Sozialdemokrazia biziberritzeko bide orriak

Jone Martinez Palacios
2017ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Europako gizarte industrialaren egituraketarekin batera, alderdi politikoek berebiziko rola hartu zuten demokrazia ordezkagarri garaikideetan. Alderdiak herritarren parte-hartzea bideratzeko kanal nagusitzat hartu ziren. Honenbestez, alderdirik gabeko demokrazia egotearen ideia baztertu zen. Hala, Weberrek egitura hauen sozializaziorako potentzialitatea azpimarratu zuen. Duvergerrek, bere aldetik, komunitate bateko kideen nahiak antolatzeko aktore estrategikotzat zituen. Carole Patemanek, ordea, argi ikusi zuen demokraziaren dimentsio parte-hartzailea diseinatzerako garaian egitura hauei gehiegizko pisua emateak, gizarteen dominazio matrizeen erreprodukzioa finkatzea zekarrela. Alderdiak gutxiengoaren elite zuri maskulino eta heterosexual baten bizi esperientzian oinarrituta sortutako artefaktuak badira, proiektatuko duten partaidetzaren irudikeriak, hein handi batean, posizio sozial horietan kokatzen diren kideen habitus-etan oinarrituko dira. Kritikak-kritika, alderdi politikoen dentsitatea eta hauen barne antolaketarako moduak demokraziaren eta boterearen kudeaketaren gardentasun-kalitate indize guztien adierazle bihurtu dira.

Zer gertatzen da, ordea, demokratizaziorako tresnatzat hartu izan dena krisian agertzen denean? Herritarren konfiantza politikoa irabazteko konponketak behar direla. Militanteen eta eliteen, edo orokorrean, herritarren eta elite politikoen arteko aldea estutzeko konponketa hauek bi izaera nagusi izan ahal dituzte, gutxienez. Alde batetik, alderdien beraien indarra mantentzera bideratuta daudenak (hauteskunde primarioak, edo alderdien botere exekutiboa mantentzera bideratuta dauden arau juridikoak, besteak beste). Beste alde batetik, alderdien zentralitatea des-irudikatu nahi dutenak, kasu, Emmanuele Macronen alderdi gabeko estrategia politikoa edota Donald Trumpen «no policies, only stated goals» bidea. Frantziarekin eta AEBekin alderatuta, Estatu espainiarrean, lehenengo bidea hartu denaren ebidentzia asko ematen digu errealitate soziologikoak.

Udaberriro CIS-eko (Centro de Investigaciones Sociologicas) iritzi barometroek kezka kartografia berdinak azalarazten dituzte. 2012tik 2017ra arte, langabezia, ustelkeria politikoa, arazo ekonomikoak eta alderdi politikoak agertzen dira Estatu espainiarrak dituen arazo nagusien artean (begiratu, 2951;2993; 3033; 3104; 3134 eta 3170 ikerketak, besteak beste). Indar politiko berrien sorrerarekin —Podemos, Ciudadanos— Espainiako Alderdi Sozialistak bereziki pairatu du, «iritzi publikoak» adierazten duen egitura politikoekiko apatia. Hori dela eta, herritarren partaidetza sustatzearen argudioa erabilita, maiatzaren 21ean, igandearekin, Pedro Sanchezek, Susana Diazek eta Patxi Lopezek hilabetez mantendutako marko interpretatiboen konfrontazioari puntu eta jarrai ipini zioten.

Horrela, PSOEren kasuan, hauteskunde primarioak ez dute bakarrik agenda mediatikoak bideratzeko balio izan, edota lidergo politiko desberdinen arteko konpetentzia irudikatzeko, kapital sozial eta karisma indizeek duten inportantzia mahai-gaineratuz. Primarioak balio izan dute Espainiako herritar batzuk (alderdi sozialistara afiliatuta daudenak eta sozialistatzat dutenak euren burua) sozialdemokrazia espainiarrak hartu behar duen norabidea zein den publiko egiteko. Zentzu horretan, hiru hautagaien programak aztertuta, argi ikusten da sozialdemokraziarako hiru proiektu desberdin gatazkan zirela igandean: batasunarena (Patxi Lopez), berritasunarena (Pedro Sanchez) eta benetakoarena (Susana Diaz).

Lopezek batasunaren marko interpretatiboa mobilizatu du Alderdi sozialista batzeko 100 arrazoi baino gehiago izeneko bere programan, zeinaren erronka «alderdi sozialista batzea eta indartzea» izan den. Alegia, alderdien krisiari alderdi gehiagorekin erantzun nahi zion. Gobernu publiko berriaren indartzea (Irekia bezalako tresnekin, besteak beste) eta alderdi ez fragmentatu baten aldeko apustua izan da Portugaleteko hautagaiarena. Sanchezek, ordea, Bai-k, baietz esan nahi du. Sozialdemokrazia berri baten alde izeneko bere proiektuan berrikuntzaren markoa mobilizatu izan du. Sozialdemokrazia genuino honetan demokraziaren demokratizaziorako tresna «zaharrak» sakontzea proposatzen du, izaera deliberatiboa duen demokrazia bat irudikatuz (herritarren galdera parlamentarioak sustatu, ILPen prozedimenduak erraztu edo accountabily-rako mekanismo berriak indartu). Bukatzeko, Susana Diazek Etorkizunerako proposamen bat, alderdi sozialista %100ean proiektuarekin benetakoa denaren markoa mobilizatu du. Diazek berebiziko garrantzia eman die alderdiek bideratutako sakontze demokratikoei, hauen barne demokrazia bermatzeko neurriak proposatuz. Apatia usatu, integritatearen bidez.

%99,23a zenbatuta, gaur badakigu, alderdi sozialistara afiliatuta dagoenak aukeratu duen markoa zein den: berritasunarena. Sanchez PSOEko buru da igandetik, bozen %50,21a jasota. Honek ez du esan nahi hurrengo Estatuko hauteskundeetan marko hori inposatuko denik (bi prozesu primario falta ditu PSOEk: bata, hauteskundeetarako hautagaia aukeratzeko; bestea, alderdiko burua aukeratzeko. Helburua: agenda mediatikoa inbaditu, herritarren apatia borrokatu, berdin dio); bai esan nahi du, ordea, hurrengo hilabeteetan Espainiako alor politikoan «sozialdemokrazia berriaren» diskurtsoak itzuliko direla. Ikusiko dugu zer berritasun izango duen Granadako Deklarazioan oinarritzen den dibertsitatearen kudeaketaren estrategiak, «dibertsitatea baztertzen ez duena, eta nazio espainolaren batasuna indartzen duena». Ikusiko dugu nola gorpuzten den berrikuntzaren markoa, hots, «bestea», erradikalki desberdinaren markoa, «herri espainolaren subiranotasuna gordetzen duen, erreforma konstituzional federal batekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.