea. Inperio handiak ez dira errepresioaren gainean eraikitzen bakarrik, baizik eta jendetzaren onespenaren gainean ere, hau unean uneko diktadorearen txalotzaile izanki.

Nondik datorkigu ote lanaren estimua? Estatu-Kapitalaren ehunak langile klasean benetako kultura zabaldu zuela ikusten dugu. Halako mundu-ordena bat sortu du non guzti-guztia lanaren inguruan dabilen giza bizitzarako ezinbesteko guztiaren tresna eta ekoizpen-leku gisa, bizitzaren zentraltasun gisa. Horren barne daude ere ezagutza, pertsonen arteko harremanak eta pertsonek Naturarekin duten harremana, azken hau espazio-objektu agortezin gisa ulerturik. Horrela, gizakiaren bizitzaren izateko arrazoia zatikaturik dago lan denboran, denbora librean eta atseden denboran.

Ezerk ez dio ihes egiten lanaren bidezko munduaren erregulazioari, betiere Kapitalaren eta Estatuaren unean uneko beharrei erantzuten badie. Horrela, bizitzaren osotasuna ekoizpen-fluxuen arabera aldatzen den funtzio bakar batera murrizten da. Gizarte-antolakuntza hori hainbeste barneratu da inkontziente kolektiboan eta jendeen bizitzaren kontzepzioan, non gure pentsatzeko eta jokatzeko era egituratzea lortu duen. Jakintza unibertsal guztia jendearen domestikatzearen zerbitzura jartzea lortu du, lanaren ondorioz sorturiko jendartetik kanpoko beste bizimodu bati pentsatzea ere ezinezko bilakatuz.

Bide demokratikoak agortu behar direla, lanpostuen sorreran edo mantentzean eragin dezakeela eta beste, horrelakorik argudiatu ohi da kapitalistei eta haien proiektuei buru egiteko orduan. Baina haien kontra hala nola ingurumena suntsitzen duten proiektuen edo gerrako armak ekoizten dituzten arduradunei hauek zein diren ere adibidez, Reala bezalako euskal futbol talde bateko presidenteari behar den indar guztiaz aurkakotasunik ez erakusteak suntsipen etasarraskien beharrezko kolaboratzaile bihurtzen gaituzte.

Eta derragun, bidenabar, ez dugula zapalduen defendatzaile gisa edo ezein klase sozialen alde jokatu beharrik. Geure buruaren alde borrokatzeaz ari gara, errebelde bakoitza subjektu iraultzailea baita beti lehen pertsonan hitz egiten duen iraultzaren baitan, honek kolektiboki eraikitzen duela autonomia bila dabilen gutasun bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.